195 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.
busti
Esperientzia itsasoratzeko aldapa herdoilak hartuta dago.
Vivianek esaten du denbora osoan pentsatzen arituz gero sekula ez dugula benetako ekintzarako tarterik uzten, hau da, buruan gauzak bueltaka eta oinak eta eskuak geldirik badabiltza, jai daukagula.
Datozen denboren ozeano horretan murgiltzeko ezinbestean busti behar dela errepikatzen du, asmoak itsasorik zabalenetan izanagatik ere lehorrak itotzen baitzaitu bestela.
Lurrari lotzen gaituzten hitzei banaka-banaka utzi behar zaiela igeri egiten, alegia.
kabina
Kabina gorriko aulkian eserita euritsu ikusten da ostegun goiza. Telefonoaren bestaldean amaren ahots urratuak egunak ekarri dion nekea neurtzeko balio dit. Eta okasioa aprobetxatu dut ondo lo egin esateko, bide batez.
esnatze berriak
su
Amonaren etxeko tximiniaren epel goxoak tontotu zaitu egurrezko aulkian eserita zaudela. Kafea hartu berri zauden arren ere, euri tantek leihoko txirristan ateratzen duen hotsak ez zaitu berehalakoan esnatuko.
Egia da duda beti egon dela piztuta; sorginduta zauzka itzaltzera ailegatu ez den su betiereko horrek.
mikroskopio
John xaharra arotz libanoarra da. Barre artean kontatzen du nola azaldu zitzaion lagun bat ezkonberritan bi emakumerekin; bere ahotan bata bestea baino dezentez lirainagoa zen. Elkarren ahizpak ote ziren galdetu zion lagunari. No, I've got two wifes erantzun zuela esan eta irri egin du te beroa eskutan hartzen duen bitartean.
Zerua zementuzkoa da gaur, haizea norabidez aldatu da eta ufada batez heldu da gugana.
Egoerak, bizipenak, pertsonak, mikroskopio baten atzean ipiniko bagenitu... Baina makroskopioz begiratzera ohitu gara, axaletik ikustera, inguruak eskaintzen duena ez behatzera, gizartean zedarritutako iritziarekin bat egitera, bere nektarretik edateari uko egiteraino.
hollywood
Euria goitik-behetik Hollywood Rd. 17an
labouring hitza hiztegiratzeko garaian
zulo beltza daukat laneko zapatiletan eta
inpazientziaz blai nago
Hey buddy, how are you doing?
galdetzen du nagusiak
erlojuaren segundoak astun egiten direnean.
Karretilak berunez egina dirudi
gidari baldarra sentitzen naiz
lur lohituan barrena eta
Sven Nys imitatu nahi nuke
orduko 20$ ematen duen
ziklokros karrera honetan.
Horrelakoa da bizitza:
poema bat tatuatuko dizut zementu gogorrean
Jackhammerra eskutan hartuta.
postal
eta
paseo bat larrazkeneko ahora:
ondoko herritik bueltan
amestutako eszenak akuarelaz margotuta
aspaldiko ezagunarekin ikusi zaitut oinez;
inoiz ez gara hirurok elkartu birra batzuk hartu eta
tertulian aritzeko
beranduago kale nagusian,
dirua ateratzen zeundela buelta eman eta
artean kendu gabeko kaputxatik irten zaizu mira.
irribarre bat izan da airean
datozen denboren ahoko zuloan
garaiko zeru oskarbiak ondo daki
hotza azalean itsasten hasiko zaigula
eroso deritzen portuak aurkitzeke daudela
eta bitartean
nork bere aterpeak bilatuko dituela
urteek ahaztu dituzte
besarkaden arteko espazio konpartituak
geratzen zaizkigun errebolberrak
pazientziaz kargatuko ditugu
presa ez dadin izan lehergai
behinola banatu gintuen bidegurutzean.





