156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

desnúdame

Galtzak puskatu ditut gaur goizaldean, ez baina munstro berde horiek uste dezaketenagatik. Ez da galtzontziloen barruko berotasunagatik izan; zu ohean biluzik etzanda egon arren.

Ni tente nengoen, horri politt horri begira. Voyeur deituko zenidake ezpain biluziak bustita. Eta aurretik galtzak jetsi dizkidazunean jarri didazun begirada plazent ero hori eskeiniko zenidake. Baina gauza horietakoren batean pentsatuko banu, gutxienik ere.
Hori ere ez da galtzak zulatzearen zergatia izan, ez eta parez pare irekita zegoen leihotik sartu den hego-haizearen bultzada ere.

Baina zure plazerezko azken xuxurlatik aurrera ez duzula ezer esan pentsatu dut, eta hori izan da arrazoia: oreka galdu dut, lurrera erori naiz, galtzak apurtu ditut eta esnatu egin zara.

Orduan konturatu naiz ez zinela zu, zure plazerrak azken oihurik ez duelako.

2006-01-17 15:39:51 (anabasa)

kabroi

Itsaso azpian agertu ginen murgilduta, ilunetan, artean eguzkirik jaio gabe zela gure bizkarren gainean. Begiak bagenituela uste genuen, harik eta gizon arrunt batek esan zigun arte hori ez zela ikustea, hori ez zela nahikoa gozatzea. Gehiago disfrutatzeko bagenuela, gehiago ikasteko, deskubritzeko. Eta guk sinestu. Ez genuen bada ikusmenik mereziko edo. Arnas beltzak gureak, ilunetan.

Gizon arruntaren esanak sinetsita, arnasa kexu zela adierazi zigun garunak. Horregatik hasi ginen beste lekuren baten bila; bide batez, egoera baliatu nahi genuen gizonak esandakoa egia ote zen ziurtatzeko. Igeri bortitzean ekin genion, baina berehala ohartu ginen tentu handiagoz ibili behar ginela, arnas beltzaren galera zitalegia izan litekelako gure soluziobidean.

Bagindoazen apurka-apurka gauzak deskubritzen, esate baterako, zementuzko harkaitz handi batek estaltzen zituen gure gaineko eremuak. Zeharkatzen saiatu ginen arnasaren begiradapean. Euriaren doinua entzun genuen orduan, itsasoarekiko harmonia barean.

Hortik aurrera guk ez genuen ezer egin, aurkikuntzek automatikoki irentsi baikintuzten. Lehenik itsasoaren muga ukitu genuen, haize hotzez nahastuta. Eguzkia azaldu zen gure bizkarren gainean gero. Orduan begiak ireki ahal izan genituen, orduan jakin genuen zer zen —gizon haren ahotan— ikustea, orduan deskubritu genuen zer zegoen gurea ez zen inguru haietan: ezereza, hutsa, gabezia.

Arnasak bakean utzi zuen garuna, baina dagoeneko ez zen beltza: arnas gorria odolaren bidean, arnas sufritua eta alferrikakoa. Gure ustezko gozamena, gure ustezko ikusmena; ze traidorea, ze kabroia den gure nahia barren-barrenetik sinesten dugunean.

2006-01-05 23:57:08 (anabasa)

suhiltzaile

Leku hau sua itzaltzeko tresnak gordetzen diren tokia da. Horrez gain, suhiltzaileak berak ere hor egoten dira, edozein momentutan beren lana betetzeko prest. Gainera, parke horretara joateko autobusa hartu behar izan genuen hiritik kanpo baitzegoen. Toki horretatik hurbil aireportua dago. Andereñoak esan digu beste batean joango garela.

2005-12-31 20:32:21 (anabasa)

alde

Negua da eta txoriek ez dute leiho ondoan abesten. Kalera begiratu eta ezin ezer ikusi; autoen itzalak edo haizeak eramandako hosto ximelak besterik ez daude. Haizeak ez du txintik ere ateratzen. Dena desagertuta. Dena alde eginda.

2005-12-27 22:55:48 (anabasa)

zigarro

Jakaren poltsikoetan txanponen baten bila hasi da tabernara sartu bezain laster. Goizeko 2:16. Barrara gerturatu eta martini zuri bat eskatu du. Leihoaren ondoan dagoen apalean jarri ditu bere gorputz alkoholizatuaren 87 kilo eta 200 gramoak. Edalontzia apalean utzi, zigarro bat piztu eta leihotik begira jarri da.

Hondartza ikus dezake leihotik haratago. Zigarroaren kea irentsi ondoren eztarritik biriketaraino barreiatzen da; guzti hori disimulatu nahian barrua jan dion mamua kanporatzen saiatzen da. Isuritako aztarnak leihoaren kristala xumeki muxukatzen du eta ezerezean hedatzen da. Bitartean, alkoholaren zamak zainak itotzen ditu xuabe-xuabe.

Gorputzaren barrena sentitu du hamaika pauso aurrerago. Gauak estalitako itsaso beltza ikusi du, ura beti ez baita gardena. Honen gainean, apar zuria dakusa zerbait ezkutatu asmoz-edo. Olatuen bizar zuria, zeinak ez duen uraren kolorea aldatzeko balio. Mozorro bat bezalakoa da, itxura bat besterik ez bere begien aurrean. Asmo bat. Intentzio bat.
Eta hondarra, hondarra ere ikusten du pauso batzuk gertuago. Eguneko eguzki-argiak erakusten duen hondar xehea ilargi-argiz inguratzean hondar larri bilakatu da, eta kosta egiten zaio itsasoari hau irenstea. Ez du ondo asimilatzen.

Bere bakardadean ilusioz pentsatzen du azken zurrutada eman bitartean. Pentsatzen du berak eta bera bezalako orok zeresanik badutela guzti horretan. Begien aurrean duen horren eraldaketa ez dela kasualitatea. Mundua kontsumitu zaiola zigarro batean.

2005-12-20 17:42:16 (anabasa)

zebra

Zarauzko Gaztetxeko iluntzeak ilargi argi bat bertaratu du. Zebra naufragoen denborak ekilibristarena egin dute, aingura hegodunak ekarriz gogora. Kanpoan ez zen haizerik falta gainera.

Gaur Anari izan da gerturatutako ororen belarritan, Xabier Gantzarainen diapositiben begiradapean eta aldi berean Jon Benitoren poemez inguratuta.

Abeslari azkoitiarraren boza zuzeneko emanaldian aparta izan da, energiaz betea, hitz esanguratsuez josia. Sentitu bezala abestutako hitzak barreiatu zaizkigu gure erraietan. Ikaragarria izan da. Guzti hori 7 + 1 abestitan.

Eskerrik beroenak horrelako ekitaldi gozo eta atseginak posible egiten dituztenei.

2005-12-17 21:38:56 (anabasa)