irakaspen (II)

Aldapa gora hasi eta goroldio artetik makila luzea atera zuen. Orduan egin zituen lehenengo hitzak.

— Arbola honek ba al dakizu ze izen dun?
— ...pinua — erantzun nion ezjakinaren lotsaz.
— Ze pinu klase ordia?
— ...
— Lausirena. Ta hango hua abeta. Aldamenekua beitu, japonesa.

Bidea malkarra zen, zenbaitetan jakintzaren hutsuneak betetzeko egin behar diren ahaleginak bezalakoa.

— Hauzkaldeko hua ezautze al dezu? Tuliperua, kriston katxarrua!
— Sikiera hemen aldameneko hauek aritza ta lizarra izango'ia, ezta?
— Bai, erderaz fresno. — ebaki zuen irmo.

Sasitza galantak pasa genituen bidean, artean anabasa besterik ez zela zioen, eundoko anabasa, zehatz-mehatz.

Beherakoan bueltan geundela diferentzia nabarmendu nahi izan zidan.

— Guk hamar urte giñuneako arbola klase danan izenak genixkin. Uañ e'tzaizue halakoik eakusten.

Hori esanda, irripar txikia atera eta makila berriro goroldio artean ezkutatu zuen, sekreturik handiena balitz bezala. Niri ordea denak kontatu zizkidan.

2009-10-13 23:59:01 (bizhitz)