156 objektu kaxa hutsean “anabasa” formakoak.

komertzialak

Nobody took care of you irakurri duzu iragarki handian.
Behatz erakuslearekin seinalatu zaitu, tinko, denbora luzez.
Gogoratu duzu amets gaiztotan aterik jo gabe agertu dela, noiznahi.
Baina unless I came back jarraitu duzu leitzen kartelean
eta poz erraldoi batek bahitu du zure barrua.
Iragarki bati zentzua harrapatu nahian zeundela etorri zaizu blaust:
ze komertzialak garen.

2007-10-20 13:08:11 (anabasa)

mutikoari begira

Aterki baten azpian
ikusi du mutikoa
eta euririk egin ez arren
horrela babesten ditu bere porrotak,
jendartea saihestuz
munduari desafiatzeko modu baten bila.

Topatzen ditu begirada isilak
urertzean txirlak bezala,
topatzen ditu besteen hitzak
gastatutako tintetan,
topatzen ditu ahots ahulak,
oihartzunean bilduta.

Mutikoaren ingurua sentimenduen
bilduma bat da,
pasiera galduetan dabiltza
eta zipriztinen eragina
ez da nolanahikoa.

Topatuko al ditu mutikoak berbak ahotan
benetan euria datorrenean?
Topatuko al ditu mutikoak halaber, lagunak ondoan
euriaren gabeziaz konturatzean?

2007-10-12 23:12:37 (anabasa)

deliberazio

Urratsak banan bana doazela ohartu gabe, zulo oro ezkutatzen dituzten pausuak aurkitu ditut zeru lainotuaren estalpean. Eta han urrutira itsasoan, zeruertzean barrena doan bakardadearen etorbidean ikusten zaitut, gris bezain ezkor. Kale ilunetan barrena deliberatu zenuen zeure burua hartara kondenatzea, erabaki baldar hura aldatzeko zidor guztiak beti zabalik izan dituzun arren.

Norbaiten heriotzaz urtebeteko atzerapenaz jabetu denak "sentitzen dut" esatearen balioaz deliberatzen duen bezala, neuk ere ez dakit orain zer pentsatu. Eta ez da adibide txarra izan, ez jauna. Konturatzen ari naizelako neuk ere urte bat edo gehiago daramadala hilda, zure engainuetatik zintzilik, amets goxoa zela uste nuen honetatik erabat esnatu gabe.

Julen Gabiria - Connemara gure bihotzetan

2007-09-29 11:33:27 (anabasa)

bonba

Pozez negarrez hasi naiz ametsetan mundu honetatik urrundu zintuen bonbak eztanda egin zuen leku berean agertu zarenean orduan esatera ausartu ez zinen hitzak esateko.

Denborak ez dauka mugarik; gure bizitzek ordea, bai.

2007-09-28 10:03:41 (anabasa)

epeltasunaren dardaran

Haizeak gona altxa dio toldoari eta begira geratu naiz:
poema bat idatzi dit gonazpi horretatik zuzendutako so isilak.
Jostailu amaigabea da
umeentzat hondarra,
eta ametsak eskuekin eraikitzen dituenaren gozamena
bereganatua dute.
Ilusio gehiago ere ikusi dut
hor behetik, etzanda.
Itsasoaren bakartasunean
hegan egitera bultzatzen duten zipriztinak daude,
dagoeneko ez baitago
oporraldien exodotik bizirik geratzen den kanpotarrik.
Erromesa baita gizartea eguzki-hiletan,
egunerokotasunean hilobia lantzen duena
hile bakarrean guztiak batera lurperatzeko.
Azkenik badira ekialdeko haizea aitzakiatan estaltzen dutenak;
horiek ez dute ikusi, ez dute sentitu,
iraileko hondartza egunak eguzki goxotan bilduta daudela
gogoetara luzatutako epeltasunaren dardaran.

2007-09-06 23:59:26 (anabasa)

collage

Bi autore eta bi liburu (bat, bi). Lau poema (bat, bi, hiru eta lau). Collage bat.

--

Zer ote dago nor garen horren itaunaren atzetik?

Tipo bakarti bat izan nahi nuen,
aldika konpainia onarekin gozatuko zuena.
Aldika tabernan afaltzen duten
tipo argal horietakoa izan nahi nuen,
hitz gutxi esan baina sekretu asko dauzkatenak.

Norberak jakin beharko luke erantzuna hobekien, nahiz eta askotan zapaltzen dugun lur zatia irla desertu batetakoa izan.

Bere oreka kolokan jarriko duten galderarik egin gabe,
bizitzea eragozten ez duten gezurrak onartuz
ihes egiten dio suntsipenari,
gauzak noraino jakitea komeni den antzemanez.
Berandu denean bakarrik pizten zaio egiaren jakin nahia.
Egia ausardiaren edo etsipenaren fruitua baita,
eta gezurra koldarkeriarena.

Eta arima naufragoren batekin topaldia egin ondoren itsaso berriak zeharkatzeko grin hori pizten da berriro, halabeharrez edo denborak kabuak askatuta, irlaren esklusibotasunetik lurralde berrien aniztasunera barreiatzeko.

Zorionak ez nau liluratzen.
Jendeak zorionagatik egiten duenak hotz uzten nau.
Horregatik nire bizitzako amodioa hil egin nuen,
benetan nire bizitzako amodio baldin bazen
berpiztuko den itxaropen etsitu baten aginduz.

Hondartza ezezagunetan lehorreratzen da gogoa, eta olatuen etorriak naufrago izandakoen oihartzun lotsatiak dakartzate mundu berri batera.

Isiltasun hondarrak

Deus ere ez da mugitzen,
Zu zara ala ni naiz eguzkiaren igoeran
Mendian luzatzen den zuhaitz hori?

Deus ere ez da mugitzen,
Orduan esan nahi izaten dizut
Zauria bezala kantatzen duzula ene baitan.

Eta mugitu egiten naiz,
Herrialde minduan bezala
Esertzen naiz zugan.

Orduan galdera berbera errepikatzen da gure baitan, nor garen horren atzetik zer dagoen jakin guran, xuxurla galduen perturbazioak eraginda, denborak isil-isilik irensten duen gizaseme baten piuraz jantzita.

2007-08-30 00:26:13 (anabasa)

b.

Biharamun petraletan agertzeko joera du b.-k. Zuri begira geratzen da denbora luzez, errebolberra eskuan, punteria noiz finduko zain. Burua harengana jiratu arte ez du tirorik egingo, egon lasai.

Trebea da b. gorputzaren barrenekoak itzaltzen, Smirnoff botilek pizten zaituzten bezala baina kontrako norantzan. Sinplea ezta? Koma egoeran uzten zaitu, hurrengo goizean batek-daki-non esnatu arte.

b. zure laguna da, badakit. Ez galdetu zergatik.

2007-08-23 17:04:06 (anabasa)

bestaldean

Gezurrak olioa esku artean bezala ihesi ziren, etengabeko isurian.

bestaldean

Jakina zen errepide amaigabearen bestaldean nengoela.

2007-08-17 19:33:11 (anabasa)

oporrak markatzen direnean bezala

Aspaldiko partez Urkiakoengana enkarguak eramatera joatea tokatu zait. Hirugarrenean bizi den pareja da Urkiakoa, nahiz eta niri beti gizonarekin egotea suertatu zaidan. Tinbrea jo ondoren denbora eten da une batez gizona atera iritsi bitartean.

Sorpresaz zabaldu du atea, aspaldiko lagun min bat agurtzen denean bezala. Halako hurbiltasuna adierazten iaioa da Urkiako gizona; beharbada etxezuloaren desgrazian loratzen den tasun horietako bat da, gizajoak urteak baitaramatza etxetik irten gabe. Nik beti etxe barruan ezagutu dut ordea eta iritzia gehiegi luzatzea litzake agian.

Edonola ere irribarre zabal batekin hartu nau, enkarguak baino kanpoko bisita eskertuz. Aspaldiko! esanaz agurtu dut eta bere hitz egiteko modu ezkutuan Baai aspaldiko! ulertu dut. Batzutan zaila baita Urkiako gizonaren hitzak ulertzea. Eskuineko eskuaz makulua eusten du eta sukaldeko mantala jantzita dauka tirantezko kamiseta txuriaren gainetik, sukalde lanetan harrapatu dut oraingoan ere. Sukaldeko mahai beteranoaren gainean utzi dut etxekoandreak egindako erosketa, txikitzen zebilen perrexil berdetik aparte.

Gero etorri da tertulia. Tertuliak gainera badu leku propio bat, etxeko atearen eta behera doazen eskaileren arteko espazioa hartzen du, hitzen gotorleku erosoena bailitzan. Oporrei buruz jardutea okurritu zaio gaur Urkiako gizonari. Kontatu dit nola gaztetan oporrak ez ziren orain bezala, hilabetekoak, gehienez ere bi astekoak baizik. Horrez gain, pezeta gehiago lortu nahi zuenak aukera omen zuen oporren aste bat laneko aste bihurtzeko. Jakina, artean Urkiako gizona gazte zela pobre izatea tokatu omen zitzaion gehienei bezala eta oporretako aste bati uko egiten ziola gaineratu du.
Geratzen zen astean zer? Mendia. Urkiako gizona mendizale sutsua izan da beti eta bere hitzek zorroztasunez adierazten dute hori, makulua estu hartzen du, mendiko ibilaldiak bukatu zaizkionaren pena eta amorruz. Mendiko haize freskorik jasoko ez duenaren testigantza gogorra da.

Soldadu joan zenekoak ere ekarri ditu gogora, huxkeri bat ordaintzen ziotela esan du, eskuarekin madarikazio keinu bat eginez. Ikasketak zituztenek gehiago kobratzen zutela, kargu altuagoak hartzen zituztelako. Horrek ikasketekin lotura egiteko balio izan dio: ikasteko ofizio bat, lanik urrienarekin etekinik handiena emango duena. Medikuk asko kobratzen ditek, hori ona duk, oso ona... edo politikero, hobe! Politikeruan lanak emangoik diru gehixena ebaki du munduko jakintza guztia duenaren ziurtasunez.

Horrela egon naiz pixka batean Urkiakoak esaten zituenak entzuten. Denborak ere aurrera egin duela-eta, joan beharraren hurbiltasuna agertzen saiatu naiz. Hala ere beste minutu parea-edo aritu da solasean, inoiz norbaitek berriro atea joko ez duenaren beldurrez agian, tertuliako lekuan hurrengo pertsona noiz azalduko den ez dakienaren ezjakintasunaz beharbada.

Etorritako bidetik bueltatu naizenean atea zabaltzean marraztutako irribarre berberaz agurtu nau, bisitaren esker ona azpimarratuz, kalendarioan oporrak markatzen direnean bezala.

2007-08-13 22:55:33 (anabasa)

jainkoarena

Istorioak kontatu zalea da A. Tarteka, arrazoi handirik ez dela medio, ipuintxoak kontatzen dizkigu arratsaldeko bero sapak urtu ez gaitzan. Eta bide batez, gure buruei hauts pixka bat kentzea du helburu.

Inaxio gaurkoan ohiko moduan Zabaletatik behera abiatu da esnea partitzera. Iritsi da Elorriagako bidegurutzera ziztu bizian eta bide bazterrean Jainkoa ikusi du, patxaratsu bera. Inaxiok ohiu egin eta aldapan behera jarraitu du arrapaldan, baina harridura handi batek gorputza hartu dio eta bihotz-taupaden erritmoa nabarmen areagotu zaio.

Sarasolara iritsi bitartean buruan ez du besterik: "Jainkoa al huen benetan?", errepikatu du etengabe, ikusitakoa sinestu ezinda. Maldan behera azkar zihoanaren aitzakia hartuta, gorako bidean Jainkoarekin hizketan geldituko dela zin egin dio bere buruari, urduri antzera. Aldapan gora tematuta dabil Inaxioren pentsamendua, Jainkoarekin zertaz hitz egingo ote duen, zerbait interesgarria izango duen hark kontatzeko. Elorriagako bidegurutzera hurbildu ahala, urduritasuna begi bistakoa da mutilarengan. Bidegurutzean ordea Jainkorik ez bistan eta Zabaletara itzuli da etorritako leku beretik.

Zabaletan, barneko harridura askatu nahian-edo, Joanes maixu zaharrarengana joan da zuzenean, aholku eske bide batez.

— Joanes, ez duzu sinestuko gaur gertatutakoa.
— Sinesteko aurretik entzun egin behar.
— Bai, banindoan goizean betiko martxan Sarasolara esnea banatzera eta Elorriagako bidegurutzean Jainkoa ikusi dut. Jainkoa alajaina! Baina hain martxa bizian nindoan konturatzerako urruti nengoela eta bueltako bidean geratzea erabaki dut.
— Jainkoa beraz. Hori al duk harriduraren iturri?
— Bai, sinestezina izan da nire barruan piztu dena Joanes. Baina hona bueltan nentorrenerako dagoeneko
hanka egina zuen.
— Suposatzekoa.
— Ah bai? Zer dela eta ba?
— Entzun ezak ondo demonio. Hi denbora dezente hoa Jainkoa ezagutzen (edo ezagutu nahian) eta hark hi hik uste duana baino hobeto ezagutzen hau. Horregatik, hik Jainkoa benetan ezagutuko bahu, ez hintzen harriduraz josita jaitsiko Sarasolara, bertakoa, etxekoa egingo huelako haren presentzia. Urduritasuna ez baituk existitzen halako okasioetan. Gainera, Jainkoa hire benetako laguna izanik, edo hala sinetsiz behintzat, hura hire zain geldituko huen Elorriaganean eta ez zian ustekabean hanka egingo. Horregatik hik ikusi duana ez duk Jainkoa izan, akaso Jainkoz mozorrotutako mozoloren bat, baina Jainkoa... ezta!
Jainkoa ez duk uste bezain ongi ezagutzen.

Eta Joanes zaharrak bakarrik utzi du Inaxio, lekuz kanpo apur bat, beragandik inoiz baino hurbilago agian.

Bidegurutzeak tranpaz josita daudela esan du A.k. Muturraren aurrean ikusten dugun hori ez dela beti bistak erakusten diguna, ageriko mozorroa baizik. Eta bidegurutzera iristean azaleko aurreiritziak albo batera utzi behar direla eta mozorro guztiak kenduta egin behar dela bide batekiko hautua.

Arrazoia eman diot A.ri: ustez ezagutzen dugun hori, begi bistatik gertu senti dezakegun arren, inoiz baino urrutiago dago.

2007-08-09 23:18:44 (anabasa)