semaforo
Kale kantoi pitzatuan eserita, semaforo argitan, begira nola doazen euri tantak putzura, bat eta bi eta lau eta sei. Gasolindegira doazen autoen ke herrena, hots gosetia, tematia.
Argi laranja. Irekitzen diren aterkien ehuneko bosta apurtzen da orain zabor industrialen imitazio kaxkarrak baino ez diren zakarrontzi grisetan.
Begirada galduta, entzumena bezala amaigabeko pauso makaletan, oihartzunari oihartzunarekin erantzunez. Ukitzen duzun hori gezurrezkoa da iragan denboran eta jostailuzkoa gaur egun; bitartean gutxi batzuk gauzen gehiegizko balio erantsia kendu nahian eta mundu propioak sortu asmoz.
Argi gorriak keinu egin dizu begirada altxatzean. Orduan sinetsi duzu merezi hitza multinazionalen batek bahitu duela hiztegitik eta bere erreskateari prezioa jarri: bi milioi dolar berde.