kabroi

Itsaso azpian agertu ginen murgilduta, ilunetan, artean eguzkirik jaio gabe zela gure bizkarren gainean. Begiak bagenituela uste genuen, harik eta gizon arrunt batek esan zigun arte hori ez zela ikustea, hori ez zela nahikoa gozatzea. Gehiago disfrutatzeko bagenuela, gehiago ikasteko, deskubritzeko. Eta guk sinestu. Ez genuen bada ikusmenik mereziko edo. Arnas beltzak gureak, ilunetan.

Gizon arruntaren esanak sinetsita, arnasa kexu zela adierazi zigun garunak. Horregatik hasi ginen beste lekuren baten bila; bide batez, egoera baliatu nahi genuen gizonak esandakoa egia ote zen ziurtatzeko. Igeri bortitzean ekin genion, baina berehala ohartu ginen tentu handiagoz ibili behar ginela, arnas beltzaren galera zitalegia izan litekelako gure soluziobidean.

Bagindoazen apurka-apurka gauzak deskubritzen, esate baterako, zementuzko harkaitz handi batek estaltzen zituen gure gaineko eremuak. Zeharkatzen saiatu ginen arnasaren begiradapean. Euriaren doinua entzun genuen orduan, itsasoarekiko harmonia barean.

Hortik aurrera guk ez genuen ezer egin, aurkikuntzek automatikoki irentsi baikintuzten. Lehenik itsasoaren muga ukitu genuen, haize hotzez nahastuta. Eguzkia azaldu zen gure bizkarren gainean gero. Orduan begiak ireki ahal izan genituen, orduan jakin genuen zer zen —gizon haren ahotan— ikustea, orduan deskubritu genuen zer zegoen gurea ez zen inguru haietan: ezereza, hutsa, gabezia.

Arnasak bakean utzi zuen garuna, baina dagoeneko ez zen beltza: arnas gorria odolaren bidean, arnas sufritua eta alferrikakoa. Gure ustezko gozamena, gure ustezko ikusmena; ze traidorea, ze kabroia den gure nahia barren-barrenetik sinesten dugunean.

2006-01-05 23:57:08 (anabasa)