156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

eguzkia piztu

Gauaren eskutik helduta goaz zubi infinituan barrena. Zentzuak erabat galduta agertzen dira urruntasun isilean, nahiz eta hauen erabilpena etengabeko aldarrikapena izan.

Gure hitzek ezberdintzen dute norantza: bakardadearen ahotsak ezin du eguzkia piztu.

2007-05-16 20:32:41 (anabasa)

alde eginda

Basoetan barrena orbelez estalitako espazioak agertzean, zapaltzera zoazena ez dakizu zer izango den: lurra, lokatza. Basoa ikusten uzten ez duten zuhaitzen artean aurrera egin nahian, asmo galduen bilduma besterik ez dute osatzen iraganeko urratsek. Mihise batean marraztutako zertzeladak bakarrik margotu direnean, eskuetatik alde eginda.

2007-05-11 00:18:49 (anabasa)

mutuaren hitzak

Atzamarren artean berotasun bat,
    sentibera.
Tarteka pizten den sugarra
zeruertzean galdutako puntu bat baino ez da
ozeanoan nonbait biraka.
Zure lekutik entzuten dituzunak:
    mutuaren hitzak.

2007-05-09 22:42:32 (anabasa)

isuri

Zerutik zintzilik dagoen iturriak
isuri gorria darama
inoiz bukatzen ez den film baten eszena dirudi
eta gu, arduragabeko ikusleak, lur azpiko eserlekuetan begira:
ezin inolaz zipriztindu,
ezin inolaz jarioa itxi.

2007-05-05 10:53:32 (anabasa)

hitz-totel

— Putalarruko begiak zizkian!
— Ah bai?
— Bai, marroietik berdera degradatzen dituken horietakoak. Azala berriz, beltzarana eta zetazko oihalik leunenaren pare. Segituan konturatu ninduan horretaz, gerritik heltzera iritsi zen unea baino lehen.
— Kontxo! Gerritik heldu!? Hi ezagututa hitz-totelka hasiko hintzen.
— Ez ezak pentsa! Ea hemendik zer zebilen galdetu nioan lau bat aldiz-edo, baina ez zialako nik esandakoa ulertzen.
— Ikusten? Hitz-totelka hi...
— Ez ba! Ez zian euskaraz egiten, hori huen arazoa. Azkenean, erdaraz ulertu, ulertu gintuan baina hitzak soberan zeuden...
— Okupatuta beraz.
— Hori duk. Konturatzerako nire oheko izara artean geunden biok, larru gorritan.
— Jode! Bero zagok asuntoa.
— Ez dakik ondo ze pozoi gozokoak zituan haren muxuak. Baziaten zerbait berezia, bestelakoa.
— Bai, ulertu nahiko nikek.
— Bueno, ba gerokoa ikaragarria: bularrak astiro laztandu eta titiburuak gogortzen sentitu ondoren eskua motel jaitsi nian bere gorputzaren errepidean behera. Halako batean zango arteko berotasuna sentitu ziaten hatzek eta ezpain hezeen artean murgildu zituan klitoriari kilima lasaigarriak eragitera. Gozamenak gorputzetik ihes egiten zioan emakumeari...
— Ezer gehiago pasako huen, ez?
— Ba ez, baina ni horrekin gustura baino gehiago.
Ondoren isiltasuna hautsi nian eztizko muxu baten erdian eta galdetu nioan nongotarra zen; haren ezpainek "Canaria" ebaki ziaten.
— Eta izenik galdetu al hion?
— Hori jakiteko irrikan geratu ninduan, ze konturatzerako ez zegoan nirekin.
— Aaai, badakik-eta nolakoak dituan ametsak...

2007-05-03 23:40:03 (anabasa)

isiltasuna

Isiltasuna,
    bera da.
Ibilgailurik gabeko errepidearen usaina
haren azalak oin biluziak iluntzen dituenean,
banan bana pausuak eman eta deblauki
ibilbidea orrazten duen kresala sentitzea.

2007-05-02 23:13:07 (anabasa)

erretratu

Ispiluko erretratuari begira geratu da, hor barruan ezkutatzen dena ikusi nahian bezala. Kristalaren atzeko hori denborari lotutako lokarri bat baino ez dela otu zaio. Berehala ametsak etorri zaizkio burura eta hitzei kate motzean lotzen zaizkien irudiak besterik ez direla pentsatu du.

Batzutan argitara, bestetan ilunetara egiten duten piezak dira eskuartean, erretratua noiz jasoko zain daudenak.

2007-05-01 16:10:23 (anabasa)

suharriak gernikan

Tamalez suharrien gorria memorian iltzatuta daukagu. Oilo-ipurdia jartzen zaigu halako ezer irudikatzean. Eta hitzekin ere berdin egunari buruzkoak irakurtzen ditugunean.

Bereziki Akauzazteren Suharriak abestiaren letran sentimendu ugari aurkitzen dut gurutzatuta; eszena gorrotoz margotuta agertzen da. Jatorrizko letratik haratago, abestutako bi bertsio ezberdinetan egun hartako zakartasuna adierazten duten hitz gehiago aurki daitezke. Azken bi hauek transkribatzen saiatu naiz eta jatorrizkoarekin batera dituzue segidan.

Jatorrizko hitzak

sartaldean akabatzen da argia. eza baino ez atzean utzita. izan zena, bazena. egina zegoena. belarpean lurperaturik sekretu oro. euripean lurperatutako isilune oro. eta orain denbora. eta orain ahanztura
Gorroto urrezko haurra da. den-dena gorriz estaltzen denean. argitan erretzen dira begiak.Torlojua makinaren zati denean. hegadan dira sugeak

Azalberritan diska, 2004

gure Gernikan barrena ez da errurik. bonbak, Gernika 1937, proba bat besterik ez, jendea astintzeko, jendea arduratzeko akuilu eduki digute. hemendik izan ez bagina
sartaldean akabatzen da argia. eza baino ez atzean utzita. izanikoa, bazena. egina. eta orain denbora, eta orain ahanztura. eta orain iragana. eta orain iragana. suharrien gisa gure herriak izan zirenekoa gogoratuko dugu beste herrietan gertatua geure begietan ikusiz. geure begien barrena estalirik
Gorroto urrezko haurra da. den-dena gorriz estaltzen denean. argitan erretzen dira begiak. torlojua makinaren zati denean. hegadan dira sugeak

2004-05-01 zuzenean, Bera

suharrien gisa bestean izanikoa ikusiko dugu orain besteen begitan gurean barna. Gernika 1937, amets gaizto bat galdu ez izanikoa. sartaldean akabatzen da argia, eza baino ez atzean utzita, belarpean orain desagertutako hezur-diztirak gogoratuz gure bakardade egina gogoratuko dugu gure herriak izan zirenekoa beste lekuetan gure begien barrena ikusiz. suharrien gisa. sartaldean akabatzen da argia eza baino ez atzean utzita. izanikoa, bazena, egina zegoena. eta orain denbora. eta orain ahanztura. eta orain iragana. eta orain denbora. eta orain iragana. eta orain denbora.
Gorroto urrezko haurra da. den-dena gorriz estaltzen denean. argitan erretzen dira begiak. torlojua makinaren zati denean. hegadan dira sugeak

70 urte beranduago bada zeresanik.

2007-04-26 20:54:23 (anabasa)

aware

hear the fear
stay and be aware: there's no sun near here
time needs a break, stop for a while
since it's going to be worthwhile.
now as you can see
life is more than this place,
more than money or holidays
it's a journey to this days.

taste the wind's glory
before starting to write this history
don't let the rainbow blossom a single colour
if you're about to follow.
your lips are over phone calls
they're paths covered by walls
just try after the storm
and see how the way is born.

2007-04-25 18:25:25 (anabasa)

amua

Batzuk pitarik gabeko kainaberarekin ari dira arrantzan. Amua ordea bota dute eta bai urrutira bota ere.

Imajinatu nolakoa litzatekeen: negarrik gabeko jaioberria, amaren titirik probatu ez duena, jostailurik gabeko umea, denbora-pasarik gabeko haurra, arazorik gabeko nerabea, ez pornorik ez eta drogarik ere, aitzakiarik gabeko gaztea, ...
Halakoa bilakatu nahi dute batzuek jendearen hitza, ideiak antzutuz eta pentsamoldeak deseginez.

Eta orain pentsatu eta kontzientzia hartu: gure buruen gainetik igaroko diren burdinbideak nahi ditugu ala gure ondoan geratuko direnak? Gutxi batzuen onurak elikatu eta jende xumearen bizitzak hondatu, hori al da nahi duguna?

Pitarik gabeko kainaberak sare bilakatzen dira denborarekin. Ez utzi kontzientzia bertan harrapatzen. Hitz huts horiei aurre egitea posible da.

Ni behintzat hilaren 28an Bilbon izango naiz tren horri ezetz esateko. Pentsatu, ez sinistu.

2007-04-24 19:49:24 (anabasa)