193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

ke

Tximinia sutan jarri nuen. Kostata, baina lortu nuen ikatza ondo hauspotu eta txinpartak bere lana egitea.

Neurrian baldar kontsideratzen naizen arren, nola-hala lortu izan dut gau hotzetan sua mantentzea. Gaur arte.

Ez dakit zer daukan egun hotz honek, baina goritasun epel hori itzali da eta, horrekin batera, iragan keak besterik ez doaz tximinian barrena.

2010-01-14 22:11:14 (bizhitz)

axal

Beste aldera begiratu dut. Ez zait inporta Obamak zer esaten dion bere emazteari komunean papera falta denean. Edo beste hitz batzutan esanda, nazkatuta nagoela gure kontzientziak zirikatu nahi dituzten ekintza axalekoekin.

Ez digutela egin beharrekoa aginduko, ez dituztela gure taupaden pausoak zehaztuko. Gure kabuz bagarela, eta sinesten ditugunak aurrera eramateko behar ditugunak gure esku daudela, nahiz eta norbaitek halakorik nahi izan ez.

2009-12-20 23:29:23 (bizhitz)

marko

Amets horietako batean, dendara joan haiz behinola jasotako argazkiarentzako marko bila. Bila eta bila, gustokorik ez duk aurkitu eta esku artean ezer barik irten haiz dendatik.

Etxe zaharreko erretratua inguratzen zianarekin akordatu haiz behin eta berriro, ezin duk burutik kendu. Hura bai gustokoa, argazkiaren bildura paregabea. Eta segurtasunez hari begira pasatako orduetan ere gelditu zaik gogoa halaber: esnatze berrietako lehen argi-izpien pean, kaleko buelta egin osteko agurrak.

Baina apurtu zuan —bostgarrengotik antzeztutako suizidioan—, eta ez daukak haren itzalera helduko denik; ikaraz antzeko etiketa har dezaketenak, sobera.

Horregatik, merezi adinako babesik ez zeukanez, eta argazkiaren esanahi intimoa gordetze aldera, erabaki duk fotoa bere jatorrira bueltatzea, partekatutako deriban gogoz lagatako amaren besoetara.

Denboran zehar burutik pasatakoak paperean jartzeko garaia dela sentitu duk. Karta luze joango duk, hutsuneen sakoneraren tamainan, gutxienik ere.

2009-12-14 18:24:35 (bizhitz)

irakaspen (II)

Aldapa gora hasi eta goroldio artetik makila luzea atera zuen. Orduan egin zituen lehenengo hitzak.

— Arbola honek ba al dakizu ze izen dun?
— ...pinua — erantzun nion ezjakinaren lotsaz.
— Ze pinu klase ordia?
— ...
— Lausirena. Ta hango hua abeta. Aldamenekua beitu, japonesa.

Bidea malkarra zen, zenbaitetan jakintzaren hutsuneak betetzeko egin behar diren ahaleginak bezalakoa.

— Hauzkaldeko hua ezautze al dezu? Tuliperua, kriston katxarrua!
— Sikiera hemen aldameneko hauek aritza ta lizarra izango'ia, ezta?
— Bai, erderaz fresno. — ebaki zuen irmo.

Sasitza galantak pasa genituen bidean, artean anabasa besterik ez zela zioen, eundoko anabasa, zehatz-mehatz.

Beherakoan bueltan geundela diferentzia nabarmendu nahi izan zidan.

— Guk hamar urte giñuneako arbola klase danan izenak genixkin. Uañ e'tzaizue halakoik eakusten.

Hori esanda, irripar txikia atera eta makila berriro goroldio artean ezkutatu zuen, sekreturik handiena balitz bezala. Niri ordea denak kontatu zizkidan.

2009-10-13 23:59:01 (bizhitz)

helburu

Aurretik zerbaiten bila dabilenak, gauza bat egiten ikasi nahi duenak, badu pazientzia deituriko arrisku edo harri koskor handi bat bere aurrean. Helburu finko eta jakinek emaitza azkarraren gosea izaten baitute. Akordatu bestela gitarra jotzen ikasi nahi zuen baina erdibidean aspertuta laga zuen umeaz.

Izan ere, ikasi nahiaren ikasi nahiaz, helmugaren jomugak itsutu eta hesitzen baitu gure ibilbidea, azken hau ezerezera laburtuz. Helburu finkoak ez dira esperientzia irudikatuak baizik.

Nahigabearen bat-batekotasunak, ordea, balizko helburuak esperientzia bilakatzen ditu. Aurredefinitu gabeko jopuntuek ez dutelako esperientziaren beharrik, aurrera egin ahala hura harituz baitoa eta, pazientzia ezezaguna den bidean, ez dagoelako hura galtzeko batere problemarik.

2009-10-07 20:24:26 (bizhitz)

ondo

Hiritik bueltaka gabiltza eta, begiratzen dugu urrun, inoiz ez bezala. Eta batez ere begiratzen dugu atentzioa despistatzen diguten toki txiki horietara.

Urrun baino begiratzen dugu tentuz, aguro baino astiroago, laztanen eta xuxurlen erritmo beretsuan, presaren presak preso har ez gaitzan.

Leihoak irekita ikusten dira, ikusten dira irekita erdizka, ardurak ere bere pisua duelako eta balantza desoreka dezakeelako.

ondo

Biok gabiltza hiritik bueltaka eta, artean ez dakigu elkarren (h)ondoan gaudela.

2009-10-06 22:48:27 (bizhitz, erretratuetan)

erremedio

Kasurik egingo ez niola jakin zuenean hasi zen hizketan:

— Yes, because actually it's quite different when you travel alone. You know what happens before you go, don't you? You have the feeling that you leave something or someone very valuable behind — something that doesn't exactly fit on your bag — so you have two options: blow your mind and forget it forever or keep travelling. And although making a choice is not always up to you, you decide to breath deeply, smile and keep on your long way to nowhere.

Ez zeukan erremediorik. Argia itzali nion, sikiera lo egin zezan.

2009-10-01 23:16:55 (bizhitz)

okupazio

Zure ekintzak ez zirela derrigorraren hariz jositakoak esan zenidan.

Ez dizut pentsatzen dudana ezkutatuko ordea: denborak mugak jartzen dizkizula eta, horregatik atera behar duzula burua leihotik tartean behin. Badaezpada ere, inork kontrakorik pentsa ez dezan.

Baina momentu horretan bilakatzen dituzu ekintzak okupazio, eta hariak nahastu egiten dira.

2009-09-29 22:54:01 (bizhitz)

baina

Ez dago giririk, ez sangria eta juerga nokturnorik, txaparro eta txankletak despeditu dira, agur toaila, agur krema eta eguzkitako antiajuak, erretiratu dira toldoak, badoa azala esne-koloretzen, zeruan laranjarik ez da gauez ezta egunez ere, ... baina denbora gure zain daukagu.

2009-09-23 00:04:34 (bizhitz)

goiz

Goiza isilik esnatu da. Leihotik bestaldera gidaririk gabeko autoen hotsak besterik ez dira entzuten.

Goiza umel esnatu da. Egun argiaren lehenengo orduek ez dute eguraldiaren iragarpenik ikusi.

Goiza trakets esnatu da. Oheak egin gabe, sukaldeko ontziak jasotzeko, pertsianak ausazko tamainetan bilduta. Dutxa ezezaguna da eta bizarra egitekoak oporretan daude.

Goiza betiko lez esnatu da. Zugandik apur bat aurrerago denboran, zaldi karrera bailitzan. Baina inor ez da apusturik egitera ausartzen.

2009-09-22 00:03:09 (bizhitz)