156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

kabina

Kabina gorriko aulkian eserita euritsu ikusten da ostegun goiza. Telefonoaren bestaldean amaren ahots urratuak egunak ekarri dion nekea neurtzeko balio dit. Eta okasioa aprobetxatu dut ondo lo egin esateko, bide batez.

2012-03-08 03:28:38 (anabasa, bizhitz)

eta

paseo bat larrazkeneko ahora:
ondoko herritik bueltan
amestutako eszenak akuarelaz margotuta

aspaldiko ezagunarekin ikusi zaitut oinez;
inoiz ez gara hirurok elkartu birra batzuk hartu eta
tertulian aritzeko

beranduago kale nagusian,
dirua ateratzen zeundela buelta eman eta
artean kendu gabeko kaputxatik irten zaizu mira.
irribarre bat izan da airean
datozen denboren ahoko zuloan

garaiko zeru oskarbiak ondo daki
hotza azalean itsasten hasiko zaigula
eroso deritzen portuak aurkitzeke daudela
eta bitartean
nork bere aterpeak bilatuko dituela

urteek ahaztu dituzte
besarkaden arteko espazio konpartituak

geratzen zaizkigun errebolberrak
pazientziaz kargatuko ditugu
presa ez dadin izan lehergai
behinola banatu gintuen bidegurutzean.

2011-10-22 14:46:24 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

pastilla

Egunak atzeraka doazen heinean, zenbat pastilla tragatu behar dira zenbakiak azkarrago suizida daitezen? Nazkatuta nago kontuak eraman beharraz, guztiari neurtzeko trepetak aldamenean ipini beharraz.

pastilla

Denboraren limitea, infinitura doanean, 0 da.

2011-10-07 22:48:46 (anabasa, bizhitz, erretratuetan)

erronka

Sukarrak jota dagoen kamareraren
irribarre lotsatia
kaña bat eguzkitan eta
datorzkigun erronken aparretan esnatzea.

Kraterrak ditut memorian
eta zelai berdeak
terreno urbanizableetan.

Ez galdetu inori
zertara natorren
karneteko izena nirea
ala momentuan asmatua den.

2011-08-07 01:17:26 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

lotara

lotara joan aurretik egin beharrekoak: pijama janztea, arropa zikinak aparte uztea, hortzak garbitu bitartean biharko zereginak errepasatzea, medikazioa bukatzeko falta diren egunak zenbatzea, ohean sartu eta liburuak harrapatuko zaituen edo ez deskubritzea, irakurriz despistatzea, gogoa desbideratzea, hortaz akordatu eta dei galdu bat egitea, mesanotxeko zure argazkia lurperatzea.

2011-07-26 10:50:37 (anabasa, bizhitz)

kaligrafia

Ez dut sinisten amaren alaba zarenik
autopistak
180km/h-ko abiaduran joateko diseinatu dituzun
bidezidor estuak dira

nola jabetu ingurukoaz
hitz egiten saiatzen naizen bakoitzean
once you go black, you never go back
irakurtzen badut
inongo eskuek orraztu gabeko hitzetan

bere horretan

kaligrafia ikastaro hau kenduta
guztia da debalde
oraindik baldar bainabil zirriborro honetan
nire izena eguneroko zeren artean kokatu nahirik.

2011-07-17 15:04:02 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

ride

Bero egiten zuen, kotxeko leihoak jaitsita gindoazen eta Depeche Modek markatzen zuen erritmoa. I'm taking a ride with my best friend. Ño. Propio jarritakoa zirudien.

Dena den, hala zen: zer axola dio nora joan konpainiak merezi duenean? Bilbo, Lekeitio, Durango, Azpeitia, Honyarbi Hills... izenak besterik ez dira. Hango eta hemengo sufrimendurik latzenak leundu ditzake aldameneko lagunak.

Baina Guardia Zibilaren kontrola. Eta noski, bi gazte izanik —puntualizazioa: gazte eta berde esatea gusto txarreko txistea litzateke—, jokatu gabeko loteria guri tokatu zitzaigun. Ostia eta puta guztiak barrutik. Musika fuera.

Ezkutatzeko ezer izan ez eta kirioak dantzan jartzea, munduaren zulorik beltzenean bakarrik sentitzea. Horixe transmititzen dute berdez disfrazatutako beldurraren nekazari andaluziarrek.

Documentazió, laz manoz en el zalpicadero, zalga uzté primero, póngaze al lado de mi compañero, por qué no va documentado?, kaka zaharra, tendremo que llevarle a Inshaurrondo, no me jodas.

Laguna hizketan sumatu nuen eta ez dakit nola baina larrua salbatu zidan. Pueden uztede seguir la marsha, mi compañero oz dará pazo. Pazen una buena tarde.

Hasperena. Musikak gure aurretik egin zuen hitz berriro; he knows where he's taking me, taking me where I want to be. Aurreko nire ondorioa aldatu behar izan nuen segidan: igual dio nora zoazen konpainia ona bada eta bidean txapel okerrik ez badago.

2011-07-13 23:35:47 (anabasa, bizhitz)

infarto

Kostata ailegatu da telefonora Mari Paz. Ez du gertatutakoa sinesteko indarrik. Dardarizoan numeroa markatzea lortu du.
— ¡Oye! ¡Que venga una ambulancia! ¡Que le ha dado un infarto a la que me cuida!

2008-09-11 22:12:33 (anabasa)

berandu da

Kanpoan geratu zen J.ren zain, hura barruan zegoela jakin arren. Ahots gehiago entzutea urruntze mezu bezala interpretatu zuen, ez baitzuen oso gustoko J.rekin geratu eta beste inorekin topo egitea. J.rekin geratu zen, ez da horren zaila, J.rekin.

Horregatik zegoen gelaren kanpoaldean. Mila eta bat aldiz letrero berdina irakurri zuen pareta gordinari begira. Gelako zalapartatik leiho aldera aldendu eta urruneko puntu bat aukeratu zuen, zerbaiti begira egotearren. Zigarro bat pizteko abagunea aprobetxatu zuen orduan. Urrutitik begiratuta tipo ezatsegin eta borde horietako bat zirudien. Bazekien jendeak berarekiko inpresio hori zuela. Bazekien era berean inpresio horren atzean gezurra besterik ez zela ezkutatzen.

Bostak eta hamar erlojuan. Berandu da pentsatu zuen kolkorako. Zigarroa leihotik bota eta berak bakarrik egingo zuela erabaki zuen.

2007-10-29 19:03:17 (anabasa)

silueta

Uste dut aje bortitz baten beste pasadizo batean Ruper kalean ikusi nueneko shocka ekartzen didazula gogora, bai behintzat zure siluetaren itzala gerturatzen ikusten dudan bakoitzean. Eta agian zertxobait fuerteagoa ere bai, lerro hauek idaztean gogoa zugan pausatzen baitzait oharkabean.

Baina ez okurritu nigana gehiegi hurbiltzen, ezezagunaren xarma zure etorrerarekin uxatzeko arrisku zentzugabean eror zaitezkeelako. Ez etorri gero niri kontu eske, ez nizula abisatu...

2007-10-26 00:08:05 (anabasa)