pasiera
Zorua blai eta euria goitik behera erortzeko imintzioan zela atera naiz pasieran. Kostarantz egin dut orbelez jantzitako kale-bazterretik.
Argia ikusi dut zure gelan, bigarren pisuan. Etxe orotan neguan pizten den argi leun horietakoa zen, eskuan kikara bero batekin leihotik begira egoteko eszenetakoa. Jaberik gabeko argia zen baina.
Etxerantz buelta egiten hasi orduko agertu da euria goitik behera, zipriztinka. Txanoa jantzi eta pentsamenduetan bildu naiz.
Segituan konturatu naiz nire ibilia ez zela erosoa ordea, euri-tanten klin-klin lasaiaren pausoa gozatu ezinean nenbilela. Orduan hasi da makinaria martxan, buruari bueltaka, arrazoien bila.
Zure presentziarekin egin dut topo, besterik ezeko arrazoien artean pizten den argia bailitzan. Hortxe sentitu zaitut txano barruan, belarri atzean beharbada, pausoa trakestera naraman egote isilean.
Etxera iritsi eta gutuna idazten saiatu naiz. Utzi egin behar izan dut. Ibilera lasaia emango didan pasiera eskatu nahi nizun, baina, inozoa ni, beldurraren izenean sinatu nahi ez.