peka
Niri begira zeunden argazkian, hala salatzen zuen behintzat zure begi-ninietan agertzen zen itzalak. 1995eko udaberria zen hura.
Urte batzuk geroago, argazkia eskutan hartu eta zure aurpegiko peka txikienei begira galdu naiz. Denborak utzitako euri-tantak dira, gu elkarren ondoan egon aurretik ere hor zeudenak. Eta euri-tantak nire oroitzapenekin tartekatzen dira, ozeano urdinetan bereiz litezkeen malkoen antzera.
Irratian The Cure jarri dute Ben Harperren ondotik. Leihotik begiratuta ez da nobedaderik antzematen; euria da, berriz ere.
Telefono hotsak atentzioa lekuz aldatu dit. Argazkia gorde dut. Dei galdu bat zen: zurearen zain jarraitzen dut, oraindik ere.