193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

funditu

laga-boga-sega zarata izan da gabaz, batere ganorazko lorik egin gabe, izerdiak kontsumitutako egunetik ihes, itzalak ere ez dira babesleku, jateko gogoak akabatuta, azaltzen ez den lagunaren zain, etxeko atea ere ez da irekitzen, postura hartuta zeundelakoan, lanparako bonbilla funditu da.

2015-07-02 23:45:52 (anabasa, bizhitz)

telebista

Garai batean esango zion bere buruari: hau izango da, bestea ekarriko du eta zerak jarraituko dio. Dena esanda dago, semaforo guztiak berde margotu dira. Eta amaiera berak idatzi zuenez, gustura.

Artean konturatu gabea zen helburuak besterik ez zirela, ikusi gabea zen bideak zidorrak ere bazituela.

Pentsa lezakeenaren kontrara, imajinazioari ez zion lanik eman uztaileko egun sargori hartan. Ohiko makinaria ez zebilelako agian, denborak bere (h)onera ekarri zuelako akaso.

Telebista guztiak itzalita geratu ziren egun hartan.

2015-07-02 00:25:34 (anabasa, bizhitz)

nerabe

bera da
noizbait nik izan nahi nuen nerabea
zirrikitu batetik begiratzen ditut ateratzen dituen argazkiak,
leitzen idatzitako poemak
isil-gordean

erretratatzen duenak badauka aire zera bat
gustuko dut
baina aldi berean hain sentiarazten nau miserable
ze gozamenerako tarterik barik
inbidiaren orroak sutzen nau
eta gorroto dut
ez bera,
ez berak egindakoa,
harriz beteriko zakua
nire gainean erortzen den zama
porrotaren hatsa
gorroto dut

nik ere nahi nuen izan nerabe
baina nire txanda heldu zenean
heldu izatera jokatu nuen.

2015-05-04 22:16:08 (bizhitz, neurtitz)

sekretu

Esan dit Holandan hazi eta New Yorken pasa zituela estudiante garaiak. Handik zebilela enplegatu zutela eta orain inguru hauetatik dabilela. Argitu behar izan dit bere lana harat-honat bidaiatu eta kontakizunak idaztea dela.

"A ze pagotxa!", bota diot braustakoan. Irribarre bihurria etorri zait bueltan. Ea zer dabilen ikastaro demonio honetan galdetu diot gero. Isil-gordean aitortu dit presentzia hutsagatik bederatzi jai-egun ematen dizkiotela. Mahaian kolpe bat eman eta gaineratu du: "baina hau sekretua da, ez esan inori".

2015-03-03 22:13:21 (bizhitz)

metrologia

Adibide bat emate aldera,
gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
distantzia neurtu ezinezko
urrats makaletatik.

Akordatzen uda bero haietako ordu txikietan
parrandatik etxerako bidean
errepide nagusiaren erdiko marrak nola zatitzen zintuen?
(txiki-txiki)

Momentu horiek memorian pizten zaizkidan bakoitzean,
izkina batera alboratuta irudikatzen zaitut orain.

Antzekoa gertatzen zitzaizun negua euritsu heltzean.
Itsasertzeko pasealekuan
farolen argi desenfokatuari jarraituz
atentzio osoa izarretara desbideratzen zenuen.

WhatsApp mezu koldar batean idatziko dizut garai hartan
etorkizunak egin zizun aitormena:
badoazen hegazkinen kea besterik ez dira izar iheskorrak.

Etxean ahaztu zenituen
metrologia-ariketak.

Gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
hileta elizkizunetatik.

2015-01-06 20:56:19 (bizhitz, neurtitz)

ulertu

Kotxean gindoazen etxera bueltan eta Cerati hil zenean asko sentitu zuela eta min eman ziola aitortu zidan. Ez nuen gehiegi ulertu momentuan eta arinkeriaz hartu nuen esana.

Atzo ordea Mikel Laboak abestutako Piedra y camino piezarako esteka bidali nion, bere heriotzaren seigarren urteurrena zela adieraziz. Orduan bakarrik ulertu nuen Ceratiri buruz ari zenean esan nahi izan zidana.

2014-12-03 18:52:22 (bizhitz)

fox

french fox

"French Fox's specialty was sex" aipua luzatu didazu, nire breastak $3500en truke handitzeko eskaintza luzatzearekin bat. Ez dut erlazioa ulertu eta minduta sentitu naiz, puta modura ikusten nauzun edo ze demontre.

Nahi dudan bakarra nire diruaren jabe izan eta sentitzea da, nire gorputzarena naizen bezainbeste.

2014-11-10 20:35:17 (anabasa, bizhitz)

tödistrasse

Bere gelako leihoak
Tödistrasseko patio hartara ematen zuela
esan zidan.

Hozka egin nion okerreko interpretazioari eta
ahaztu egin zitzaidan
arropa zuriak zeramatzala soinean,
ahaztu egin zitzaidan
zuriz jantzita ikusi nituela aurretiko emakume guztiak.

Anja zeukan izena,
ez nintzen gogoratzeko gai izan lehenengo aldiz aipatu zidanean,
ez nion oso ondo ulertu nahi izan.

2014-08-20 17:21:23 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

elur

Eta horrela, dolar gutxi batzuk ordaindu eta gela horretan egun batzuk pasatzeko eskubidea zeureganatu duzu. Hotz dago etxea, ilunak hartuta. Goikoen oin-hotsak parket zaharrean ez zaituzte eroso sentiarazten. Urruneko etxeetako argiak, kaleko farola tristeak dira argi bakar.

Maleta bustiak alboratu eta ohean eseri zara, leihotik begira. Elurra da, isil, zaurien gainean pausatzen dena. Txanponak atera dituzu patrikatik; zaila da forma ezezagunak kontatzea. Zerk ekarri ote dizu bihotzeko min hori. Bakarrik zaude.

2014-02-03 23:24:43 (bizhitz)

27

serioa da
hogeita zazpi urte edukitzea
gauzarik serioenetakoa da
inguruan, haurtzaro itoko
lagunak hiltzen dira
eta norberaren hilezkortasuna
zalantzan jartzen du batek.

Roque Dalton (ITU bandak euskaratua)

2013-12-29 00:45:28 (bizhitz, mozketak, neurtitz)