gaupasa
Lo hartu ezinezko udako gauak beti dira agobianteak. Bueltaka ibiltzera derrigortzen zaituzte inora ez heltzeko.
Gau bero hartan hotz zenuela zirudien ordea, inora barik nigana heldu baitzinen. Hegan inguratu zinen tabernako berotik mingainaren gogora, azalaren berora.
Eguna argitzen ikusi genuen gero, kostako lehenengo langileen hotsen artean. Hondarrez estalitako panpinak ginen, mendebaleko azentuz nekatu gabe hizketan.
Isil-gordean neukan baina ni ere hegan desagertuko nintzela, halabeharrez. Gauzak horrela suertatu zirela eta ez zeukala erremediorik errepikatu nuen neure baitan.
Etxerako bidean betiko hausnarketa piztu zitzaidan: orain ere bueltaka eta inora iritsi gabe. Ondoloin isil batekin agurtu nuen gaupasa.