marketing
itxuraren lilurak hurrupatu du:
alfonbra zaharrak, erdizka dabiltzan lanparak eta herdoilak harrapatutako
aulki-mahai ñimiñoak atarian
aurreko kale-izkinan tipo batek adierazi dio
kafe-makina italiarra dutela, buonissima,
jendearen esamesek, jakituriaz beteriko trip advisor-eko iruzkinek,
denek egin dute bat lokalaren bisitari-oldea azpimarratzean:
jende guapo eta kezkarik gabeak loraturiko baratza da
"arrakasta" diote
ulertzeko modu zenbakizkoaren aparrak
gainezka eginda
galdetzen al diote txandako baristari
lorik egin duen gauez,
noizbehinka
umore-aldaketa gorabeheratsurik jasaten duen,
arrastaka dabilen
baina berdin du
mikaztura puntuak
azukrearen potoan gatza erori den
belar zaharrak ondo apainduta
lore modura ere sal baitaitezke