oporrak markatzen direnean bezala
Aspaldiko partez Urkiakoengana enkarguak eramatera joatea tokatu zait. Hirugarrenean bizi den pareja da Urkiakoa, nahiz eta niri beti gizonarekin egotea suertatu zaidan. Tinbrea jo ondoren denbora eten da une batez gizona atera iritsi bitartean.
Sorpresaz zabaldu du atea, aspaldiko lagun min bat agurtzen denean bezala. Halako hurbiltasuna adierazten iaioa da Urkiako gizona; beharbada etxezuloaren desgrazian loratzen den tasun horietako bat da, gizajoak urteak baitaramatza etxetik irten gabe. Nik beti etxe barruan ezagutu dut ordea eta iritzia gehiegi luzatzea litzake agian.
Edonola ere irribarre zabal batekin hartu nau, enkarguak baino kanpoko bisita eskertuz. Aspaldiko!
esanaz agurtu dut eta bere hitz egiteko modu ezkutuan Baai aspaldiko!
ulertu dut. Batzutan zaila baita Urkiako gizonaren hitzak ulertzea. Eskuineko eskuaz makulua eusten du eta sukaldeko mantala jantzita dauka tirantezko kamiseta txuriaren gainetik, sukalde lanetan harrapatu dut oraingoan ere. Sukaldeko mahai beteranoaren gainean utzi dut etxekoandreak egindako erosketa, txikitzen zebilen perrexil berdetik aparte.
Gero etorri da tertulia. Tertuliak gainera badu leku propio bat, etxeko atearen eta behera doazen eskaileren arteko espazioa hartzen du, hitzen gotorleku erosoena bailitzan. Oporrei buruz jardutea okurritu zaio gaur Urkiako gizonari. Kontatu dit nola gaztetan oporrak ez ziren orain bezala, hilabetekoak, gehienez ere bi astekoak baizik. Horrez gain, pezeta gehiago lortu nahi zuenak aukera omen zuen oporren aste bat laneko aste bihurtzeko. Jakina, artean Urkiako gizona gazte zela pobre izatea tokatu omen zitzaion gehienei bezala eta oporretako aste bati uko egiten ziola gaineratu du.
Geratzen zen astean zer? Mendia. Urkiako gizona mendizale sutsua izan da beti eta bere hitzek zorroztasunez adierazten dute hori, makulua estu hartzen du, mendiko ibilaldiak bukatu zaizkionaren pena eta amorruz. Mendiko haize freskorik jasoko ez duenaren testigantza gogorra da.
Soldadu joan zenekoak ere ekarri ditu gogora, huxkeri bat ordaintzen ziotela esan du, eskuarekin madarikazio keinu bat eginez. Ikasketak zituztenek gehiago kobratzen zutela, kargu altuagoak hartzen zituztelako. Horrek ikasketekin lotura egiteko balio izan dio: ikasteko ofizio bat, lanik urrienarekin etekinik handiena emango duena. Medikuk asko kobratzen ditek, hori ona duk, oso ona... edo politikero, hobe! Politikeruan lanak emangoik diru gehixena
ebaki du munduko jakintza guztia duenaren ziurtasunez.
Horrela egon naiz pixka batean Urkiakoak esaten zituenak entzuten. Denborak ere aurrera egin duela-eta, joan beharraren hurbiltasuna agertzen saiatu naiz. Hala ere beste minutu parea-edo aritu da solasean, inoiz norbaitek berriro atea joko ez duenaren beldurrez agian, tertuliako lekuan hurrengo pertsona noiz azalduko den ez dakienaren ezjakintasunaz beharbada.
Etorritako bidetik bueltatu naizenean atea zabaltzean marraztutako irribarre berberaz agurtu nau, bisitaren esker ona azpimarratuz, kalendarioan oporrak markatzen direnean bezala.