156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

langabezia

ad infinitum erantzun dizut, presaka, orain ezetz, denborarik ez daukadala, azkenaldian oso lanpetuta nabilela.

eta berriro, madame: je n'ai pas des temps, the clock is ticking so rapidly, tampoco me puedo parar a respirar.

langabezia estatistikoaren garaiotan ere, gizate(e)ri maltzur honetako egoera unibertsala bilakatu da lanpetuta egotea; alferkeriaren aitzakia sobresalientea da, nolabait.

asperduraren eta irudipenik gabeko errepikapenaren dekadentzian baizik ezin liteke hori gertatu, denboraren mutilazioa odoluste geldiezinera pasatzen den garai konstante horretan, hain zuzen.

2013-04-22 21:51:57 (anabasa, bizhitz)

atxikimendu

Halako batean akordatu ginen bloga geneukala. Hainbeste denbora. Ez ahazteko hasi ginen idazten, akordatzen? Adoleszentziak dauzkan indar horietakoen arteko bat atzamar puntetan sentitzea.

Everything dies, that's a fact
maybe everything that dies someday comes back.

(Atlantic City bozgorailuetan, zergatik orain?)

Eta ahaztu zaigu idaztea, ahaztu zaigu hitz egitea, ahaztu zaigu komunikatzea. Hitzen funtsa desagertzen ikusi dugu gure baitan eta atxikimenduaren belaunaldian bildu gara. Horixe egia.

2013-02-21 09:15:14 (anabasa, bizhitz)

amonari

Ez zegoen profeziarik, data emanik, munduak nahi zuena egin du bere bizitzarekin, nahi izan duenean, gainera.

Ez da duina lanari emandako bizitza baten hondarra horren modu lehorrean itotzea.

Aukeratzeko modurik balego, izan bedi arrunkeriaz, eguneroko joan-etorriaren ispiluaren aurrean testigu.

2013-01-03 00:11:42 (anabasa, bizhitz)

ausentzia

izar galdua da
ohe honen loa

bizi honen historian ilargiak dirudi
gazta zati osatugabea
nirean, adibidez,
zurean

ausentziek gehiago batzen gaituztela
pentsatzen dut askotan
egon gabeko tokiek
itsu irudikatutakoek
gure artean ez dauden pertsonek ere
zerbait esan nahiko dutela
apika

baina erlojura begiratu eta
orain bakarrik jabetu naiz
ze gutxi falta den mundua bukatzeko

presak larritu nau une batez
itxarongo dudala agindu dut gero
aurki dezala loa munduak lehen
falta zaizkigunak osatuko ditugulako ondoren

2012-11-19 01:18:32 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

misio

Garajeko atea ireki eta arranpa bustian gora egin nuen kotxean. Etengabeko zaparradak irratiaren bolumena igotzera eraman ninduen. Everything But The Girl nagusitu zen barruko anbienteaz. Buruan bezperako diskusioa neukan baina.

Azeleragailua zapaldu. Erlojua begiratu. Neskaren odola parabrisan aurkitu. Dena bat.

Ordundik misio berria dabilkit kaskezurrean: zu ahazteko falta zaizkidan segunduak kontatzea.

2012-11-18 00:27:43 (anabasa)

pasa

Euri-tanten suizidioa besterik ez zen sumatzen gabardina luzedun gizona pasa zenean. Ilunak piztu zituen errenkadatan errotutako farolak. Olatuak ere hor zebiltzan orroaka. Entzutea merezi ez zuen ahotsa zen nire arnasa.

Ez zen askozaz gehiago pasa.

Halakoetan erakusten du bere benetako xarma malekoiak.

2012-11-06 01:07:12 (anabasa, bizhitz)

birus

Izerdi hotzak blaitu nau arratsalde sargorian.
Ez dakit ze birusek harrapatu nauen.

Zeruko atean zain egon ondoren
azken unean ez sartzea erabakitzearen tankeran,
itxuraz sendo ziren arnasbideak
bihurritu zaizkit
oxigeno-maskaren bila.

Bide artifizialek
amildegietan dituzte aingurak.

Garbi esanda
ez naiz zuri-beltzezko argazkietan
irribarrez azaltzen zena;
gaitzak astindu nau:
orain badakit
sendabidea harresiaren alde honetan dagoela.

2012-08-08 23:20:04 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

isil

Hutsik biluzik topatu dut nire gela. Bertan daude joan aurretik utzi nituen liburuak, arropak ez dira mugitu armariotik, bestela buzoian pilatuko ziren gutunak mahai gainean daude eta oheak ez dauka zimurrik.

Isilik dago anbientea, lotsak hartu du pareta, itzali zaizkio koloreak. Ez dago aitzakiarik, disimuluak ez dauka zer ezkutaturik.

Maleta desegin nahian, alferrik egindako lanak besterik ez datozkit gogora. Negarrari eman diot denbora kartzelan harrapatutako konstantea dela sentitzean.

Pazientzia ahitu eta hasitakoa bukatu gabe utzi dut azkenean: testamentua leihotik behera idazteari ekin diot.

2012-08-05 23:40:15 (anabasa, bizhitz)

pozoi

pozoia zara nire zainetan:
edo dena
edo bat ere ez.

2012-07-18 21:41:51 (anabasa, murritz, neurtitz)

spam

Maite dut spam karpetan zure emailak aurkitzen ditudanean. Yogurt kadukatuak baino ahaztuago begitantzen zaizkit, viagra, loteria irabazle, penis enlargement eta lan-eskaintzen artean. Mezua ireki ondoren datoz zerbitzariak atzeman dituen hitz "goxo" eta "erotikoak".

Ez diet kasu gehiegirik egiten, ez dut mezua leitzen. Behin betiko ezabatu eta move on, hori da nire estrategia.

Serio zatozen egunean izango dira komeriak: otsoarena sinistu ez zuten gisara, spam filtroak ere ez ditu zure esanak balekotzat hartuko.

2012-07-04 22:42:24 (anabasa, bizhitz)