193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

idatzi ezin diren urratsak

Gaurko egunkariak atzetik zabaldu ditugu eta orriek makal egin dute bere bidea, ezohiko norantzan galduta, hasierara ailegatzeko batere asmorik gabe. Bart, inprentek gogorik gabe inprimatu dute familia baten samina, eguraldirik ospelena aurreikusi dute herriaren maparen gainean.

Leku jakin batera iritsita, planto egin eta bertan utzi ditugu ikusi nahi ez genituen orrialdeak; historiak ez zuen halakorik merezi tinta beltzean ez eta gorrian ere. Hortik aurrerakoa idazteko gai izango garen dudatan jarriz, aterkia hartu eta kalera irten gara. Erabakia hartu dugu: idatzi ezin diren urratsak kalean emango ditugu.

2008-03-08 12:08:30 (bizhitz)

tea eskuan

Tea eskuan, saihestu ezinean pentsamenduak zugana alde egiten zidan, errazagoa zen arren egunerokotasunari lotutako zeinahi txikikeria oroitzea, baina hain zen erraza nire zure pentsamendura urruntzea —egia absolutua hura, ez baikenuen ezer konpartitzen eta dena nire baitara murrizten baitzen—: liburu bat leitzean, disko zaharrak ordenatzean, amaitu gabeko bazkariaren ontziak garbitzean, hamar eguneko bizarra egitean. Gertatu gabeko momentuak errepasatzen nituen bata bestearen segidan, zirkoan lehenengo eguna duen trapezistak mugimenduen puzzlearekin egingo lukeen bezala, eta baldar jokatu eta kale egiteko beldur erreal bezain lausoa ikusten nuen nigan edo margotutako nire mozorro hartan, lagun batek esana baitzidan nigandik ihes egiteko modu arduragabea zela, pentsatu beharraren beharraz, dena zaindu beharraren beharraz, begiak ixtea bezala zela eta nire baitatik alde egiten nuela eta, nirekin batera, denbora ere bazihoala, eskutik helduta agian, hura baitzen finean-finean aurkaririk memelo baina eraginkorrena. Detaileetan jausten nintzen halaber, abesti baten letra luzatzeko saiakera baldarretan bezala, Oliveira Salazar cabronaçao entzun nuen behin eta ezin burutik kendu hura elipsiraino hedatzeko gogo alferra; dena den, hori baino gutxiago zen guztia, saiakera itxurarik ere ez baitzuen urrunetik, museoetan koadroak ikusteko ezarrita zegoen distantzian kokatzea nahikoa zen apika, baina nik nirean jarraitzen nuen tematuta, saiakera zela sinetsita, benetan gertatzen ari zen ustean, segundoz segundo ametsak betetzetik urrunago, segundoz segundo ametsetan lokartzetik gertuago.

2008-03-06 20:25:55 (bizhitz)

baina zein ederra bitartean

Tostadak berriro erre zaizkit gaurkoan. Hori gogora ekarri dudanean ikusi zaitut, irribarrez ta isilka. Tira, gaurko ametsetan agertu ote zaren susmoa piztu zait orduan. Pentsatzen ikusi zaitut gero eta gerturatu egin zara, halabeharrez. Itxuraz mutu geratu naizen arren, barruko zalaparta xurgatzeko ahalegin betean egon naiz. Benetan. Pixka bat lasaitzea lortu dut begirada soil batekin; ez nuen tostadak bezala bukatzeko batere gogorik. Apurka-apurka, hitzen bat zein beste trukatu dugu. Tramite hutsa, beharbada. Azkenean, baina, tokitik altsa eta aldenduz joan gara. Gertutasunez eta lasai hitz egiten saiatu naiz, igande gauetako abestien antzerako doinuan. Berriro ikusi zaitut irribarrez, baina ametsetan bezala, zorionetik deblauki esnatu naiz. Motza izan da, baina zein ederra bitartean.

2008-02-28 17:16:24 (bizhitz)

salbuespena

Gaua zoro zebilen eta ilargiak mila buelta eman zituen bere begiak aurkitu arte. Ez nekien zer pentsatu maitasunaz, agian zerbeza baten gertutasunak gehiago emango zidan, gehiago baloratzen ninduen. Txorakeriak pentsatzeari utzi, azken tragoa eman eta beste bat hartzera gonbidatu nuen. Askotan burua galtzen dugu maitasunaren itxuragatik, gorde nuen kolkorako. Gau hori ez zen salbuespena izango.

2008-02-16 12:24:44 (bizhitz)

kilimanjaro

(edo: ba al dakite argia eta iluna hitzak bereizten?)

— Ama! Ze mendi polita!
— Baietz txiki! Gustatzen?
— Pila bat ama. Baina ama, ze leku da hori, ze izen agertzen da mapan?
— Ba eguraldi ona egiten duenean, pozik dago eta kilima deitzen diote, ezin dituelako kilimak aguantatu.
— Ni bezela orduan! (...) Eta txarra egiten badu?
— Eguraldi txarrarekin otsoa baino gehiago haserretzen da! Eta horregatik, deabruak ere ulertzen ez duen izena ematen diote, njaro.
— Baina orduan ama, mapak ba al dakite noiz egiten duen eguraldi ona?
— Ez maitia! Nik kontatutakoa mapek ez dakiten sekretua da. Horregatik aurkituko duzu beti izen bakarra: Kilimanjaro.

2008-01-14 20:42:31 (bizhitz)

puta

Puta! esan duzu iraganarekin topo egitean. Hark bere bidea jarraitzen du, zuk zurea, baina zeharkako begirada horrek erabat despistatu zaitu. Berriro al dator zure bila? Edo mendeku hotsa da, ilun horren ezkila?

Aurrera joatean baina, iraganak geroarte esan du eta zalantza iratzarri zaizu tupustean: bera ote den zure gibeletik dabilena ala zu zeu zaren galbidearen aitzinean dagoena.

2007-12-20 23:25:07 (bizhitz)

infinitua

Eztizko begirada batekin erakarri, begiak erdi-itxita, plazerraren atarian ate-joka.

Gerturatu egin zait, zer nahi dudan galdetu dit. Eta nik, artean, ezin dut burutik kendu gau hotz eta luze hauetako bakardadea leuntzeko bere presentzia goxatuko nukela. Berak pentsamenduei hitzak jarri dizkie eta esan dit faltan botatzen duela gertuko konpainia, bakardadearen konplizitatea. Gehiago gerturatu zait, begiak erdi-itxita eta ezpainak indarrik gabe, nork estutuko zain. Hain gertu ikusi dut.

Distantziak infinituan dira baina, eta iragana soka mehar horretan dabil balantzaka.

2007-12-16 12:01:05 (bizhitz)

zoriona

Ezinegonezko dar-dar batek hartu du nire gorputza. Orduak daramatzat ikara hau gainean daukadala eta ez du joateko imintziorik egin.

Laster hiru urte pasako diren honetan iritsi zait aspaldi bidalita zeukan gutuna. Esplikazio ezaren aurrean, zergatia bizitzaren misterio amaigabeen zakuan sartu behar izan dut.

Hasiera batean, gauza bakoitzak bere unea duen arrazoia dela eta, kartazala ez irekitzea erabaki dut. Ondoren baina, ase ezinezko jakin-minez pozoitu zait gogoa eta ez da tentazioari eusteko biderik egon.

Barruan, hitzen beharrik gabeko argazki bat topatu dut. Azkar ezagutu dut bere irudi ezabatua. Begietan nabaritzen zitzaion: neska honek zoriona galdu du erabat.

2007-12-07 17:23:57 (bizhitz)

preso

Preso hartu dute eta ideia horren biran txikitako istorioak desegin dira airean. Ez hain txikitakoen negarrak gertatutakoa ukatu nahi izan dute. Baina ezinezkoa da; ustekabearen zama aspaldi lurperatu genuen. Horixe utzi nahi izan digute iltzatuta memorian, preso hartu duten unearen argazkia, marko zorrotz eta guzti.

2007-12-01 00:19:44 (bizhitz)

irakurtzen

Hondeamakinan liburu bat irakurtzen ikusi nuen momentuan jakin nuen tipo hura suizidatzear zela. Hori baino gauza adierazgarriagorik? Hondeamakinaren eskuliburua bazen sikiera...

2007-11-22 09:27:47 (bizhitz, murritz)