156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

irrits

Ase ezinezko ohituren eremua estali da lanbro arin nahiz boteretsuz, egunen jarioan uste ustelak direnak eta zuk ur gardena bailitzan edaten dituzunak, eskuekin hartu eta edan bizitzari eman zeniona urratsez urrats, zertarako ez bada hari emandakoa apurka-apurka kentzeko orain, bizitzak berak ere irritsak baititu gurekiko, onak eta txarrak, txarrak eta onak, edozelakoak.

2006-03-03 19:11:01 (anabasa)

mihiluze

Esku batekin zure bularrak laztandu bitartean, bestea azal leun horretatik amiltzeaz arduratzen da. Muxu bat bihotzaren ondotik eta banoa zilbor aldera: mingain hezeak kilimen putzua inguratzen du astiro. Pubisak sexuaren lehen arrastoak uzten ditu agerian; okotzak haren besoak elkartasun eske sentitu ditu behintzat.

Atea jo du ezker eskuak ezpain ezkutuen ongietorriaren zain. Labaindu da lehen ikutuan eta egin diete harrera beroa. Beste eskuak pairatzen ditu bitartean gerri-aldaken gorabehera suzkoak.
Ahoa dator orain zure plazerraren magalera, mihia aurretik zuk nahi duzunaren arabera. Aurpegia ezkutatzen saiatzen zara esku ahurrekin. Alferrik ordea, zure gozamenaren islada gordina hemen behean senti dezakedala soberan baitakizu. Txirristako jolasa etengabea da eta gora eta behera egin ahala zure arnasestua areagotuz doa.

Mugimendu zirkularrak tartekatuz badator abiadura azkarra, festa frenetikoaren azkenengo deiadarra, eromena barra-barra, guztia biribilduz isuritako negarra.

2006-03-02 20:17:49 (anabasa)

aztarnak

Zauria zornatzea aztarna bat izatea besterik ez dugu nahi. Aztarna zuriak eta aztarna beltzak ditugu.

aztarnak

Hau atzoko kontzertuaren arrasto bat; zuria beltzez, beltza zuriz. Ikuskizun paregabea.

2006-02-22 12:42:47 (anabasa)

paralelo

paralelo

Paraleloan, elkar begira diezaiokegun moduan. Paraleloan, erori gabe ahanzturaren putzuan. Paraleloan, lurretik zerura.

2006-02-14 12:29:42 (anabasa)

kresal

Olatuaren dardara iritsi eta
bihurtu da (h)ura kresal:
itsaso zabalean zena
         tanten jostura fin
orain
         hortaz jostean nahia gazi.

Zati infinitesimalen bustidura ahulak
         ur gainean
         laztan ahaztuen esku hotzetan
alez ale lehorreratuz
         indarrik gabe,
eraman gaituztelako
eta ginenaren hondarra besterik ez garelako.

2006-02-10 20:47:10 (anabasa)

malda

malda

Aldapa gorak beti dira traketsak, izerditsuak, nahasiak, zailak. Ez izan dudarik baina aurre egingo diogula. Zerua lainotuta egon arren. Oinetan arantzak ziztatu arren.

2006-02-07 19:17:38 (anabasa)

ekilibristak

Abenduaren 17ko 7 + 1 kantuen artean Anarik eskeinitako bat da hau. Hitzak Juan Luis Zabalarenak dira.

Leihotik sartu zaigu eguzkia lapur bat bailitzan
eta eskuetan urtu dizkigu ametsak eta atzo izotz zati handi bat zena
gaur ur hutsa da behatz minduetan behera, eta ezin eutsi, berriz etsi.

Atzean zubi denak erre eta ihesi goaz
oinak hautsitako zaldi baten gainean,
bi ilargidun gau hori ea non agertuko zai
egunsentiak harrapatzen gaitu beti, ihesi.

Eskuak amets haziz bete eta hondar antzutan ereingo ditugu
amets berriak, eta uzta noiz jasoko zain zerura begira egongo
baina zeru ilunak amenazu beti.

Eta zer gara, botila hutsak baino, zer gara, ekilibristak baino,
bi bihotzen arteko soka hauskor hortan errari dabiltzan
ekilibristak baino.

2006-02-03 19:08:30 (anabasa)

berotu

berotu

Neguko hotzetan eguzkiak berotzen gaitu; nahiz eta gure arimak izoztuta egon.

2006-02-01 19:20:22 (anabasa)

baso

Egunez nenbilen basoan bakarrik, zure bila bezala. Denboraren joan etorrian hostoak ikusi nituen zuhaitzen adarretatik agurtzen, gerora orbel sakabanatuak izango zirenak putzu lokaztuen estalki gisara. Eskutitz bat bidaliko dizut putzuzulotik entzun nuen haien arteko adio pertsonifikatuan.
Era berean hego-haize zakar batek kontra egiten zidan. Bere aurka joan ninteke, zuzenki funtsaren bila joaz, baina batzuetan bilatzen dugunaren muina oso gertu egon arren, apurtxo bat atzera egin behar dugu geure pausoan, ongi ikusteko nondik nora gabiltzan, non gauden eta nora goazen. Haatik, horrek ez du etsipenaren sinonimo izan behar. Denbora gehiago beharko da basoa zeharkatzeko, besterik ez.

Euria hasi zen goitik behera zaparradan. Tenperaturek berakada nabarmena jasan zuten eta giroak oro har txarrera egin zuen. Betaurrekoak tanta lodiz bustitzen hasi zitzaizkidan; zuhaitzen babesa ez zen nahikoa aterpe basoaren begiradapean. Behin eta berriz bustitzen zitzaizkidan betaurrekoak. Horregatik hartu nituen betaurrekoak eskutan.
Horrekin konturatu nintzen aurrean dugunak zenbait kasutan ez digula osotasuna ikusten uzten. Lagun batek behin esan zidan bezala, a veces los árboles no te dejan ver el bosque. Eta nik artean ez nuen basorik ikusten.

Gerora, arratsalde aldera-edo euriak eten zuen bere eginkizuna elur malutei lekua uzteko. Basotik atera behar nuen iluntzen hasi aurretik. Urduritasunak burua jan gabe ordea. Azkar zuritu ziren bazterrak eta pauso bakoitza ongi neurtu beharra zegoen.
Esperantzarik ttikiena duzunean baina, argia piztu eta norbait agertzen da itxaropen horren lekua betetzera. Une hartan aurkitu zintudan, iluntasuna erabatekoa izan aurretik. Baso hartatik ateratzeko egindako pausoak idatzita utzi genituen lurrean, gure hitzen arteko solasaldi hotz eta isilaren isla moduan.

Oraindik elurra ari du. Jarrai dezakegu pausoak ematen elkarrekin; basoa atzean utzi dugu iada.

2006-01-28 13:36:05 (anabasa)

burdel

Burdeleko horma hezean
arnasten dut sakon:
feromona galduak eta
        esperma akatuak.

Ordaindutakoari plazer aurpegia jarri eta
                    automata bat balitz bezala;
errealitatezko fereka bat irentsi duzulakoan.

Bizkarra apurtu du norbaitek plazerari diru usaina hartzean.

2006-01-24 22:35:03 (anabasa)