arrakala

Askotan izan dut sentipena, erabaki okerrak hartzeaz aparte, urteetan arrastaka ere eraman ditudala. Esnatze berrietako "sugeak izanen gara azalberritan" egia bilakatu balitz bezala.

Garaian ez nintzen konturatu baina, hirira joan zinenean, mundura begiratzeko leiho bat parez pare zabaldu zenidan. Balantzan jarri gabeko idealekin jokatzen nuen orduan, eta gaur garbi ikusten dut zure heldutasuna ez zela bakarrik hitzezkoa.

Salvaren eskolako hautuak nireak: "vivir es asunto de locos y elegir es un verbo alejado de la razón". Barren-barrenetik entzuten dira oihuak.

kuartzoan arrakalak
denbora neurtzen duen osziladoreak
herdoila dauka
frekuentzia desfasatu da
oxidatzen ez den metal preziatua
hunkiberatasuna

Orain, barne-bakea erradiatzen didazu, eta ama zaren horren eskuetan, indar gozoa eta ausardia antzematen zaizu.

2026-10-26 23:53:03 (bizhitz)