irakaspen (I)
Portu handitik atera eta moila berrira egin genuen paseoa arratsaldeko eguzki argitan. Farias-ak behar baino gutxiago iraungo ziola aurreratu zidan, puru eskas horrek paseoa izorra ezin zezakeela aditzera emanez ordea. Iritsi ginen muturrera, itsasoaren goiko atarira eta, portu handiari txikitasunez begira egon nahian, karelean eseri nintzen. Berak tente jarraitu zuen ordea eta, zeharka begiratuz, irakaspena eman nahi izan zidan:
— Ni behine ez'tiazu hormigoyen exeita ikusiko.
— Ah ez e? hotza dolako?
— Geo hortik etortze'ia neumoniek eta halakok.
— Kontxo... — petriletik jaiki nintzen.
— Bai, baserrin'e fija zaitte, beyak eta txerriyak egurre don lekura jute'ia, inoiz ez'tue hormigoizko lurren lo itten.
Buelta egiteko imintzioa egin zidan, eguzkia indarra galtzen ari zen aitzakiapean. Hitzok esanda, banekien puru-zuztarra gozoagoa egingo zitzaiola.