188 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.
spam
Maite dut spam karpetan zure emailak aurkitzen ditudanean. Yogurt kadukatuak baino ahaztuago begitantzen zaizkit, viagra, loteria irabazle, penis enlargement eta lan-eskaintzen artean. Mezua ireki ondoren datoz zerbitzariak atzeman dituen hitz "goxo" eta "erotikoak".
Ez diet kasu gehiegirik egiten, ez dut mezua leitzen. Behin betiko ezabatu eta move on, hori da nire estrategia.
Serio zatozen egunean izango dira komeriak: otsoarena sinistu ez zuten gisara, spam filtroak ere ez ditu zure esanak balekotzat hartuko.
bake
busti
Esperientzia itsasoratzeko aldapa herdoilak hartuta dago.
Vivianek esaten du denbora osoan pentsatzen arituz gero sekula ez dugula benetako ekintzarako tarterik uzten, hau da, buruan gauzak bueltaka eta oinak eta eskuak geldirik badabiltza, jai daukagula.
Datozen denboren ozeano horretan murgiltzeko ezinbestean busti behar dela errepikatzen du, asmoak itsasorik zabalenetan izanagatik ere lehorrak itotzen baitzaitu bestela.
Lurrari lotzen gaituzten hitzei banaka-banaka utzi behar zaiela igeri egiten, alegia.
kabina
Kabina gorriko aulkian eserita euritsu ikusten da ostegun goiza. Telefonoaren bestaldean amaren ahots urratuak egunak ekarri dion nekea neurtzeko balio dit. Eta okasioa aprobetxatu dut ondo lo egin esateko, bide batez.
esnatze berriak
su
Amonaren etxeko tximiniaren epel goxoak tontotu zaitu egurrezko aulkian eserita zaudela. Kafea hartu berri zauden arren ere, euri tantek leihoko txirristan ateratzen duen hotsak ez zaitu berehalakoan esnatuko.
Egia da duda beti egon dela piztuta; sorginduta zauzka itzaltzera ailegatu ez den su betiereko horrek.
mikroskopio
John xaharra arotz libanoarra da. Barre artean kontatzen du nola azaldu zitzaion lagun bat ezkonberritan bi emakumerekin; bere ahotan bata bestea baino dezentez lirainagoa zen. Elkarren ahizpak ote ziren galdetu zion lagunari. No, I've got two wifes erantzun zuela esan eta irri egin du te beroa eskutan hartzen duen bitartean.
Zerua zementuzkoa da gaur, haizea norabidez aldatu da eta ufada batez heldu da gugana.
Egoerak, bizipenak, pertsonak, mikroskopio baten atzean ipiniko bagenitu... Baina makroskopioz begiratzera ohitu gara, axaletik ikustera, inguruak eskaintzen duena ez behatzera, gizartean zedarritutako iritziarekin bat egitera, bere nektarretik edateari uko egiteraino.
hollywood
Euria goitik-behetik Hollywood Rd. 17an
labouring hitza hiztegiratzeko garaian
zulo beltza daukat laneko zapatiletan eta
inpazientziaz blai nago
Hey buddy, how are you doing?
galdetzen du nagusiak
erlojuaren segundoak astun egiten direnean.
Karretilak berunez egina dirudi
gidari baldarra sentitzen naiz
lur lohituan barrena eta
Sven Nys imitatu nahi nuke
orduko 20$ ematen duen
ziklokros karrera honetan.
Horrelakoa da bizitza:
poema bat tatuatuko dizut zementu gogorrean
Jackhammerra eskutan hartuta.