156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

arrats beran

Atzoko periodikoak zekarren Atxagari egindako elkarrizketa batetik, hitz mamitsu batzuk erreskatatu nahi izan ditut:

Batzuetan gertatu izan zait: arratsa da, zubia pasa eta sartzen naiz nire herriko haranean; errepidea hutsik dago, orduantxe piztu du lineako autobusak bere argiak, mendien errainuak ikusten dira... horrelako eszena pozoi bat bezala izan daiteke, oso erakargarria eta oso arriskutsua. Nik uste dut jaioterrira sartu bai, baina atera ere egin behar dela.

2007-03-22 22:51:51 (anabasa)

mina darama

mina darama
tantaka-tantaka isuriz
zauriak tatuatzeko hitzak.

ertz guztietan denborazko uholdeak
  atzerapen eske.
ezkutuko kontzientziek arrastoa uzten dute
  itzal baten pare,
  garrasien beharrik gabe.
izoztutako odolez idatzitako bizitzak
mina darama.

inertziaren printzipioak irauli
  gizakiak natura bezala.
neurririk gabeko tramak hasten dira
istorio amaigabeen izenburupean
eta edonora hedatzen den ejertzito bat da:
  telefono kabinetan, iragarki oholetan,
  telebistan ere ikus daiteke 24 orduz segidan, nahi izanez gero.
espaloietan pausoak atzerantz egiten dituenak bezala
burua altsa eta ispilura begiratzeak
mina darama.

lagun baten heriotzean
pentsamenduak 200 kilometro orduko abiaduran
  harri bihurtzen dira.
apurka-apurka zatikatu logikaren erantzuna
eta denbora amaigabean errepikatzen da:
historia ahazteak
mina darama.

2007-03-18 21:22:26 (anabasa)

hirurogeita zortzi

Liburua 68.orrialdean zabaldu eta grazia egin didate izkiriaturik aurkitu ditudan hitzek.

Marullak, gizonen zakila eskuan
    hartzen duen bakoitzean
Begiz jo eta tamaina eta pisua
    kalkulatzen dio,
Hainbeste zentimetro eta hainbeste gramo
    ausartzen da esaten.
Eta gero, jarduna amaitu eta zakila
    soka ahula ematen duela
Utzi duenean, Marullak, orduan ere
    zenbat tipitu den
Neurtzen du. Ai ene, hori ez da eskua,
    hori balantza bat da!

Joseba Sarrionandia - Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak - Marulla

Hau ere ez da nolanahikoa, algara batean aritu ez naiz ba!

Honekin guztiarekin, gutxi falta zaigu 69.orrira salto egiteko. 

2007-02-28 00:08:31 (anabasa)

memelo izatearen gauzak

Gaur ikastolan etxekolan bat bidali digute eta guri buruz gainontzekoek ez dakizkiten bost gauza idazteko eskatu digu andereñok. Hasieran ez nekien zer idatzi baina gero amatxori laguntza eskatu diot eta pista handiak eman dizkit.

Amatxok esan dit adibidez txikitan kasik amamaren etxean bizi nintzela eta baserriko sukaldean lau hanketan ibiltzen nintzela hara eta hona eta azpeitiarrez ere hitz egiten nuela eta Urolako trena ezagutu nuela eta gerora bertako harriak errekara munduko indar guztiarekin botako nituela —oso urruti gainera— eta behin aittittaneko sukaldeko balkoian lo hartu nuela ipurdi bistan eguzkitan.

Hori guztia ondo-ondo apuntatu dut. Gero, inork ez dakiena baina mundu guztiak nahi duena gehitu dut: handia naizenean Realeko jokalaria izan nahi dut eta atezain postuan jokatu, Arkonada bezala ze badakizue, "no pasa nada, tenemos Arkonada" esaten du jendeak eta Realean atezain izatea oso gauza inportantea da. Gainera inoiz ez dut taldez aldatuko, beti txuri-urdinekin jokatuko dut eta Real Madridi penaltya gelditu eta Liga irabazi.

Gutxi gorabehera hori izan da idatzi dudana. Ah bueno, baita ere jarri dut nola behin beisbolean jokatzen L.ri ia-ia begia atera nion eta beste batean futbolean O.ri besoa hautsi nion baloikada batez.

Eta bukaeran akordatu naiz behin nola eskolan hasiberritan esnea harrarazten zigula orduko andereñok errekreora joan aurretik baina niri esne txuria inoiz ez zait gustatu eta edalontzia oso-oso gutxi betetzen zidan orduko andereñok baina nik hala ere ezin eta oso gaizki pasatzen nuen. Behin errekreo gabe eta guzti geratu nintzen esnea ez hartzeagatik.

Hori entregatu diot andereñori, baina berak ez daki gauzarik onena idatzi gabe utzi dudala: duela urte batzuk eskolan J.rekin batera jostailuak hartzen nituen errekreo garaian komunaren ondoko gela batetik ezkutuan eta patrikan sartuta eramaten genituen etxera.

Hau da aspaldiko gauzen artean aurkitu dudan paper zati batean idatzita neukana. Memelokeriak, pentsa dezakezue. Noiz hasten gara baina, edo eta noiz uzten diogu memelo izateari?

Begira nolakoak diren gauzak, gaur egun andereñok idazlan bera errepikatzeko eskatuko balit ziur aski amari galdetuta gertaera gutxi erreskatatu ahal izango nituzke. Askotan entzuten diren gauzak idatziko nituzke: ez dakit zein egunetan izugarrizko mozkorrarekin errepidearen erdian etzan nintzenekoa ilargia hartzera, edo gauean kalera irten etxeko giltzak ahaztuta eta bueltakoan atea inork ez zabaltzean eskaileran lo egin nuenekoa, ...

Memelo izateak denboran zehar aldaketak jasaten ditu etengabe eta geuk idatzitakoei begiratzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Memelo izatearen nolakotasuna da aldatzen dena, horren atzean dauden ekintzena hain justu.

Nik inori ez diot etxekolanik bidaliko, baina ezer eskatu gabe ziur nago batek baino gehiagok ongi kunplituko duela, orain arte egin bezala. Bakoitzak bere erara, izaera propioz eta nahigabean. Ziur.

2007-02-25 23:10:24 (anabasa)

geltoki

Autobusean hogei minutu neramatzan arte ez nintzen konturatu aurreko eserlekuan zeundenik. Azkenaldiko mozkorraldien beste eragin bat izango zen, besterik ez. Besoko ubeldua bezala. Hori astearte buruzuri batean izan zen; izugarrizko ajearekin jaiki eta nire burua ispiluan ez nuen ezagutzen.

Aurreko eserlekuan zeunden, bai. Ohiko arropa politekin konjuntoan zenuen ile iluna, aspaldiko partez. Eskuen artean, kolore nabarrez jositako azala zuen liburu bat —izenburua ezin izan nuen irakurri—, begien etenduran pausatzen zena. Barruko hizki-zoparen osagaiak hitz ingelesak ziren, adibidez "so" edota "very". Zorabio batean pasa zenituen orrialdeak gero, asperdurak jota-edo, zeregin faltaz agian.

Orrien joan-etorri horretan ikusi nuen gisan, denborak zure eskuak aldatu zituen. Handiagoak ziruditen, leku berean gauza gehiago sartzeko modukoak. Baina, handitasun horretan niretzat lekurik ez zelakoan-edo, batez ere zahar eta latzak begitandu zitzaizkidan. Zu bezala agian: ordurako 26ren bat urte beharko zenituzke, nik ordea 30etik gora ikusi nizkizun atzeko eserleku hartatik.

Geltokira iristear geundela, liburua motxilan sartu zenuen eta berokia janzten hasi zinen. Zure aurretik jaitsi nintzen. Autobusak ateak itxi eta aldegin zuenean geltokian ez zen zure arrastorik ageri ordea.

Taberna bat bilatu nuen inguruan eta garagardo bat eskatu nuen. Barran jesarrita, birak eman nizkion botilari: beharbada ni izan naiz denboraren geltokian atzean geratu dena.

2007-01-30 16:23:54 (anabasa)

hondakin

— Nola sentitzen zara Hank?

hondakin

Hondakin mordo bat alboratua lez.

2007-01-25 20:05:21 (anabasa)

gerra

Isiltasunaren gerra hotza egunero dabil galdezka; zein portutan lehorreratu, zein geltoki aukeratu. Lurrunezko trenak ebaporatu zituen sutara botatako momentu oro, zeru urdina estaliz. Erreietatik at, hitzik gabeko lurretan oinak pausatu eta konturatu biluzik ditugula puskatutako kristalen gainean. Minak isilarazten ditu, ez baretzen. Orduan, ozeanoaren erdian ikusi zintudan gerrarekin vals bat dantzatzen.

2007-01-19 00:04:31 (anabasa)

erre

Idazteko itxurak egin nituen,
koldarra nintzela ez aitortzeko.
Mila eta bat poema
    denborak bere zakuan irudikatuta,
hondoratutako ametsak baino
    negar bustian.
Esandako gauzen pilaketa,
baso bat sutan bezala:
erretzen gaituzten hitzak
    fosforoz laztandu.

2007-01-15 10:23:19 (anabasa)

pertsonak

Mila eta bat oihu entzuten dira atzokoaren eta uneko egoeraren inguruan. Ahots batzuk betikoak dira, tonu berean, hitz jario absurdoari etenik jartzen ez dakitenak. Urratuta entzuten dira beste alde honetatik. Besterik entzuten da gaur ordea, guztion pareko bozak, xumeak, balio erantsia beharko luketenak. Kaleko testigantzak, giza kutsudunak. Zabaldu egunkariak eta ikusi hitzetan hauen atzetik pertsonak daudela eta bakoitzak sentitu, sufritu eta bizi egiten duela. Irten kalera eta mugarik gabe —gu ezberdinak bereizi gabe— ohartu pertsona bakoitzaren atzean errespetua merezi duen mundu bat dagoela.

Azpeitian ikusi dut, baina beste edozein herritan gertatzen da. Autobus bat erre zuten, eta hurrengo egunetan etengabe entzun nituen gertaera horri buruzko kondenak, akusazioak, aurpegi kezkatuak eta begirada eskandalizatuak. Mota askotako jendearekin ibiltzen naiz, zentzu horretan ez naiz batere itxia, eta uste dut hori euskaldunek gehiago praktikatu beharko luketen kirola dela; PNVko jende asko izaten dut inguruan, ezkerrekoa ere bai. PNVkoengan gaitzespen publikoak entzun nituen; ezkerrekoengan gaitzespentxo pribatuak.

Nire gogora entzun gabeko gaitzespen baten istorioa etorri zen berehala. Garikoitz Etxeberria Uria, Kafe, Azpeitiko gazte bat da, espetxean lau urte egon dena, Jarrai-Haika auzian inputatua. Beste edozein herritan badaukate berea. Aske utzi dute Kafe, besteak bezala, epaiketa egunera arte, baina epaiketan gertatzen dena gertatuta ere, jadanik lau urteko kartzela alferra eta krudela irentsi behar izan du Kafek. PNVkoengan ez dut entzun gaitzespenik, ez publiko ez pribaturik, pertsona bati, hiritar bati kalte larria eragin dion astakeria judizial horri buruz; informaziorik ere ez zeukaten kasik. Ezkerrekoei entzun dizkiet gaitzespen publikoak, baina pribatuan gutxi; neke nabarmenaren seinale.

Bi ekintza horien atzean dagoen inpultso politikoa ezberdina izan arren, inoiz ez dut onartuko objektuak pertsonen aurretik jartzea. Oso joera arriskutsua da, autoa urratzen badiozu jabea zakur bihurturik hurbiltzen zaizun gizarte batean. Barruraino sustraitua daukadan hezkuntza humanitarioak ez dit onartzen.

Zergatik kezkatzen gara (eta kezkarazten gaituzte) hainbeste objektu bategatik, eta hain gutxi pertsona batengatik? Gizarte honetan, pertsonek gero eta garrantzi txikiagoa daukate, eta objektuek gero eta pisu handiagoa: objektuek, diruak, egitura erraldoiek, autopistek, zementuak. Pertsonak simaurraren pare tratatzen ditugu, eta erakundeak, plangintzak, legeak sakralizatzen ditugu. Beharrean dagoen pertsona bati laguntzeko ezin da lege bat hautsi; baina diru mordoa lapurtzeko lege guztiak hauts litezke, txaloen artean.

Oso gizarte itsusia ari gara bultzatzen, eta niri nazka ematen dit, amorrua. Herrialde aberatsetan objektuekiko lilura da nagusi, eta pertsonekiko erdeinua. Banketxeak, agintarien aurrekontuak, kultur proiektu erraldoiak, soldatarik ikaragarrienak eta irabazirik zentzugabeenak ukiezin bilakatu dira, eta pertsonak batere errespeturik gabe tratatzen dira boterearen partetik, Poliziaren partetik, aginte pixka bat daukan edozeinen eskutik.

Eredu hau bete-betean eta entusiasmo grinatsuz aplikatu du PNVk hemen; hori zen gobernatzeko bere modu autoritarioak behar zuen testuinguru soziala. Inposaketaren bidez, aurkaria errespetatu gabe eta hiritarren iritziak, kontrakoak direnean, entzun ere egin gabe kokatzen dizkigu proiekturik basatienak, abiadura handiko trenarena kasu. Eta beste asko.

Irakurleren batzuk dagoeneko pentsatzen ariko zarete: «Ez ote du Pakok ezer esan behar Madrilgo bonbari buruz?» Ba bai, esango dut. Etorkinak eta langileak hiltzen dituen ETArik ezin dut maite; militarren aurka, indar armatuen aurka jotzen duen borroka borroka armatua deitzen da, baina hiritarrak garbitzen dituen borrokak ez du terrorista beste epitetorik merezi. Sentitzen dut, baina hitzek ez dakite gezurrik esaten.

Lagun batek kontatu dit Patxi Baztarrikak euskara teknikarien bilera batean izan zuen interbentzioa, kritika batzuei erantzunez: «Zeren guk...», «zeren zuek...» jardun omen zuen bero; alegia, «Gu» horrekin boterean dagoena izendatuz, eta «Zuek» horrekin pagotxatik kanpo daudenak. Denok gara «Gu» Euskal Herrian, boterekoak, kontrakoak, espainolistak eta abertzalerik koherenteenak, denok gara izaki, eta hemen bizi gara, hemen bizi nahi dugu, eta gure ametsak gauzatu, edo gauzatzeko bideak aurkitu.

Arnasa hartzen utzi behar diogu elkarri, itxaropena eman besteari, lagundu, ez oztopatu, begiak gure makro-proiektuetatik jaso, eta pertsona bat ikusten dugunean begien aurrean pertsona ikusi, ez ideia bat, ez alderdi bat, ez manipulatu litekeen morroi bat, ez menderatu litekeen hiritar bat, ez izutu litekeen gixajo bat.

Pako Aristi - Pertsonak maitatu, maitatu behar bada!

2007-01-14 13:30:32 (anabasa)

(h)ego

(h)ego

Bakoitza bere aldetik, putz eginez, tiraka.

2006-12-31 19:10:06 (anabasa)