lurrun
Igandea, dutxa beroa eta ispilu lurrunduan mezuak uztea.
Igandea, dutxa beroa eta ispilu lurrunduan mezuak uztea.
Euritan etxera bueltan nentorrela bizitzako ohiko galderekin egin dut topo. Handiak, txikiak, nahi diren neurriko galderak. Erantzunak bilatu nahian, datozen hilabetetan gainera datozkidanak planifikatzen saiatu naiz.
Erratuta nagoela gogoratuko lidake lagun hark ordea. Izan ere, kontua ez baita galderen forma edo kolorea; kontua da galdera egokiak planteatzea, merezi duten galderetan paratzea arreta. Bestela, etengabe egongo baikara erantzun okerren lokatzetan eta horrek, epe luzeko begizta amaigabean, gurekin akaba dezake.
Periodikoen iparrak
orria aspaldi pasa ondoren
nor akordatzen dun orain
ozeano indikoko ezbehar hartaz?
ahanzturarekin
bihotzak astundu egiten ditun
bazekinagu
ardatzak tokiz aldatu zirela
eguna mikrosegundo luzeren batean
murriztu zela
noiz begiratu genizkinan azkeneko aldiz
litekeena dun ez akordatzea
hiriburuetako izenez
mapetako koloreez
eta bitartean
murriztutako egunak luzatuz doaz berriz ere
ahanzturarekin
zainak hondarrez betetzen ditun
lurrean sustraituta
ez zagon paradisu erabatekorik
hondartzak urak itota bizi ditun joan-etorrian
eta zalantzak lehertu dizkin ozeano bareko katastrofeak
oxigenorik emango
egunak luzatuko, moztuko
betirako iraungiko
non kokatuko ardatza.
zeru erdi bat
eta eguzki gorria
ez hotza, ez beroa,
oso-osorik zuretzat.
ezagutzen dut
nekatutako begirada
egunaren hondarrean.
mendi-magala igo ahala
jaisten den bakarra da argia
hazten den bakarra da iluna
eta bat egiten duten puntu horretan
galderak idatzita daude airean:
nor den zozo,
nor den bele,
konturatu arte
bitartean marrazten den denbora
zapaldutako hondar-alez gainezka dugula zainetan.
Aspaldi bukatutako liburu bat bueltaka dabil ohe alboan, ez du tokirik egin nahi apalean, epelean. Horregatik eskutan hartu eta orri-pasan azpimarratutakoak berriro irakurriz akabatzen da denbora.
De este modo, resultó que cortarse el pelo y viajar substituyeron a la posibilidad errónea de invocar al pasado. Convertir los recuerdos en la única experiencia vital no es sino perpetuar el quebranto negándose así al misterio y la ofrenda del flujo de la vida. Cortarse al fin el pelo no por razón de estética sino de renovación; viajar no como huida, sino como búsqueda.
Martxel Mariskal - Me llamo Ezequiel y así será siempre
Geografiarik gabeko mugak marrazten dituzten hesiak dira hitzak. Batzutan abestu ere egiten dira.
Moztu ilea
ispilu atzean
etzanda daude
zure begiak
moztu panpinen
zilbor hesteak
jolastorduko
oroimen tristeazBeti Mugan - Moztu ilea
Horra ba gakoa, konturatzea mugak gugan daudela eta, ihesbideak, ere bai.
Zerrendatu egun historikoak:
zenbatu ezin daitekeen zenbakia
elurra urtzean bezain makal
oharkabean esanahia galtzen duen hitza da
Badago neurririk
historia izozteko?
Lehenengo okasioak omen
hitza, hortza, pausoa, eskola eguna, jaunartzea,
muxua, zigarroa, mozkorra, larru jotzea,
laneguna, soldata, kaleratzea,
ezkontza, dibortzioa, suizidioa,
guztiak omen
historikoak
Dena da ez dena
izandakoak eta badirenak
non hasi eta non bukatzen da
etortzeko dagoen historia
ze hitzekin idazten da?
Telefono beltza belarrian ipini zenuen, ilearen kanpoaldetik. Ahaztua neukan zure ahotsa linea telefonikoan kulunkatzean; kitar-soken bibrazioak entzun nituen barruan tilinean.
Kolgatu eta presa aurpegiz begiratu zenidan. Zerbait gertatu al da, harridurazko keinua. Ez, baina trenak ez du itxaroten, behin bakarrik pasako da zure ondoan, arrapostua.
Maldek atea jotzen dute egunero
xerparik ez igotzen laguntzeko gero
termometroa begiratu:
bada bizitzarik minus zero?
Ez nuen aitortu
lo itxurak ziren nireak
pertsiana, eguzkia, anbulantzien sirenak
Raviolli batzuk prestatu
zortzigarren bateko sukalde zaharrean
—zarata sartzen da leihotik—
atzoko ogia eta erretratu bat parkean
metrotik atera, katuak teilatuan
zerbezarik gabe kontzertu baten bukaera ikustea
—perspektibarik ba al huen, orduan?—
korrika alde egin, billeterik ez ordaindu
zapatu gau batez elkarren ondoan loak hartu
eta urteen poderioz labirinto batean galdu.