marka
Beti itxura eroria zeukan ahizpa zaharrenak. Hamazazpi urterekin txakolin botila husteko deman datorkit burura. Eta munipa lanetan aritu zela zenbait udalditan. Hori da gorde dudan imajenik osoena, gainontzekoak ondo fokatu gabeko erretratuak besterik ez dira.
Finean horrela ikusten baitugu mundua, une jakinetako ekintzek bizi osorako marka utzita eta, inguruko pertsona izan eta ezagutu ezean, garbi eta osoen daukagun oroitzapen hori —orokorrean bere bizitzarekin zerikusirik ez duen une horretako hori— izango da gordeko duguna. Oroitzapenik gardenena irudi lausoena da aldi berean.
Eta horrela ikusten gaituzte gu, festetan atxur galanta harrapatu zuen ondoko herriko despistatu gisara agian, edo tabernan zapatu arratsaldez bakarrik agertzen zen tipoa bezala, adibidez.
Gaizki errebelatutako argazkiak gara eta kolore aproposak erakusteko bidezidorrik gabe markatuta gaude.