193 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

erdizka

Izen baten bila aurkitu ezinik hori gabe aurrera egin ezinda utzi dut dena erdizka: gosaria, solasa, aldamenekoa entzuteko grina, egunkariko artikulua, hoztu zait kafea, goizeko enkarguak, kalera irteteko gogoa, mugikorrean idatzitako mezua, oporretako asmoak, gauzatzen ez diren planak, mesanotxeko liburuak, urteroko zitak, aurrekoan gomendatu zidaten kantua, lagunen arteko mintza, esaldian aditza, emandako hitza, hein batean bizitza.

2018-12-31 18:01:30 (bizhitz)

pollas

"¡pollas!" egin zuen oihu
oihu egin zuen eta bazenekien benetan
benetan zela bazenekien
bazenekien ez bakarrik aurpegiak eta begiradak ziotenagatik-edo
edo eskuin eskua erabili zuelako "ospa" esanez bezala
edo txistua irten zitzaiolako hitzarekin batera

batera edo bestera jakin zenuen benetan zela
zela benetan ez zuelako "poyas" ebaki, ez
ez eta antzerako ahoskera eguneratu indargeren bat
bat-batean irten zitzaiolako oihu-hitza eta
eta hitzaren oihartzuna zelako XX. mendeko gaztelera
eta gaztelera horrek ahoskatzen zuelako ele bikoitz bortitza.

2018-12-05 10:55:49 (anabasa, bizhitz)

arteria

kableatu pozoindua
argiztatze sasi-industriala
hondakin fabrika
argazkitarako janaria
apurtutako tuberia
usainik gabeko kaka
animaliak ehizan
profil akatsgabea

bala bat bihotzean
parentesi luze bat elkarrekin
arteriak sutan
neguan hotzik ez

2018-10-28 11:48:33 (bizhitz, neurtitz)

atzerri

besaulkian eseri eta hautsak hartutako liburutik
arrakala galdu bat ireki dut
begiak brankiak bailiran
arnastu dut
ezkerreko orrian idatzita dagoen poema

elurra da
Boston da
autobus-bidaia da
New York da
etxera itzultzea ere
atzerri da

2008ra begiratu eta
aurkitu ditut hautsitako estekak
ohozpelak baleitu iv. neurria saila iii.
badaki begiztak
bukaeratik hasierarako bidea

distantzia da
Hauptbahnhof da
tren-bidaia da
Bellevue da
diruz lagundutako
lilura galdua da

eta jarri dut begizta
eta pentsatu dut nola
denboraren distantziak
ospel bilakatzen duen
aberrian erein zen gogoa

2018-10-27 21:19:09 (bizhitz, neurtitz)

ziklo (II)

Neke gabe biraka, ez da kri-kra moduko hotsik entzuten eta azaletik badirudi ondo dabiltzala engranaia guztiak.

Barrutik agerikoa da baina olio faltan daudela.

Etorkizunik gabeko bira automatizatuak dira. Bete dute euren zikloa. Aldatzeko garaia da.

2018-10-01 16:50:33 (bizhitz)

berritxarrak

Egon zen garai bat non bazkalostero Eskuak/Ukabilak diskoa entzuten nuen.

Urtebete geroago-edo, batek daki zer joerak kutsatu zuen gure lagunartea; errepikatzen zen komertzialegia zela Berriren asuntoa eta, automatikoki-edo, horrek euren musikatik aldentzea zekarren. Nola ez bada: gazte lotsagabe eta cool-a bainintzen eta are, modernoegia onartzeko gustatu egiten zitzaidala.

Norbanakoaren ikuspuntua ez baitzen kolektiboaren oniritziak zigilatutako kopia merkea baino.

Hilabete batzuk aurrera, etxetik urrun, zurekin nengoen ohean eta biluzik, argiak itzali nahi ez zituen iraileko gau batean. Galdetu zenidan zergatik ez zitzaidan gustatzen. Ez nizun pisuzko arrazoirik eman ahal izan. Abestietako hitzak errepikatu zenizkidan eta haien esanahia esplikatu.

Nostalgiak pisua hartu zuenean, gogoa gau hartara joaten zitzaidan sarri eta behin eta berriro konturatzen nintzen zein garden erakutsi zenizkidan mundua begiratzeko leihoak.

Orain, leiho horretatik begiratu eta ez zaitut aurkitzen. Horregatik zabaldu ditut hitz hauek lehortzeko dagoen arroparen gisan, bide batez haizeak astin ditzan eta jaso dezazun agur hitz bat.

2018-03-30 18:37:22 (bizhitz)

auto

zer datorkizu burura autoan bakarrik zaudenean?

familia-oporretako ordu luzeak, ez
gidabaimenerako praktika egunak, ez
istripuz hildako lagunak, ez

herrian, esperoan,
euri-tantek kristala tantaka apurtzen eta
denbora zipriztintzen duten bitartean
Lisabören maketa topera

berandu datozen neska-lagunekin egoteko antsia
eta gero: atzeko eserlekuei darien feromona usaina edo
babesean dauden aparkaleku sekretuen bilaketa

igande arratsetan aitari laguntzea
eta etxerakoan
20:15 aldera-edo
Tricky-ren Maxinquaye diskoaren aipamena
besteak beste Overcome ia osorik entzutea
Euskadi Gaztean (sic)

kontzertutik bueltan
burua da buila
garuna da danbada
ordu txikitan
Bergaran AP-1eko tunel luzeko bisitari bakarra naiz
eta erdiko erreitik azeleragailuaren muga zapaltzen dut
gaztetasunaren lotsagabekeriaz

epaitua izateko beldurrak hartu nau gero,
isilean geratu naiz une batez,
eta errepikatu dut autorik ez daukadala
lanpostu berrirako elkarrizketan egin didaten galderan.

2018-03-21 18:46:53 (bizhitz)

nola

Kaka futbol-jokalariaren afixa erraldoiak hiri kosmopolitako eraikin grisaren leihoak tapatzen zituen 2004ko udazkenean. Argazkia, zuri-beltzean.

Limoizko sugus bat eman nizun eta inguruko kaleetan galdu ginen. Elkarren ondoan, itxuraz; bakoitza bere aldetik, segituan.

Hortik aurrera, itota, bizitza ozeano bat dela ulertu ezinik jarraitzen dugu.

Zera abesten zuen Richard Aschroft-ek:

Woke up with a scream
I was buying some feelings
From a vending machine

Swipe left.

Kolpetik esnatu eta galdera: nola demontre iritsi gara hona?

2018-03-11 23:05:11 (anabasa, bizhitz)

irla

ondoko irlatik etorri zen familia guztia: gurasoak eta alaba bakarra.

desertuko putzu hau irla bat da lehorrean.

irla izan naiz zure aldamenean.

2017-12-31 21:43:43 (bizhitz)

powerbook

Familia-bazkaria, neguko igandetan lez. Etxeratzean PowerBook bat zeukan gogoan — ordu hartan sagarrak zokoan-edo zeuden kontsumitzaileen begietan; ez ziren horren ezagunak.

Iluna zegoen arratsaldea, euria ari zuen gogotik. Goiko leihoan tanten leherketa entzuten zen bata bestearen atzetik. 33.6kbps-ko modemak garrasi itoa egiten zuen konektatzerakoan.

Makinaren xehetasunak PDF batean irakur zitezkeen, horretaz ondo akordatzen da. Akordatzen da halaber Acrobat Reader behar zela horretarako, ez zegoela beste modurik.

Eta aldi berean, aurreiritziak izenburuko kantuaren burrunba bozgorailuetan errepikatu ahala, idazle izatera jolasteko jostailu paregabea iruditu zitzaion hori guztia.

Edukiaren gainetik, tresna, bitarteko eta itxura-mitxurek atentzio osoa bereganatua baitzuten jada.

2017-08-18 22:17:28 (bizhitz)