193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

marketing

itxuraren lilurak hurrupatu du:
alfonbra zaharrak, erdizka dabiltzan lanparak eta herdoilak harrapatutako
aulki-mahai ñimiñoak atarian

aurreko kale-izkinan tipo batek adierazi dio
kafe-makina italiarra dutela, buonissima,
jendearen esamesek, jakituriaz beteriko trip advisor-eko iruzkinek,
denek egin dute bat lokalaren bisitari-oldea azpimarratzean:
jende guapo eta kezkarik gabeak loraturiko baratza da

"arrakasta" diote
ulertzeko modu zenbakizkoaren aparrak
gainezka eginda

galdetzen al diote txandako baristari
lorik egin duen gauez,
noizbehinka
umore-aldaketa gorabeheratsurik jasaten duen,
arrastaka dabilen

baina berdin du
mikaztura puntuak
azukrearen potoan gatza erori den
belar zaharrak ondo apainduta
lore modura ere sal baitaitezke

2017-07-28 15:32:28 (bizhitz, neurtitz)

era

Kuriosoa da: etxea kale-kantoiaren izkina batean dago eta inguruan ez du bestelako etxebizitzarik. Asfalto arteko oasi urbanoa da.

Ukalondoak leihoaren ertzean jarrita, eskuekin eusten du burua neskak. Pentsakor dago. Eraikinaren aldamenetik tipo bat pasa da eta gora begiratu du.

Jaso dituen azken mezuetan, heldu zaizkion buletinetan, era batera edo bestera irakurri dituenetan, antzerako taupadak errepikatzen dira: liburua ixteko unea dela, garai baten akabera.

Ilean txirikorda bat eginez errepikatzen du bere kolkorako aire berria ekarri ziola Bartzelonak. Beste bizitza batean hiriz aldatu behar izango balitz, horra bueltatuko zatekeela.

"Ama!", deitu du hots batek barrutik. Kolpetik itzali zaio fantasia.

2017-02-17 21:49:52 (bizhitz)

demostratu

Lehena iritsi da tabernara. Ordua begiratu du; garaiz ailegatu da. Nor izango ote da? galdera erantzuteko ez da asko falta.

Hau al da? hurrengo pentsamendua. Benetan hau al da? errepikatzen du bere kolkorako. Agurra, lehen hitzak. Gezurra dirudi, pelikuletan-edo ager zitekeen makilatu gabeko neska lirain horrekin ari da berbetan.

Elkar ezagutzeari ekin diote. Isiluneren bat-edo tarteka; kaña-basoari muturretik heldu eta aparrari pixka bat eragiteko aprobetxatu dute. Ohikoa: nor diren, nondik datozen, nora doazen. Nondik ibili diren jada. Nondik ez diren ibili.

Azkureak eragin dio intelektoan. Ez da gai ordea nahiko lukeena hitzez artikulatzeko. Hizkuntzaren komeriak. Badaki ez dela aparteko zera; iraganeko azkurak min izatera irits zitezkeen.

Segundu er(d)i bat nahikoa da bere gogoan bortxa eragiteko. Aldamenean duela erakutsi nahi dio eta horretarako bere izaera saltzeko ere prest dago: autoa abandonatu, etxez aldatu, zipitzik axola ez zaizkion liburuak irakurri, Yogari ekin, postureoa praktikatu, berez ez den eta izan ezin duen hori dela demostratu.

Eta oh, Pretty girls make graves...

2017-01-25 00:51:43 (anabasa, bizhitz)

akuilu

Ez daukazun horren zama, behinola eguneroko dema zena, kostuma, bilakatu da berriz ere jomuga.

Desoreka bete zakuk beti irabazten du balantzan. Zakutik eskukada bat hartzen saiatu eta hatzen artetik harea nola, hala desagertzen da nahi idealek ohitura eta konformismoari botatako apustua.

Ez jakitea nola bukatu da aurrera jarraitzeko akuilu ia bakarra.

2016-12-31 14:09:42 (anabasa, bizhitz)

kongestio

hirian dabil batetik bestera. honezkero zirrikitu guztiak ezagutzen ditu. azkenaldian, galduta antzean baina; oharkabean askotan, inertziak bultza eginda gehienetan.

izan nahi zuen horretara iritsita, ingurua zeritzona desagertu zaiola sumatu du. lorpenena ilusio optiko bat besterik ez dela. gertatzen ari dena kontatzera iritsi gabe, erretratua atera dio alokairuan daukan etxeko gela erdi-huts horretan zutunik daukan ispiluak: sofa handiaren bazter batean, izerditakoaren txanoa jantzita, bakar-bakarrik dagoela.

2016-12-20 23:49:29 (bizhitz)

20 minutu tranbian

Segurtasuna, liburu bat eskuetan eta tranbiako leihotik begira, udako iluntze epela, zementuzko zerua eta asfalto usaina han goitik tanta lodiak jausten direlarik.

Tipo bat igo da Paddy's-eko geltokian, trajeduna, 40ta piku urte. Deblauki jesarri eta gorbata askatu du kolpe zakar batez. Ronaldo futbol jokalari-ohia da.

2016-09-02 21:26:50 (bizhitz)

sintetizadore

jai euritsu bat goitik-behetik mela-mela blai-blai etxeko argi ilun goxo horren babesean bildu eta bozgorailuan tras-tras sintetizadorearen hotsa entzutean gogora etorri zitzaizun Sam Prekopen emanaldi hartan aurreko bi neska horiek buruarekin dantzan aritu zirela eta atzetik beste laguna etorri zitzaiela eskuarekin (bi hatzekin zehatz-mehatz) gora-behera ezker-eskuin keinuarekin lagunduz.

2016-02-15 22:49:46 (bizhitz)

pretentsio

Beti ibili izan naiz galdezka galdutako aukeraz, Donostiako festetan tabernan ordubetez harrapatuta geratu ginenean zergatik ez nizun gurekin parrandan geratzeko eskatu. Edo momentu hori baliatuta, geroago, gabon haietako egunen batean elkarrekin geratzeko gonbita luza niezazukeela askotan pasa izan zait burutik.

Errenterian elkar ikusi genuenekoa ere etorri izan zait gogora, bestetan, baina orduan ere bai berunezko zapatak neuzkan jantzita.

Unibertsitate-garaian zergatik ez nizun sekula komentatu ea elkarrekin bazkalduko genuen. Eta horrela dena.

Urte batzuk aurrera egin eta beldurra besterik ez dut ikusten ni harengan, Nren mamuak harrapatuta bizi nintzela, eta kaiola horrek libre utzi nauenerako nire ingurua zenak aurrera egin duela.

Orain hor ikusi zaitut, Pinterest-en zure etxe berrirako altzarien ideiak collage batean bilduz, artean ezagutu ginen garaian genituen pretentsioetatik unitate astronomikoetako distantziara.

2016-02-09 22:32:40 (bizhitz)

egunak

egunak daude
badakizu
haginak ateratzear batzutan
kaxmir begiradaz bestetan

aukeratzen utziko banizu
kontuak alderantziz irtengo zitzaizkidan
begizta batean marmotaren eguna nola

ez al da hobe

hatzekin zirkuluak eginez bezala
airean harrapatzen dugun musika
datorren moduan
bere horretan

2015-09-28 23:49:33 (bizhitz, murritz)

sara

Sararen etxeko paretek piano-doinu geldiezin hori arnastu zuten. Festaren zalapartaren erdian bakarrik geratu zen, egongelako sofan ardo koparekin bakarrizketan. Menturak bustitako beste gau bat izan zen hura, ordea txanponak betiko aldeari egina zion soa. Aspertuta zegoen bere txikitako traumen esklabu eta testigu izateaz. Bat-bateko erabakiz, jarrera berriei heltzeko garaia heldu zen: sukaldera jaiki, beste botila bat ardo bereganatu eta isil-gordean ezkutatu zen.

2015-09-20 00:28:45 (anabasa, bizhitz)