188 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

aitormen

Ez nuen aitortu
lo itxurak ziren nireak
pertsiana, eguzkia, anbulantzien sirenak
Raviolli batzuk prestatu
zortzigarren bateko sukalde zaharrean
—zarata sartzen da leihotik—
atzoko ogia eta erretratu bat parkean
metrotik atera, katuak teilatuan
zerbezarik gabe kontzertu baten bukaera ikustea
—perspektibarik ba al huen, orduan?—
korrika alde egin, billeterik ez ordaindu
zapatu gau batez elkarren ondoan loak hartu
eta urteen poderioz labirinto batean galdu.

2010-12-31 00:12:48 (bizhitz, neurtitz)

ekuazio

Audientziaren artean sumatu zintudan, zuzenki ari baitzinen ni nengoen tokira begira. Nire aldamenekoari edo niri, inkognita besterik ez zen ekuazioan. Zure aurpegia oso ezaguna egin zitzaidan, bide batez.

Nire aldamenean zegoenarekin hizketan ikusi zintudan gero, artean trago atera berria eskuan zenuela. Ordua gainean neukan eta joan egin behar izan nuen.

Gaur berriz, goiz jaiki naiz, txingorrak esnatu nau leihoan. Bizarra egiteko gogorik gabe nago azkenaldian eta presaka gosaldu dut. Mobilera ezezagun batek bidalitako mezuak denbora jelatu du baina: bobo, enitzan ni nre aizpa zan. mx.

Orduan atera dira hamaika istorio memoriaren kamaratik eta apurka-apurka urtzen hasi dira... eta konturatzerako, ekuazioko ezezagunak korapilatu zaizkit, berriz ere.

2010-12-07 00:30:37 (bizhitz)

ostegun

Ostegun iluntzea Antiguoko tabernazulo batean. Kearekin batera beste zerbait arnasten da. Unibertsitateko gazteen artean porroa dabil rulatzen. Neska gazteak eserita daude, berriketan.

Argiaren ilunak erakarri nau: garaiz habil, ezertarako berandu izan baino lehen.

2010-12-03 10:27:11 (bizhitz)

hiri

Hendaian topoa hartu eta kapitalera egin dut bidea. R. tabernan daude nire zain, ke artean kamuflatzen direnak eztabaidatzen ziurrenik.

Entregatu diet nire idazlana, sobre itxi batean. Saludatu eta kaleko hotzerantz egin dut. Bizitza lapurtu zidaten toki berberek itzuli didate epeltasuna.

Denbora zen hirira etorri gabe. Distantziak pausa ematen du. Zure begiradak ere hori dio.

2010-12-01 22:48:49 (bizhitz)

malekoia

Neguila hurreratzen denean zapatak ateratzen ditut pasieran kresalaren hotzaren bila. Txanoaren azpitik sartzen den bisutsak belarriak jelatzen dizkit, baina gustora noa, nire aukera da.

Malekoia alfonbra marroiak estalita dago. Pauso bakoitzaren osteko arnasaldiak esaten dit nolakoa den.

Jendearen begirada galduak dira egunerokotasunari heldutako paseoan. Olatuen bitsak bustitzen ditu itsasoaren bizkarrean bizi direnen postalak. Errobera fineko bizikleten jabeek ziklo-krosa ezagutu dute hemen.

Halako egunetan zalantza guztiak uxatzen zaizkit: argi gehien ikusten den garaia da hemen malekoian eguraldia zakartzen denean.

2010-11-22 22:24:15 (bizhitz)

antartika

Zapatu arratsaldea da kapitalean. Semaforoa gorri. Luze eta geldo doa instante hau, Shibuya Crossing dirudi. Momentu egokiaren bila nabil.

Askotan pentsatu izan diat nahaztuta hagola — hego-ekira begira jartzen haizenean, batez ere. Antartika seinalatzen duk begirada zuriz, eta neguko eguzkia pitzatu nahi zian meatzaria ekartzen didak gogora.

Naturala beharko zukeenaren kontra, hala duk: askotan hire eguzkiak itzaltzeko joera hartzen dik. Bazeukak zer edo zer tokiz kanpokoa. Gainera honez gero nitaz ere ahaztuta egongo haiz, baina auskalo; igual dik.

Eta orain zebrabidean bagoazela, pentsatu dut izena dela atzean uzten dugun bakarra, izan ginenaren sinadura. Eta akordatzeko modu horrek betirako markatuta uzten gaituela, oroitzapenik makalenetan bada ere.

2010-11-10 23:18:08 (bizhitz)

despedida

Leihotik begiratzeko egunak dira, berunezko denbora eskutan hartu eta joaten uztekoak. Bizikleta zaharren kateak nola bizirauten duten ikustekoak.

Itsas-bazterretik zoazela euri langarrak jertse txanoduna bustitzen duenean herriko soinuak entzuten dituzu, eguzki hilabeteetan ezkutatuta egon diren soinu berberak. Halako izaera hartzen baitu agorrilaren ondorenak etxean arrotz sentiarazi zaituen urtaroaren despedidan.

2010-09-16 19:48:05 (bizhitz)

lurperatu

Zergatik ukatu egia, badakigu jaiegun batean hil zela.

Mugarri horretan hasi ginen konturatzen gudak denbora geldian lurperatu behar genituela.

2010-09-12 14:04:56 (bizhitz)

ikuttu

esku txiki
bihotz haundi

odoletik edan

eskua heldu eta
bihotza ikuttu

2010-09-08 19:57:35 (bizhitz, neurtitz)

eten

Hilabeteak dira hitzik egiten ez didazula. Hilabeteak dira sokaren itzala agertzen ikusi nuela.

Saiatu nintzen hau guztia ertz batetik begiratzen, artean jakin gabe nolakoak ziren denboraren malkar luze haiek.

Kale hutsetan barrena zure perfumea usain dezaket. Galdutako begiradetan ikusten zaitut. Ezker eskuz egindako keinuen nortasunak salatzen zaitu.

Urrutira sumatu zaitut eta begira geratu zara. Ez duzu kolorerik ikusi haize kamutsean. Agerian utzi duzu nekatu zarela eta jarduna eten duzula.

Garaia da tentuz demostratzeko ertz honetan ametsak ezin direla akatu.

2010-09-06 12:10:08 (bizhitz)