marko
Amets horietako batean, dendara joan haiz behinola jasotako argazkiarentzako marko bila. Bila eta bila, gustokorik ez duk aurkitu eta esku artean ezer barik irten haiz dendatik.
Etxe zaharreko erretratua inguratzen zianarekin akordatu haiz behin eta berriro, ezin duk burutik kendu. Hura bai gustokoa, argazkiaren bildura paregabea. Eta segurtasunez hari begira pasatako orduetan ere gelditu zaik gogoa halaber: esnatze berrietako lehen argi-izpien pean, kaleko buelta egin osteko agurrak.
Baina apurtu zuan —bostgarrengotik antzeztutako suizidioan—, eta ez daukak haren itzalera helduko denik; ikaraz antzeko etiketa har dezaketenak, sobera.
Horregatik, merezi adinako babesik ez zeukanez, eta argazkiaren esanahi intimoa gordetze aldera, erabaki duk fotoa bere jatorrira bueltatzea, partekatutako deriban gogoz lagatako amaren besoetara.
Denboran zehar burutik pasatakoak paperean jartzeko garaia dela sentitu duk. Karta luze joango duk, hutsuneen sakoneraren tamainan, gutxienik ere.