156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

terraza

Bazkalostean eguzkitara jarri ginen terrazan. Kanpai-hotsak keinu egin zuen  eta umeak korrika zebiltzan arimarik gabeko kaleetan. Sukaldera inguratu nintzen zerbeza banaren bila eta itzultzean niri buruzkoak kontatzeko eskatu zenidan. Trago luze bat eman nion botilakoari. Arratsalde gozo bat izango zen.

2007-04-23 20:58:40 (anabasa)

jarraitu

Itsasoak arnasa hartu du gau minean eta estreinatu gabeko zapaten pare utzi du besarkatutako azala. Laztan horren gainean gabiltza bizikletaz, geure autobide propioa sortzen. Zailtasunak zailtasun, gozamena da errueden ezinagatik hondarretara jausten naizenean algara hurbil bat entzutea eta ni ere barrez hastea zuri begira ilargipean.
Lurretik altxatutakoan aurrera egiteko seinaleak aurkitzen ditugu bide-ertzean eta faroaren argia urrunean agertzen da, tarteka.

Olatuek baretasunez diote: jarraitu nahi?

2007-04-22 21:24:38 (anabasa)

laku

laku

Hamaika bide leku anitzetara eta denek dute geroa. Zapore ezberdinetako lakuak inguratu eta banan bana xurgatu: hitzak bilatzen dituzten, hitzak behar dituzten.
Bidezidorren artean amesten hasi zinen, patua zure hitzetan erabakitzen zela konturatu gabe.

2007-04-21 19:43:20 (anabasa)

bruma

bruma

Koloreak itzaltzen dira lanbroaren bihozpean. Ilargia flash bat da goiz euritsuan eta sentimenduak ga(l)(n)du(tu)ta.
Esperantza: itsasoak argitu zuena tanta batek lausotzen du.

2007-04-20 19:54:40 (anabasa)

erreka-bazterretan

Txalupa zaharrak betiko erreka-bazterretan daude ainguratuta. Habi abandonatuak dira ur-izkinan, nola edo hala soka bigunekin eutsiz itsas hondotik jaio ziren makil zaharrei. Eskailera makalduak agertzen dira sastraken artean, umeltasunaren putzuan. Aspaldi galdu zuten paseoaren kontzientzia, patroiaren arrazoiekin batera galdu ere.

Hegaztien pausagune inprobisatua, denboraren zuloekin eta goroldioz berde, zokoaren ahanztura konpartitzen dute urrutiko batelen batekin. Ekar ditzagun gutxienez instant batez memoriara eta senti ditzagun haien kontu zaharren taupadak. Lezioak dira, ur baretan.

Bilatu hor barrenean eta aurkituko dituzu, erreka-bazterretan.

2007-04-19 22:53:21 (anabasa)

izena

Oraingoan ere Xabier Gantzarainek perla bat utzi digu begien aurrean. Irakurri eta gozatu.

Aspertu egiten zara egunkariekin, banaka beharrean binaka, launaka pasatzen dituzu orriak. Baina gaur, aspaldiko partez, albisteak harritu egin zaitu, goitik behera irakurri duzu, eta poztu egin zara. Urtarrilaren 12an, Joshua Bell biolin jole ospetsua Washingtoneko metro geltoki batean aritu zen jotzen, Washington Post egunkariak proposatutako esperimentu batean, goizeko zortziak inguruan; oso jende gutxi gelditu zen entzutera, 1713. urteko Stradivariusa nola goxatzen zuen ikustera. Dolar gutxi batzuk batu zituen. Aurreko astean, bere kontzertua entzun nahi zuenak, 100 dolar ordaindu behar zuen sarrera.

Esperimentuaren eragileek zein ondorio atera dituzten ez dakit. Albistean bertan hainbat kontu aipatzen ziren: goizeko ordu horietan, lanera presaka zoazela, ez daukazula astirik musikari erreparatzeko, ez dagoela modurik edertasunari leku egiteko. Eta hala da. Nola esan nagusiari metroan biolina jotzen ari zen tipo bat entzuten geratu zarelako iritsi zarela berandu lanera?

Baina esperimentu horrek beste hainbat kontu uzten ditu agerian, eta presarena da gutxienekoa. Inork ez du espero Joshua Bell metro geltokian hastea biolina jotzen. Joshua Bell biolin jole handi egiten duena ez da, tamalez, bere talentua, sistema baizik. Kontua ez baita nola jotzen duen, kontzertua non ematen duen eta sarrera zenbatean dagoen baizik.

Zenbat aldiz ez ote dugu entzun, eta zenbat aldiz ez ote dugu esan, tipo horrek Miro bat zeukan bainugelan. Koadroa ederra al den, gustatzen al zaigun, ezertan aldatzen al gaituen, bost axola, tipo horrek Miro bat zeukan bainugelan. Izena da benetan axola duena, sinadura da azkenean ordaintzen dena.

Camilo Jose Cela idazleak ere Miro bat zeukan etxean, eta harro zegoen gizona. Halako batean, Miro bera etorri omen zitzaion bisitan, eta Celak egongelarako bidea erakutsi omen zion: «Zure koadro bat daukat egongelan». Iritsi ziren egongelara, jarri ziren koadroari begira, eta Cela harrituta bezain haserre utzi zuten hitzak esan zituen Mirok: «Koadro hau ez da nirea, faltsua da». Ederra sakatu ziotela, engainatu egin zutela, sutan jarri zen Cela. Sukaldera joan, aiztorik handiena hartu, eta amorruz urratu zuen mihisea, Miro lekuko zela. Orduan, etxean pinturarik ba al zeukan galdetu zion Mirok. Baietz, zer edo zer edukiko zuela. Ekartzeko. Hartu zituen pinturak, hartu zuen pintzela, eta Celak urratutako mihise hura sinatu egin zuen.

Miro faltsua, keinu sinple horren bitartez, Miro autentikoa bilakatu zen. Eta noski, gora eta gora egin zuen koadroaren balioak merkatuan.

2007-04-15 00:50:35 (anabasa)

sartalde

Egunero ezkutatu zitzaizkigun hitzak. Auzo bereiziko lautada epeletan bizi gara gora begira, noiz etorriko, hitzak. Berotasun laranja horrek adibidez edo gitarra doinu ahantziak, heldu berrien moduan sentiarazi digute sartaldeari begira.

Esaidazu zeruko kantu hori, inoiz berriro azalduko dela.

2007-04-11 20:49:54 (anabasa)

itxura

Autobusaren azken eserlekutik munduaren amaiera ikus dezaket. Kilometro askotako ilara luze batean laburbiltzen da. Horko kirioen dantza, horko petralkeria usaina, horko karbono dioxidozko paretak. Ezkerraldera begiratu eta kamera geldoan bakarrik agertuko litzatekeen paisaia agertu da: munduak amaierarik ez balu, ez litzateke existituko.
Euri tantek gogor astindu dute kristala; zaparradaren aurrean urtu da geldotasunaren aztarna.

Orduan txoferrari atea zabaltzeko eskatu diot eta euripean errepidea gurutzatu dut. Gero, errekaren bestaldeko haranera egin dut zubi zahar batetik eta baserri abandonatuaren teilatupean babestu naiz. Bertan zeuden zaldien artetik polita eta guzti dirudi munduaren amaierak.

Errealitatearen itxura beti da bestelakoa begirada motela jantzita.

2007-03-27 19:44:45 (anabasa)

eztanda

Eztanda baten erdian esnatu naiz, errepidean etzanda. Olatuek bortizki hartu dute lurra euren besoetan eta xuxurla geroz eta handiagoa da. Jendea korrika dabil ihesean kaosaren bila, errepideak espaloi bihurtu dira. Zortzigarren solairua sutan dago baina momentu honetan ez du axola. Garrasi antzuak eraikin abandonatuetan. Egunkariko eszenak muturren aurrean, hitz lauz inoiz argitaratuko ez direnak.
Etxeorratzek olatuaren bultzadarekin hondamendia eraikitzen dute atzekoz aurrera, sormenaren iturburua helburu. Zurrunbiloaren zentroan, gizon trajedun baten negarrak ureztatzen du jardin abandonatua.

Aspertu naiz. Taxi! oihukatu eta bizitza berri baten bila abiatzea erabaki dut.

2007-03-25 21:28:52 (anabasa)

leihotik

Teilatu luzeko etxe baten azken solairuan, barruko lanpara piztu eta epel horretan leihotik begira jarri da. Euri tantak paradisu berri baten bila abiatzen dira, goitik behera, etorriko dena hobea izango denaren peskizan. Eurek zutena gutxi balitz bezala, unekoa itsutuz oraindik existitzen ez denari begira. Horretan bihurtzen baita etorkizuna, izan nahi genuenaren asmoez blai dagoen denbora kamuflatua.

Leihotik aldendu eta liburu bat irakurtzen hasi da, pentsamenduak ametsetara irauliz. Egunen batean idazle izan nahi du, gaur ez dauka gogorik baina.

2007-03-23 19:21:04 (anabasa)