193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

etxe

Kanpora joatea erabaki nuen momentuan hautsi zen idatzita geratu ziren hitzen logika biurria.

Etxean bezala sentituko nintzela banekien. Etxeko zapatiletan ibiliko nintzela kale kantoi batetik bestera, izan euri ala eguzki.

Eta etxean bezala, han, lasaitasun ezak ez zidan agurrik esango. Ez zen nitaz despedituko, unibertsitaterako bidean jarraituko zidan, erosketen aholkulari izango nuen, erabakien tontorrean geratuko zen, azken finean.

Bisitatxo bat egingo zenidala hitz eman zenidan. Bien bitartean, etxeko suaren epela mantenduko nuela agindu nizun. Eta iristen zinenean, hortxe pasako genituen orduak solasean, afal ondorenean batez ere. Horrela jarraituko genuen suak lo hartu arte. Hortxe erreko ziren kezkak eta segurtasunaren patxadan bilduta utziko ninduzun.

Horixe baita amestea, lortu gabekoen segurtasun ezaz gozatzea, hauen gaineko istorioak asmatzea eta istorio hauek geure egin eta sinistea.

Eta gero datoz hasperenak. Baina, inoiz gozorik jaso nahi bada, pazientziaren gazia eusten jakin behar da hemendik urrun eta handik hurbil dabilen denboran.

2009-09-21 00:37:23 (bizhitz)

premonizio

Argia bide ertzean piztuta agertu zaizu eta tximistak gorputza hartu dizu momentuko dardarizo inprobisatuan.

«Tengo una premonición», esan zizun izebak gabon zahar hartan, artean bizirik zela.

Eguerdian, izeba hego mendebaleko leihotik sartzen sentitu duzunean ez duzu ilunabarrean hitz egingo zizunik espero.

Eta horrela egin duzu etxerako bidea, zorioneko sorpresak hartuta, pozaren kurbak sabelean bilduta, negar-malkoa begiaren ertzean ezkutatuta.

2009-08-27 20:12:28 (bizhitz)

kriseilu

Taupadek abiada galdu duten honetan, zerura begiratu eta ispilu grisarekin egiten duk topo. Ez zegok argi-malkorik han goiko horman. Kriseiluaren epelak argiztatzen dizkik lo hartu aurreko minutuak, isilik eta hiri begira, airearen dantza lokartian.

Gauero errepikatzen diren doinuak erreta, kortina baten antzera ezkutatzen hauen kearen artetik noiz irtengo zain.

2009-08-25 22:51:30 (bizhitz)

arantza

Lanbro artean esnatu naiz, norbaitek jipoitu banindu bezala, eta eszeptikotasunez blai sentitu dut neure burua.

Isilik eta geldo datorren tanta bakoitzak uzten du arrastoa denboraren lozorro amaigabean.

Asmoen gisara bueltatu zaizkit: hau edo hura egingo genuela esan eta, bete gabeko arantzen modura.

2009-08-10 22:34:40 (bizhitz)

krema

Krema usainduta etorri zitzaidan zure presentzia gogora. Harroketan egon ginenekoa irudikatu dut zehazki, ez besteen gainetik arratsalde politta izan zelako, krema eman nizulako baizik.

Eta krema izaten da gauza bat zuria, orri idatzi gabeak bezala, eta kremarekin eskuak irristatzen dira bizkarrean, presarik gabe apenas, bereziki zure bizkarrean. Baina une horretan eskuak ez ezik hitzak irristatzen zitzaizkidan zure azaletik, ilusio eta esker onez beteak, zu bezalakoak, halabeharrez.

2009-06-23 23:07:52 (bizhitz)

txokolate (eta II)

Epel dago eguna, baina lanbroaren bustiak mehatxatuta. Horrelakoetan inebitablea izaten da txokolate beroaz oroitzea, halako egun makalak baitira seinalatuak txokolate beroa hartzeko.

Ez da besterik: uzta jasotzea bezala da, baina ereindakoa jaso ordez, datorrenaren naturala onartuz.

Ezin izan dut inebitablea ebitatu eta gozoaren bikoitza saihestu: momentuan bertan gonbidatu zaitut ondoko kafeterira.

2009-06-21 20:16:39 (bizhitz)

txokolate (I)

Txokolate beroaren usaina etorri zait hiriko kaleetan paseoan nindoala.

Mingaina, goxoa, ezpaina, beroa, larrua.

Usainak bildu nau zurera, gozoak pozoitu nau atzera.

2009-06-19 23:52:25 (bizhitz)

tximinia

Bihotza uzkurtzen denean ez dago esplikazio ez eta ihesbiderik. Zer zen hura, iturritik ez zetorren ura, ezpal ezezaguneko zura.

Mozkorren teatroko pasadizo oroitezinak dira, elkarren ondoan kateatuta dauden memoriako zuloak.

Eta barre-algarak, txorakerien arteko testigantzak. Begirada galduta, zapatilak bustita.

Jaiki bezain pronto, galderak dira, buruko-min bihurtu aurretik ate-joka, eta kea, tximiniatik gora.

2009-05-22 15:07:21 (bizhitz)

keinu

Antzokiko publikora desbideratu zait mira. Barreak, oihuak, txistuak, komentarioak ahapeka.

Hainbesteren artean, pertsona bat ikusi dut. Haren posturak deitu dit atentzioa, gorputza erdi-etzanda, besoak titien azpitik gurutzatuta.

Ez naiz aurpegia ikustera iritsi, baina, memoriak zu zarela esan dit, hori sinestarazi dit behinik behin.

Eta ze zitala den [memoria], klaro: koadro bat pintatu dit eta, bertan zeunden zu, edo zure keinuak, edo zu eta zure keinuak. Baina ni, ez.

2009-03-26 22:47:18 (bizhitz)

engranaje

Lo hartzekotan nengoen. Ez ziren betiko hitzak izan. Buruak behin eta berriro errepikatzen zidan segida. Eta itzarri, berriro. Biolin hotsa duen soinu hori buruan. Balkoitik botatzear den gizonaren testigantza. Haize hotzaren dilinda pertsianan. Bigarren pisuko telebista piztuta: you will see the most powerful explossion ever witnessed by the human eyes. Zerbeza lata hutsak imajinatu ditut lurrean botata. Zientziak huts egin digu eta bizitzaren mugimenduak neurtzen ditugu engranaje batek huts egiten duenean.

2009-03-09 23:23:10 (bizhitz)