begizta

Disko gogor zaharra aurkitu duzu. Entxufatu eta leiho berrian zabaldu zaizkizu ikonoak. Ez da hautsik nabari mahaigaineko pixeletan.

Ohozpelak baleitu irratsaioko begizta topatu duzu lehenik.

Entzuten dugun musikaren ehuneko handi bat “loop”ak dira. Batera doazen ziklo labur errepikakorrak, matematikoak ia.

Eta batera joango ez balira, edo batera joateko aukera asko balira?

Play sakatu eta atzeko planoan utzi duzu bere patxaran.

Argazkiak, dokumentuak eta batez ere gordetako zakarra etorri da erreskadan. Ez ezazu uka Diogenes hitza burura etorri ez zaizunik.

Betikoa pasa zaizu, gainera: barre egin duzu, zeinen inozoa zinen, nola egin zenitzakeen halakoak eta ohiko BullShita errepikatu duzu kaskarrean.

Desberdintasunari lekua egin diozu halere. 30 minutuko begiztan entzun gabeko tonuak harrapatu dituzu. Baina edadeak ez dizu belarria findu; izatekotan, alderantziz da.

Badakizu agerian zenuen horri entzungor egin zeniola. Eta damutu egin zara. Leiho guztiak itxi, aparatua desentxufatu eta hasi zara idazten lehen bezain gizarajoa zarela. Eta horrela, begiztaren beste errepikapen bat hasi da.

2013-12-26 22:55:36 (anabasa, bizhitz)