irail
eguzkia sartzen nire oroimenean
euriak uda darama
inoiz itzuliko ez den denboraren emarian[...]
uda joan da
dena galdu dut
badator ilunabarra
eta orduan gogoratzen dut
eguzkia sartzen nire oroimenean
euriak uda darama
inoiz itzuliko ez den denboraren emarian[...]
uda joan da
dena galdu dut
badator ilunabarra
eta orduan gogoratzen dut
Lainoek hartu dute hiria gaur. Burdinbideen urruneko aldean eguzkia sartzen azaldu da. Zubiaren azpitik pasa den trenak argia islatu du.
Sade-ren doinuak sukaldean. Badirudi uda agur esatera etorri dela: egunen mozte progresibo hori ez da ba "it hit me like a slow bullet" literala izango?
Pentsatu dut hamar-hamaika urte izango direla jada. Mezkal botila ekarri nien oporretatik eta ostegun gau batean zurrupatu genuen beste lagunekin batera.
Ostiraleko ajeak ez du beldurrik ematen, "but you're gonna need a bulletproof soul". Urte hauetan guztietan pistola gorantz apuntatuta zegoen, eta orain bala beherantz dator zuloa egitera.
Taupadak pixkanaka itzaltzen joan dira eta hiru urteko umeak ere nabaritu du hori. Gertatutakoa azaltzen saiatu da, baina ez du esandakoa ulertzen. Irribarre inuzente kaltegabe batek apaintzen du bere muturra.
Osaba inguratu da. Esplikatu du nola orduko hartan niri buruz hizketan jardun zitzaion, interjekzioka –hark usu zuen tankeran–, agerian utziz bisita egin niola, kainabera bat eginda nengoela, eta abar.
Beheko haizeak jotzen du, aspaldiko partez zirimiria ari du eta albozka dator.
Eklipse totala gainera datorkigu: herriak ohiturak igeltsuan zizelkatzen ditu eta gero poliespanez tapatzen, hutsuneak betetzeko poliuretanozko apar-itsasgarria erabilita.
Hatz erakuslea altxata marmolezko begiradaz esana zuen ez genukeela sinistuko zenbat aldatu den bizitza urte hauetan guztietan.
Ilunabarra beroa da, euri-tantek ukitu gaituzte, adio eginez bezala, ez da ekaitzik lehertu baina. Eguzkia auskaldeko eraikinetan islatu da aldi berean, ostadarrik gabe bistan.
Gero, etxeko ilunean lanpara piztu eta amona mantangorria etorri da gainera. Eskuan pausarazi eta behatzen artean zangalatrau aritu da. Hark badaki zertan dabilen eta ziurtatu nahi izan du nik ere badakidala. Gero, hegoak zabaldu, astindu eta joan egin da.
Just dragonflies
Fantasize
No one gets hurtYou′ve done nothing wrong
Slide your hand
Jump off the end
The water's clear and innocent
berandu hasi da eguna
azala beltzaran
igandeetako arropa
alkandorak leun eta zuri
gurutzeak soinean
kanpai-hotsa eguerdian
ostia-ebakinen poltsak
abanikoak kioskoan salgai
loteria postuak kale-izkinetan
ur hotza, euro bat
eraikin masiboak
egurrezko ate erraldoiak
esku formarko aldabak zintzilik
gogor jo dute
zizelkatu dute
historia harrizkoa da
historia aingura da
berunezko kate lodiek lotuta
egunerokotasuna itzali da
odola dario
fetua galdu du amak eta
itota ikusi du bere burua
egunak badoaz
dzanga-dzanga
pozoindutako ametsak
plastikozko edalontzietatik edanez
Gogotik ari du euria hirian, ezin da jakin nondik joko duen baina albozka dator diagonalean. Tximistak jo eta segundo erdi gelditu da denbora.
Aireportura sartu da eta telefonoak jo dio. Bi minutu barru deituko duela atzera; eskuko maleten kontrola eta zera hori dena.
"Tío", hasi da, "yo a esa tía le gusto". Pianoak jotzen du areto nagusian amaigabe; zenbat begirada gurutzatzen diren segundoko... eta horrexek egin du klisk.
Kasetaren begi bati kateatu ondoren errebobinatu dut denbora eta hasi naiz eszena deskribatzen. Hrik gabe idatzitako hasiera da A aldea, adornurik gabe abiatzen dena. Zintaren B aldea da bipuntuzero. Fast forward-a eskura dago baina hurrengora arteko tartea kontzienteki pasa beharra dago. Atzeko zarata eta botoien mekanika, perfekzioaren aurkako botikak dira. Kaxa plastikozkoa izanda ere, azaleko argazkiak beti du nortasuna.
Gizartea eta pertsona-harremanak erabat grisak diren leku honetan atentzioa ematen du hilerrira paseatzera joan eta hildakoen loreak gutxiengo direla: inguruko zuhaitz, landare, belaze, txori eta oro har aurkitzen, sentitzen nahiz usaintzen den kolore eta bizitza hain da ugaria, ze ulertezina egiten baiten zergatik bizi nahiko lukeen norbaitek hilerritik kanpo. Eta horrela, batek pentsa lezake hiriko bizitza dela norberak bere buruari eragindako minaren artikulazio bat besterik ez.
ezagutza bera ere
fabrika bilakatu den honetan
badakizu
kapitalismo basatiaren muga amaigabean
zenbakiak handitzeak besterik ez duela balio
"fuck you!" ozen batekin
gogorarazi nahi izan diezu
behinola arbasoek emana:
"azkar eta ondo, usoak hegan"
mekanika naturalak
sinpatiaz
behin eta berriz errepikatu dizu
"slow is smooth, smooth is fast"
eta ez duzu pasiera mozkorrik behar
bide zuzenetik oker dabilena
identifikatzeko