194 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

rotonda

Telefonoak hots egin du. Gaur agertzeko, denbora zuela. Autobide okerretan zuzendu dugu norabidea eta konturatzerako han geunden, eguerdiko eguzki epelaren azpian, mahaiaren inguruan berbetan.

Ezer baino lehen argitu digu ez joateko diruaren atzetik, han ez genuela halakorik topatuko; diruarekin ordain ezin daitezkeenak, ordea, hamaika.
Adibide garbia begi-bistan: ezin soa bailararen berdetik kendu. Eskua kopetaren parean jarri dugu sarri, eta ez bereziki ikusmena itzaltze aldera, eguzkiak itsutu baino ingurua argitzeko asmotan baizik.

Bere ibilbideaz jardun du luze ta zabal, nola egunerokotasunaren rotondan zebilen zorabiatu bezain nazkatuta —hemen inguruko gehienon gisara, bide batez—, eta nola egin zuen bizitzaren aurreko bere apustua. Ondo edo gaizki atea zeikek, horregatik dek apustua, baina arriskatu edo rotondan bueltaka segi, hori besteik eztaukak.

Konfiantza eta animoa transmititu digute bere hitzek eta despeditzean garbi esan digu, Bizitza lau egun dituk, eta hoitatik bi lainotuta.

2010-03-16 22:07:32 (bizhitz)

ziur

Oso ziur nengoen bizitzan zenbait gauza pasako zirela noizbait. Hil aurretik gerta litezkeen kontu horietakoei buruz ari nintzen, alegia. Tartean gauza oso inportanteak zeudela argitu nizun, belarrira esan ezin diren istorioak ere bai, gainera.

Ziurtasunari sinismena gehituta bizitzeko grinak itzalezinak zirela errepikatu nizun. Oraindik hamaika gertakizun ikustekoak ginela, jazoko ziren pasadizoak historiara pasako zirela eta, orduan bai, orduan belarrira xuxurlatuko nizula betetako ametsen zoriona.

2010-03-08 00:19:21 (bizhitz)

grazia

Plaza honen erdian nago eserita —Piazza Fiera esango luke A.k— liburu eta kafe batez lagunduta. Soa altxatu dut eta grazia egin dit han bestaldean ikusi dizudan preokupazioak, ardura isilak, hitzez haritutako fereka mutuak.

Zerbait gertatu zaizu burutik bueltaka dabilkizula pentsatu dut galdera markak enparantza zedarritzen duela sumatzean. Ez baina. Gehienez ere esertzeko plazerera makurtu naiz, esperoari goxatzeko eskubide guztiak bermatuz, denboraren zirrikituekin forma diferenteak osatuz.

2010-03-06 10:45:38 (bizhitz)

tango

Tango baterako keinua egin zidan. Ordura artean halakoetara jolastu gabea nintzela erantzun nion, keinu lotsatiz. Diferentea izango zela. Tira ba.

Nire harridura elikatze aldera, ordea, egin zuen gauza bakarra tangoari izena aldatzea izan zen.

Literatura artifizio hutsa da.

Mario Vargas Llosa

Sastada bakar harekin harrapatu ninduen. Zein erraza den amore ematea.

2010-03-04 00:02:09 (bizhitz)

arreba

Begiak gorri ditudala esnatzen naiz azkenaldian, suzko arrakalekin zainetan barrena. Eta badakit ez dela amets beliko baten eragina, orroa grinatsuena ezta gupidagabeko herrarena. Ez.

Badakit urrutian zaudela eta zure negarrak itsasten zaizkidala gauez, ispiluaren bestaldean ikusten dituzun koloreak ilunak besterik ez baitira. Eta niri horrek, arreba, min ematen dit.

2010-02-24 17:52:09 (bizhitz)

molla

Molla zaharrera inguratu naiz aspaldiko partez pasieran eta kulunka isiletan abandonatutako txalupei begira galdu zait mira. Utzikeria, liskarrak, heriotza, hamaika arrazoi egon daitezke batelen ahanzturan.

Baina, gauza ziurrik balego, etxe inguruko ur ezagunek sortzen duten ilusio falta da; ur handiago eta berriagoen nahiak itota hil diren altxor (des)preziatuak dira.

2010-02-22 19:49:18 (bizhitz)

karta

Eta buzoitik gutunak hartzen ditudan aldiro, kartaren bat nire izenean datorren begiratu eta presaren presaz, zabaldu egiten dut. Ordea, beti datoz letrak eta zenbakiak nahastuta tristurak itxitako kartazalean, infinitua kobratu nahi zenidala bost aldiz errepikatuz, eta artean ez dut ulertzen zergatik bidali zenidan mezu bera hamaika aldiz.

Behin esanda, nahikoa zen.

2010-02-16 17:52:43 (bizhitz)

kontra

Etzan egin nintzen eta kumuneko iturriko tanta galduak besterik ez nituen entzuten, zirrikitutik eskapatzen den hasperena, ezkutukoa, inoren bistan egin nahi ez den aharrausia, eman nahi ez diren esplikazioak, inora begira galtzen den denbora, eta pixkanaka-pixkanaka oskol hauskor bihurtu ziren —tantak—: lehenengo ikutuak laztanak dira, geroago ohituraren ferekaren forma hartzen dute, kasik konturatu gabe eragina hazten doa eta azkenean elkargunerik gabeko intersekzio bilakatzen dira.

Eta momentu hartan etzateko hautua egin izan ez banu, ondoriorik gabeko pentsamendu alferrak besterik ez ziren izango buruan, nagiak jota esnatzeko molestiarik hartuko ez luketenak, agertzeko imintziorik txikiena ere egingo ez zutenak.

Baina ni, ordea, beti haizearen kontra.

2010-02-15 00:11:01 (bizhitz)

zenbaki

Batera eta bestera begiratu eta zenbakiak ikusten ditut elkarren segida uniformeetan, paralelismoren bat azaleratu nahi balute bezala. Elkar begiratzen duten ispiluak dira; 24:24, 12:21, 22:22, 88, 44.

Baina ez dakit zenbaki horiek hor egon diren beti edo nire buruak ikusi nahi dituen hor, errepikapenen baten seinale modura.

2010-02-09 21:44:00 (bizhitz)

zirriborro

Hasi orduko dator gainbehera. Pixka bat gehiago ere iraun dezake. Hasi orduko zirriborro berri bat doa zakarrontzira. Halakoa baitzaitut: idazten hasi eta inoiz amaitu gabeko ipuin bateko protagonista, asmatzea zail baino arriskutsua den eremukoa.

Eta paperezko ahotsak zimurtzen dira, eta zimurren kolekzioak pilatzen dira, banan-banan deseginez betetzen doan ontzian.

2010-02-06 14:36:56 (bizhitz)