202 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

despedida

Leihotik begiratzeko egunak dira, berunezko denbora eskutan hartu eta joaten uztekoak. Bizikleta zaharren kateak nola bizirauten duten ikustekoak.

Itsas-bazterretik zoazela euri langarrak jertse txanoduna bustitzen duenean herriko soinuak entzuten dituzu, eguzki hilabeteetan ezkutatuta egon diren soinu berberak. Halako izaera hartzen baitu agorrilaren ondorenak etxean arrotz sentiarazi zaituen urtaroaren despedidan.

2010-09-16 19:48:05 (bizhitz)

lurperatu

Zergatik ukatu egia, badakigu jaiegun batean hil zela.

Mugarri horretan hasi ginen konturatzen gudak denbora geldian lurperatu behar genituela.

2010-09-12 14:04:56 (bizhitz)

ikuttu

esku txiki
bihotz haundi

odoletik edan

eskua heldu eta
bihotza ikuttu

2010-09-08 19:57:35 (bizhitz, neurtitz)

eten

Hilabeteak dira hitzik egiten ez didazula. Hilabeteak dira sokaren itzala agertzen ikusi nuela.

Saiatu nintzen hau guztia ertz batetik begiratzen, artean jakin gabe nolakoak ziren denboraren malkar luze haiek.

Kale hutsetan barrena zure perfumea usain dezaket. Galdutako begiradetan ikusten zaitut. Ezker eskuz egindako keinuen nortasunak salatzen zaitu.

Urrutira sumatu zaitut eta begira geratu zara. Ez duzu kolorerik ikusi haize kamutsean. Agerian utzi duzu nekatu zarela eta jarduna eten duzula.

Garaia da tentuz demostratzeko ertz honetan ametsak ezin direla akatu.

2010-09-06 12:10:08 (bizhitz)

total

Izena ere ez zioten elkarri galdetu. Total, definituko luke bateren batek eszena hasperen laburrez.

Total, azken muxuaren ondotik zakurraren putza bezala desagertuko baita bakoitza bere auzi aldrebesetan. Erlojuaren tik-tak hotsak ere berdin-berdin jarraituko du, ez du moteldu edo azkartzeko dardarizorik egingo.

Beste behin mozkorraren atzaparrak ekintzak justifikatuko balitu bezala zirudien. Aldiro errepikatzen diren antzezlanak baitira gauerditik aurrerako muxu infiltratuak.

2010-08-20 00:32:47 (bizhitz)

laranja

Laranja erdi batek zerua zulatzen du lotsati; kostako bidetik goizari forma ematera datorren goritasun epela da.

Belarrira gerturatu eta errepikatu dizut uraren ertzetik datorrena laranja erdi bat dela, apur bat bareago sumatzen dena agian.

Azido zitrikoz zipriztinduta sentitzen da itsasoa orain eta tragoak garratzak izan arren zu nire laguna zara.

2010-08-10 00:46:15 (bizhitz)

roxa

Irudipenak hori besterik ez dira, irudipenak. Nola adierazi erdi-daltoniko bati roxa eta morea, tartean zubia izanda ere, irla diferentetan bizi direla?

Baina daltoniko izatea ez da ezinbesteko baldintza bereizten ez jakiteko. Askotan etzaten baikara roxa koloreko linboan, eskuetara heltzen ez diren besoak besarkatuz agian, imajinaziozko irudipenei segida emanez beharbada.

Roxa guztiak ere ez dira irla berdinetan bizi. Are gehiago: irla berdinetako roxek aukera handiak dituzte petalo ezberdinetan lo egiteko.

Beraz, kolore bakarraren bila ari bagara, litekeena da petalotik petalorako bidezidorretan galdu eta zerutik etorritako zapla batek lurrera eraistea.

Bistakoa denez, roxa kolorea gauza errazen metafora gisa bataiatu zuenak ez zituen hauek guztiak kontuan hartu. Geuk ere ez akaso; horregatik sufritzen ditugu hezur-haragitan ordurik lausoenetan.

2010-07-23 21:57:32 (bizhitz, erretratuetan)

itxoiten

Abioiari itxoiten, billetearen atzeko partean poema labur bat topatu dut, ezohiko tokian beharbada, baten batek eraginda akaso.

Zer da geografia
mapan puntu batetik besterako distantzia soila
ala
urruti nahiz gertu,
gure artean marrazten ditugunak?

Non zehazten da
mapetako ertzek hartzen duten pisua?

Erantzunak beti
galderen ondotik al datoz?

2010-07-12 00:27:50 (bizhitz, neurtitz)

pasaporte

Bihotzaren aduanan bisitaren zergatiak azaltzea zaila da. Geurea ez den herrialde bateko pasaporteak ez du balio; gutxi dakite taupadek gezurraren inguruan. Milaka begi oinatz baten atzetik dabiltza, gogor heltzeko esanaz eta makal hiltzen dira erreka ttikiak itsaso zabalarekin bat egiten duenean bezala. Zure begiek egiaren lanbroetara begiratzen besterik ez baitakite gauaren ilun alderantzizko honetan.

2010-07-09 07:56:12 (bizhitz)

gaupasa

Lo hartu ezinezko udako gauak beti dira agobianteak. Bueltaka ibiltzera derrigortzen zaituzte inora ez heltzeko.

Gau bero hartan hotz zenuela zirudien ordea, inora barik nigana heldu baitzinen. Hegan inguratu zinen tabernako berotik mingainaren gogora, azalaren berora.

Eguna argitzen ikusi genuen gero, kostako lehenengo langileen hotsen artean. Hondarrez estalitako panpinak ginen, mendebaleko azentuz nekatu gabe hizketan.

Isil-gordean neukan baina ni ere hegan desagertuko nintzela, halabeharrez. Gauzak horrela suertatu zirela eta ez zeukala erremediorik errepikatu nuen neure baitan.

Etxerako bidean betiko hausnarketa piztu zitzaidan: orain ere bueltaka eta inora iritsi gabe. Ondoloin isil batekin agurtu nuen gaupasa.

2010-07-05 23:43:25 (bizhitz)