zigarro

Jakaren poltsikoetan txanponen baten bila hasi da tabernara sartu bezain laster. Goizeko 2:16. Barrara gerturatu eta martini zuri bat eskatu du. Leihoaren ondoan dagoen apalean jarri ditu bere gorputz alkoholizatuaren 87 kilo eta 200 gramoak. Edalontzia apalean utzi, zigarro bat piztu eta leihotik begira jarri da.

Hondartza ikus dezake leihotik haratago. Zigarroaren kea irentsi ondoren eztarritik biriketaraino barreiatzen da; guzti hori disimulatu nahian barrua jan dion mamua kanporatzen saiatzen da. Isuritako aztarnak leihoaren kristala xumeki muxukatzen du eta ezerezean hedatzen da. Bitartean, alkoholaren zamak zainak itotzen ditu xuabe-xuabe.

Gorputzaren barrena sentitu du hamaika pauso aurrerago. Gauak estalitako itsaso beltza ikusi du, ura beti ez baita gardena. Honen gainean, apar zuria dakusa zerbait ezkutatu asmoz-edo. Olatuen bizar zuria, zeinak ez duen uraren kolorea aldatzeko balio. Mozorro bat bezalakoa da, itxura bat besterik ez bere begien aurrean. Asmo bat. Intentzio bat.
Eta hondarra, hondarra ere ikusten du pauso batzuk gertuago. Eguneko eguzki-argiak erakusten duen hondar xehea ilargi-argiz inguratzean hondar larri bilakatu da, eta kosta egiten zaio itsasoari hau irenstea. Ez du ondo asimilatzen.

Bere bakardadean ilusioz pentsatzen du azken zurrutada eman bitartean. Pentsatzen du berak eta bera bezalako orok zeresanik badutela guzti horretan. Begien aurrean duen horren eraldaketa ez dela kasualitatea. Mundua kontsumitu zaiola zigarro batean.

2005-12-20 17:42:16 (anabasa)