metrologia
Adibide bat emate aldera,
gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
distantzia neurtu ezinezko
urrats makaletatik.
Akordatzen uda bero haietako ordu txikietan
parrandatik etxerako bidean
errepide nagusiaren erdiko marrak nola zatitzen zintuen?
(txiki-txiki)
Momentu horiek memorian pizten zaizkidan bakoitzean,
izkina batera alboratuta irudikatzen zaitut orain.
Antzekoa gertatzen zitzaizun negua euritsu heltzean.
Itsasertzeko pasealekuan
farolen argi desenfokatuari jarraituz
atentzio osoa izarretara desbideratzen zenuen.
WhatsApp mezu koldar batean idatziko dizut garai hartan
etorkizunak egin zizun aitormena:
badoazen hegazkinen kea besterik ez dira izar iheskorrak.
Etxean ahaztu zenituen
metrologia-ariketak.
Gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
hileta elizkizunetatik.