156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

komunikazio

Materiagabeko izenak gara uhinetan barrena, elkarrekiko kolisioan bizi direnak. Komunikazioaren formarik hutsalena, iraupeneko tentsioan.

komunikazio

Nahikoa da isiltasuna, horretaz jabetzeko.

2006-10-15 22:30:21 (anabasa)

hitz egitearen babesa

Nago ni pertsona baten izen edota adina jakiteak geure aurreiritziak elikatzeko arma oso eraginkorrak direla. Eta harritu egin naiz ikusita nola era guztietako jendea aurki daitekeen etiketari begiratu gabe.

Adibide bat, gau honetan lainoak arrapaladan zebiltzan bitartean zerura begira esna eduki nauenarena. Denetik eta gehiago duen emakume batena, bakardade gandu batean murgilduta dabilena, hiriko estresgune pozoitsuetatik ihesi. Lanpostua, autoa, etxebizitza, dirutan asko balio duten objektuen, etabar luze baten jabe. Badirudi bizitzak sentimentalki traizio egin diola ordea eta horri ezin diola aurre egin; ez dago dirutan eros daitekeen soluzio prefabrikaturik. Horregatik esango nioke, tancant els ulls, momentu batez bere eguneroko bizitzan duenari erreparatzeko eta instant labur baten ondoren —ilunaren etenduran, ezarian-ezarian bestearen arnas-hotsa entzun daitekeen instant bat, esaterako—, itaunduko nion ea zoriontsua den.

Berandu da baina, hitzak gauak eraman baititu ekarri moduan, lainoen arteko arineketan. Batzutan nahi baino lehen alde egiten digute jakin nahi genuen hori galdetzeko une aproposek eta behin denbora pasata, konturatzen gara onena isilik egotea zela. Hobe dela horrela, aparteko xehetasunik gabeko hizketaldia izan dela, mamitsua era berean baina azalean daramatzagun ezaugarriei erreparatzeko beharrik gabe.

Hitz egitearen babesak estali du gau honetako ohatzea. Goxotasun horrek ematen duen poza onartu beharko genuke; edo presentzia hutsa, gutxienik ere.

2006-10-11 16:58:47 (anabasa)

note book

Pako Aristiren Note Book liburuan gogoeta anitzak aurki ditzakegu literaturaren, zorionaren, koherentziaren, heriotzaren eta azken finean gure munduaren inguruan. Kontakizun bakoitza orri batekoa izanik —bada salbuespenen bat— oso irakurterraza da. Pena dut baina hitzak ez ote diren azkarregi amaitu. Atentzioa deitu didaten zatiak biltzen saiatu naiz, ohiko moduan.

Mugak gizakion asmakizunak dira, gure interesak hobeto babesteko sortu genituenak. Gure interesa mundua bera bada, ezin dugu begirada mugetara laburtu.

Gure oroimenak ulertzen ditu askotan gure kontzientziak bereganatzen ez dituen gauzak. Horregatik literatura oroimenarekin jokoan ipintzen dut.

Heriotza ere medikalizatu egin da erabat, eta nola edo hala urte asko irautearen aldeko lehian sartu da medikuntza ofiziala. Bere definizioa ere aldatu egin digute: heriotza bizitzaren zentzua borobiltzen zuen unea zen; orain ezkutatu beharreko gaitz bat bihurtu da.

Sentitzen dudanera inguratu behar dut, ahalik eta gehien, pentsatzen ari naizena; batasun horren eraginez erabaki bat har dezaket, baina hori egiteko kemenik edo adorerik ez badut, dena paperezko gaztelu bat bezala eroriko da. Biziko naiz pentsatzen dudana egiteko beldurrez, edo sentitzen dudana erabakitzeko ezinez, edo erabaki nuena egiteko koldarkeriaz, edo sentitzen nuena gogoratu ezinez.

Zoriona ez da daukazuna, bizitzaren aurrean agertzen duzun jarrera baizik.

Gaisotasunak ametsak dira, gorputzak benetakotzat hartzen dituenak, konpondu gabe dauden arazoen mezua dakartenak.

Gaztetan bihotza estaltzen duen geruza galmintza bezain xehea izaten da, eta hura zulatzea gauza erraza izaten da, begiratu bat aski, egoki esandako hitz bat, mutikoa dardarez jartzeko. Zahartzea horixe da: artelatzak bere enborra txorkoarekin estaltzen duen bezalaxe bihotza babestea, eta hura zulatzea oso zaila da; zure bizitzan aspalditik datozen pertsonen esku bakarrik legoke.

2006-10-03 22:39:43 (anabasa)

taupada

Taupada gozoak datozkit gogora udako giro epel honetan: hondarra eskuan hartu eta aleen suizidio behartuak tentuz begiratzen genituenekoa, muxuak gereziak bailitzan ahora ematen zenizkidanekoa, gure oin biluzien aztarnak hondartzari adio esaten azkenak zirenekoa.

taupada

Haizea lilura gaitzaketen hitzak eramanez sartu da kostatik. Jendea badoa eta berriro noiz ikusiko garen galdetzen diot neure buruari. 

2006-09-28 10:58:23 (anabasa)

gorde

Eraiki dezagun gure begiek ikusten dituzten altxorrentzat gordeleku oparo bat, non argia eta ilunaren arteko nahasketak lasaituko gaituen eta itsaso bareak harkaitzak besarkatuko dituen presarik gabe.

gorde

Bizitzarentzat gehigarri luxuzkoak: benetazkoak, dendetan saltzen ez diren horietakoak. Ez gara bakarrik sentituko elkarren ondoan. Ez da osagairik faltako. Horregatik gordeko zaitut instant batez begirada honen hondoan.

2006-09-26 23:01:39 (anabasa)

erauzi

Hitzak erauzi zizkiguten erraietatik, petrolioa itsas hondotik atera nahi balute bezala. Barruarekin ezin da jolastu ordea; are gutxiago indarrez.

erauzi

Behartzearen ondorioak. Petroliorik eza. Sarea bota itsasontzitik eta arrainik ez kostan.
Indartu, bortxatu. Sareak hausten dira. Une batetik aurrera, kolore bat gutxiago itsasoan. Eta guk, ustez sareak josten genekielakoan, hauek hautsi besterik ez ditugu egin.

Sareak harrapatuta, burdinazko kaiola batean lez, gure eremuetatik at erauziak.

2006-09-11 23:34:51 (anabasa)

korronte

Argazkietan gaizki fokatuta ateratzen gara. Mozorrotuta ere batzuetan. Ez da kapritxo hutsa; gauzak hala ateratzen dira. Korronteari jarraitzen diogu, besterik ez. Egunero desertu txiki horretatik ikusten ditugun gauzek bezala. Korronteari jarraitzen diete.

Manifestazioak eguzkipean barra-barra. Elkarretaratze jendetsuak. Dezibelio naturalak paisaiaren oihu gisa. Hondamendi gizatiarrak epaileen begietan.

Eta gu horren parte gara. Bagoaz, eskilaretan gora ala behera batek daki, baina lekuz aldatuko gara ez izan dudarik. Esperientzia berriak gauzatzera, denon artean ikastera. Manifestazio, elkarretaratze, dezibelio eta epaien gainetik.

korronte

2006-09-06 22:44:22 (anabasa)

gezur

Ez esan gezurrik, ez ibili itxurakeriatan. Ez al duzu ikusten azken finean kaka bera dela? Egia gordina ez azaleratzeagatik, guztiok geure baitan dugun hori ozenki ez errepikatzeagatik.
Ez esan gezurrik, ez esan maite nauzula, benetan desiatzen duzuna larrua jo eta plazerraren gose temati horri jaten ematea denean. Galdeiozu bestela, biharko ajeari.

2006-08-05 11:51:39 (anabasa)

alkimista

Benetan irakurterraza eta sakona Paulo Coelhoren Alkimista, bizitza beraren inguruan hausnartzeko balio duen liburu horietako bat. Bertatik esalditxo batzuk ekarri nahi izan ditut hona.

Amets bat gauzatzeko aukerak, horrexek bihurtzen du interesgarri bizitza.

Gizaki guztiak bezalakoxea naiz: gauzak gertatzea gustatuko litzaidakeen modura ikusten dut mundua, eta ez gauzak gertatzen diren moduan.

Horrelakoxeak baitira giza bihotzak: beldurra diote beren amets ederrenak gauzatzeari, ez dituztela merezi uste izaten baitute, edo ez dituztela eskuratuko.

Behin gertatzen dena baliteke gehiagotan ez gertatzea. Baina birritan gertatzen den guztia hirutan ere, zalantzarik gabe, gertatuko da.

2006-07-27 20:39:20 (anabasa)

hil

Egunero hiltzeko bi arrazoi:

  • Egunero jaiotzea
  • Arrazoi bat izatea
hil

2006-07-17 22:31:39 (anabasa)