198 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

artikulazio

Gizartea eta pertsona-harremanak erabat grisak diren leku honetan atentzioa ematen du hilerrira paseatzera joan eta hildakoen loreak gutxiengo direla: inguruko zuhaitz, landare, belaze, txori eta oro har aurkitzen, sentitzen nahiz usaintzen den kolore eta bizitza hain da ugaria, ze ulertezina egiten baiten zergatik bizi nahiko lukeen norbaitek hilerritik kanpo. Eta horrela, batek pentsa lezake hiriko bizitza dela norberak bere buruari eragindako minaren artikulazio bat besterik ez.

2026-04-20 18:33:21 (bizhitz)

mekanika

ezagutza bera ere
fabrika bilakatu den honetan
badakizu
kapitalismo basatiaren muga amaigabean
zenbakiak handitzeak besterik ez duela balio

"fuck you!" ozen batekin
gogorarazi nahi izan diezu
behinola arbasoek emana:
"azkar eta ondo, usoak hegan"

mekanika naturalak
sinpatiaz
behin eta berriz errepikatu dizu
"slow is smooth, smooth is fast"
eta ez duzu pasiera mozkorrik behar
bide zuzenetik oker dabilena
identifikatzeko

2026-04-16 09:54:00 (bizhitz, neurtitz)

verso

zuri beltzezko argazki batean ikusi zintudan; ahotsa leun, begirada lotsati.

ez nintzen konturatu urteak pasa zirenik.

amaitu gabeko sintagmak dira, konpas bakoitzean errepikatuta.

bat-bateko delitua: denbora bat lehenago ezagutu ez izana.

alferrik da korapiloa askatzen saiatzea, orain ez baitago atzera bueltarik.

2026-02-03 15:34:50 (bizhitz, erretratuetan, mozketak)

eternala

eternala izango da itxaronaldia; espero ez dugunean egingo dugu tupust eta elkarri albozka begiratu, irribarre lotsati bat ere irtengo da agian, dena dela bi hitz nahikoa izango dira elkar ulertzeko eta gero gerokoak baina aizu, momentuz emaidazu zure telefono zenbakia eta hauetako egunen batean paseo bat eman eta zerbait hartzeko ere gera gintezke.

2025-10-25 09:23:44 (bizhitz)

labana

indarrik gabe
fabrikatik datorren etiketa tatuatuari begiratu dio
jaio berria beste mundu bat irudikatzen ari da
bizi beharko lukeena
dena eta ez dena
buruaren mugak, aurrezarpen zorrotz bat
labana lepoan duela esnatu da

2025-09-20 13:29:33 (bizhitz, neurtitz)

ama

braust pozoitu zaizkit
hareaz zainak
eta ume baten garrasi neurrigabeak hartu du nire barrena
batere zentzurik gabe
bi pareten arteko iskinari so
geldi
hor dakusat amaren mina
aitaren ahalegina
"zer egin dut gaizki?" entzuten da
txokoaren oihartzunean
egin beharrekoa, zuzena, zer den jakin arren
ez da ados ganbara
eta arrastaka
buelta eman ezin diodan kubo astuna bilakatu da
denbora

2024-12-31 19:30:08 (bizhitz)

kapitalismo

herrari dabil argazkilaria. zubira gerturatzean, zerura so egin eta kamerarekin apuntatu du.

bete da ilargia, hiriko etxe-orratzen gainean kokatu da iluntzean. handi eta argi dago, begiak zabalik ditu; dirua egiteko makinak dakusa. fumata bianca: zuri da erraustegiaren kea. flashean doaz trenak harat-honat, zeharka ezinezko erra(h)ilen scalextriak. nola ostia ikusiko ote da han goitik estanpa hau?

iPhone estreinatu berria patrikan gorde eta zama batek ito du bat-batean.

kapitalismo basatiak oparitu dizkio the latest & greatest, segurtatu etorkizuna, agindu zerua. konturatu gabe kaiolan harrapatu eta makurrarazi du nagusien esan sentigaitzetara, baina.

moztu dizkio
isil gordean
hegalak.

herrian landu zuen kontzientzia, erein zituen baloreak, ez ote den beste orbita batean galdu, ez ote duen morfina murtxikatu batek pozoitu.

zer da erreala?

gaztaroko argazkiak errepasatu eta "goiz euria" hasi da megafonoetatik.

eta inertzia amankomun, nekagarri, nardagarriaz
gure mugimenduak elbarritzera
prostituzioari, maitasunari baino zilegitasun gehiago emanez
konbentzioei, ausardiari baino
legeei, zuzenbideari baino
komunikazioa gezurra da, komunikazioaren garaian
ibiltzea ez da urratsak ematea
sedate me, sedate me, save me, one more time
morfina injektatzen duzue egunero nigan
baina ezin nigan txertatu harriduraren ontzia
sustituzioaren garai nakar honetan
sedate me, sedate me, one more time
morfina injektatzen duzue egunero nigan

2024-12-16 22:51:11 (bizhitz)

igande

"escríbeme algo", idatzi dizut sekretuan. azken alditik denbora asko pasa da. ez dakit zuri buruzko gauza handirik bolada luze batean.

arrankatu ezin duen autoa dirudi, neguko goiz hotz eta ilunetan ohetik jaikitzea zail zaion langileak; kolorerik apenas dakusate, irekitzea kostatzen zaien begiek.

gizartearen zurrunbiloak biraka darrai eta hor jarraitzen dut, ez dakit zeren zain, igande goizetan, batez ere.

2024-12-15 10:33:49 (bizhitz)

gertu

Frantsesez hitz egin zenidan, nik ulertzeko moduan, eta ametsa bukatu aurretik datorren urtera gonbidatu zenidan. Ez naiz akordatzen eskutik elkar heldu genuen, oso gertu sentitu ginela agerikoa da, baina.

Hemen Naiz Ez Gelditzeko Baina

2023-12-31 17:20:28 (bizhitz)

itzali

Organismo hau makalegia da gizarte berriaren beharrei erantzuteko. Arbasoei arrotzak zaizkien garaietan, nola lagundu belaunaldi berriei?

Ez dago garbi adinaren ajeak diren edo orokorragoa den arazoa; edonola ere, transakzionala bilakatu da jendartea. Gaur zurekin hau, bihar besterekin hori. Egin salto komeni zaizun irlara. Sakonean aritu eta errotzeko zailtasunak ageri dira.

Itzali behingoz pantailak. Segi kafetegira eta ikusi behingoz, besteak zertan ari diren, begiratu leihotik kanpora, utzi pasatzen denbora.

2023-08-15 22:32:04 (bizhitz)