memelo izatearen gauzak
Gaur ikastolan etxekolan bat bidali digute eta guri buruz gainontzekoek ez dakizkiten bost gauza idazteko eskatu digu andereñok. Hasieran ez nekien zer idatzi baina gero amatxori laguntza eskatu diot eta pista handiak eman dizkit.
Amatxok esan dit adibidez txikitan kasik amamaren etxean bizi nintzela eta baserriko sukaldean lau hanketan ibiltzen nintzela hara eta hona eta azpeitiarrez ere hitz egiten nuela eta Urolako trena ezagutu nuela eta gerora bertako harriak errekara munduko indar guztiarekin botako nituela —oso urruti gainera— eta behin aittittaneko sukaldeko balkoian lo hartu nuela ipurdi bistan eguzkitan.
Hori guztia ondo-ondo apuntatu dut. Gero, inork ez dakiena baina mundu guztiak nahi duena gehitu dut: handia naizenean Realeko jokalaria izan nahi dut eta atezain postuan jokatu, Arkonada bezala ze badakizue, "no pasa nada, tenemos Arkonada" esaten du jendeak eta Realean atezain izatea oso gauza inportantea da. Gainera inoiz ez dut taldez aldatuko, beti txuri-urdinekin jokatuko dut eta Real Madridi penaltya gelditu eta Liga irabazi.
Gutxi gorabehera hori izan da idatzi dudana. Ah bueno, baita ere jarri dut nola behin beisbolean jokatzen L.ri ia-ia begia atera nion eta beste batean futbolean O.ri besoa hautsi nion baloikada batez.
Eta bukaeran akordatu naiz behin nola eskolan hasiberritan esnea harrarazten zigula orduko andereñok errekreora joan aurretik baina niri esne txuria inoiz ez zait gustatu eta edalontzia oso-oso gutxi betetzen zidan orduko andereñok baina nik hala ere ezin eta oso gaizki pasatzen nuen. Behin errekreo gabe eta guzti geratu nintzen esnea ez hartzeagatik.
Hori entregatu diot andereñori, baina berak ez daki gauzarik onena idatzi gabe utzi dudala: duela urte batzuk eskolan J.rekin batera jostailuak hartzen nituen errekreo garaian komunaren ondoko gela batetik ezkutuan eta patrikan sartuta eramaten genituen etxera.
Hau da aspaldiko gauzen artean aurkitu dudan paper zati batean idatzita neukana. Memelokeriak, pentsa dezakezue. Noiz hasten gara baina, edo eta noiz uzten diogu memelo izateari?
Begira nolakoak diren gauzak, gaur egun andereñok idazlan bera errepikatzeko eskatuko balit ziur aski amari galdetuta gertaera gutxi erreskatatu ahal izango nituzke. Askotan entzuten diren gauzak idatziko nituzke: ez dakit zein egunetan izugarrizko mozkorrarekin errepidearen erdian etzan nintzenekoa ilargia hartzera, edo gauean kalera irten etxeko giltzak ahaztuta eta bueltakoan atea inork ez zabaltzean eskaileran lo egin nuenekoa, ...
Memelo izateak denboran zehar aldaketak jasaten ditu etengabe eta geuk idatzitakoei begiratzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko. Memelo izatearen nolakotasuna da aldatzen dena, horren atzean dauden ekintzena hain justu.
Nik inori ez diot etxekolanik bidaliko, baina ezer eskatu gabe ziur nago batek baino gehiagok ongi kunplituko duela, orain arte egin bezala. Bakoitzak bere erara, izaera propioz eta nahigabean. Ziur.