193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

begizta

Disko gogor zaharra aurkitu duzu. Entxufatu eta leiho berrian zabaldu zaizkizu ikonoak. Ez da hautsik nabari mahaigaineko pixeletan.

Ohozpelak baleitu irratsaioko begizta topatu duzu lehenik.

Entzuten dugun musikaren ehuneko handi bat “loop”ak dira. Batera doazen ziklo labur errepikakorrak, matematikoak ia.

Eta batera joango ez balira, edo batera joateko aukera asko balira?

Play sakatu eta atzeko planoan utzi duzu bere patxaran.

Argazkiak, dokumentuak eta batez ere gordetako zakarra etorri da erreskadan. Ez ezazu uka Diogenes hitza burura etorri ez zaizunik.

Betikoa pasa zaizu, gainera: barre egin duzu, zeinen inozoa zinen, nola egin zenitzakeen halakoak eta ohiko BullShita errepikatu duzu kaskarrean.

Desberdintasunari lekua egin diozu halere. 30 minutuko begiztan entzun gabeko tonuak harrapatu dituzu. Baina edadeak ez dizu belarria findu; izatekotan, alderantziz da.

Badakizu agerian zenuen horri entzungor egin zeniola. Eta damutu egin zara. Leiho guztiak itxi, aparatua desentxufatu eta hasi zara idazten lehen bezain gizarajoa zarela. Eta horrela, begiztaren beste errepikapen bat hasi da.

2013-12-26 22:55:36 (anabasa, bizhitz)

txutxu-mutxu

«Janet Jackson ez zen Michaelen arreba
zuria zen eta
aurpegian granoak zeuzkan»
hala dio NYorksti-Sebastopol hegoaldeko 8. Abenidako kartel batek.
Hortik aurrerakoak txutxu-mutxuak dira.

2013-12-08 21:25:19 (bizhitz, neurtitz)

amargura

Sobre todo, queda la amargura; una amargura inmensa, inconcebible. Ninguna civilización, ninguna época han sido capaces de desarrollar en los hombres tal cantidad de amargura. Desde este punto de vista, vivimos tiempos sin precedentes. Si hubiera que resumir el estado mental contemporáneo en una palabra yo eligiría, sin dudarlo, amargura.

Michel Houellebecq — Ampliación del campo de batalla

2013-11-28 22:21:33 (bizhitz, mozketak)

graduatu

Ordura arte ez zitzaidan halakorik okurritu baina The Graduate ikusi ondoren garbi zegoen txema deritzenak pelikuletan azaltzeaz gainera bizitza errealean mutil gazteekin larrua jotzeko prest ere badaudela. Ezkonduta egon eta seme-alabak izanda ere.

Dena da abentura: sexuaren drogak duen gozamena isuri ez ezik, gizartearen aurrean debekatuta ageri den marra gainditzeak dakarren subidoia dastatu nahiak aurrera egitera eraman gintuen. Eta hasitakoa, bukatu egin behar.

Adinak ezar litzaken rolak gaindituta, zure ezpainetan gozamena irristatzen ikusi nuen. Betaurrekoak kentzeko gogorik ere ez zenuen izan eta ilean kateatuta geratu zitzaizkizun, gure gorputzen arteko beroak noiz lurrunduko zain. Horrela ad infinitum.

Baina pelikulek eta bizitza errealak beti dute mugaldeko baina bat, horregatik ez zen egon "hurrengoa noiz" moduan zirriborratutako akordiorik eta, isil gordean, bakoitza bere labirintotik galdu zen.

Dakidan bakarra da hurrengo aste osoan ez nintzela izan nire kaskezurretik zu ateratzeko gai —ez eta nahi ere—, zuk burutik ezaba ezin ninduzun antzerako moduan, gutxi gorabehera.

2013-10-25 23:57:12 (anabasa, bizhitz)

tea

Tea hoztu zait, berdin dit, berriro bero dezaket.
Hotz sentitzen zaitut, axola zait, malkoak ez dira bakarrik sikatzen.

2013-07-03 23:16:58 (anabasa, bizhitz, murritz)

sonic youth

Beste hegaldi bat, hamahirugarrena aurten. Horrela kontsumitzen zait kerosenoz eginiko denbora.

Bitartean, on-board multimediatik Sonic Youth aukeratzen dudan momentuan adinari buruzko kezkak datozkit gogora. '90eko klasikoak. Aspaldi migratu zuten lagunek irrati-formula pasteleroen hit-paradetara (tartean reggaetoira). Eta ari dira banaka-banaka "inguru" deritzon zirkulu lauso horretatik aldentzen. Batzuk ezkontzeko kontuak ere ahotan dituzte. Zerbezak ere ez gaitu batzen tabernetan.

Tantaka-tantaka despeditzen ari den garai honek makal-makal kolpatu nau kaskezurrean epe luzez. Aurrena sentipen hotza zen, gero azkure arina, egonezina eta azkenik zulo konponezina.

Abioi honek lur hartu eta aduanatik pasatzean pasaportean ez dut apenas toki librerik izango. Eta oraindik zu zauden tokira bidaiatzea falta zait. Ez dakit non izango zaren, ez eta ordurako iritsiko naizen.

2013-05-02 23:57:46 (anabasa, bizhitz)

bular

Begiratu nizun eta begiak zabaldu zenituen. Inork ez zuen ezer esan. Erdi-lo zeunden oraindik eta pijamaren goiko partea altxa zenuen. Besterik gabe.

Eskuin eskuarekin hartu nizun ezkerreko bularra. Miazkatzeko deia egin zidan, bertatik edateko. Eta nik obeditu. Begiak itxi zenituen berriz ere eta burua pixka bat atzera botata gelditu zinen.

2013-04-29 15:08:22 (anabasa, bizhitz)

dentista

Memoria kaxkarra daukat: ze demontre esan ote dizut kontsultara sartu naizenean (kontuan izan goiz lanbrotsua izan dela eta dentistaren oheak ikara apur bat ere ematen duela; beldur terriblea ere ez, baina ikara pixka bat bai, hori seguru).

Ez naiz gehiegi atrebitu zure begietara begiratzen, lanpararen argitasun geldoak drogatuta bainengoen bestela ere — begiratzen al dute dentistek pazienteen begietara, lanean daudenean, adibidez Donostian, astearte goiz batean?

Ileak duda-mudaz ezkutatu dizun piercingak eman dit atentzioa. Belarritako beste bi perla horiek tokiz kanpo ikusi ditut. Ez da ezer pertsonala baina ez zaizkit sekula gustatu.

Orduan gogoratu naiz nola duela ia hamar urte, Groseko kontsulta zaharrean, bai, akordatu naiz beste neska batekin sortu zitzaizkidala antzerako burutazioak. Akordatu naiz halaber SPrako Tranbia neramala aldamenean (liburua, ez tranbia). Horrekin esan nahi dut datuak inportanteak direla edonon, edonoiz, ezer aportatzen ez badute ere.

(Nota bene: gazteegia izango zinen atenditu zidan emakumea zure lankide gisa kalifikatzeko garai hartan. Lasai, ni ere artean petit-suisse bat nintzen, edo bera zaharregia zen agian berrogei minutuko nire amets lotsatiei benetako hauspoa emateko.)

Konturatu orduko plakak atera eta bukatzear gaudela komentatu duzu. Jakingo bazenu nola aldenarazi didazun hasierako ikara.

Orduz geroztik kontu bakarra darabilt kaskarrean: "disko hau berriro nahi dut entzun".

2013-04-23 22:48:22 (bizhitz)

langabezia

ad infinitum erantzun dizut, presaka, orain ezetz, denborarik ez daukadala, azkenaldian oso lanpetuta nabilela.

eta berriro, madame: je n'ai pas des temps, the clock is ticking so rapidly, tampoco me puedo parar a respirar.

langabezia estatistikoaren garaiotan ere, gizate(e)ri maltzur honetako egoera unibertsala bilakatu da lanpetuta egotea; alferkeriaren aitzakia sobresalientea da, nolabait.

asperduraren eta irudipenik gabeko errepikapenaren dekadentzian baizik ezin liteke hori gertatu, denboraren mutilazioa odoluste geldiezinera pasatzen den garai konstante horretan, hain zuzen.

2013-04-22 21:51:57 (anabasa, bizhitz)

atxikimendu

Halako batean akordatu ginen bloga geneukala. Hainbeste denbora. Ez ahazteko hasi ginen idazten, akordatzen? Adoleszentziak dauzkan indar horietakoen arteko bat atzamar puntetan sentitzea.

Everything dies, that's a fact
maybe everything that dies someday comes back.

(Atlantic City bozgorailuetan, zergatik orain?)

Eta ahaztu zaigu idaztea, ahaztu zaigu hitz egitea, ahaztu zaigu komunikatzea. Hitzen funtsa desagertzen ikusi dugu gure baitan eta atxikimenduaren belaunaldian bildu gara. Horixe egia.

2013-02-21 09:15:14 (anabasa, bizhitz)