jainkoarena

Istorioak kontatu zalea da A. Tarteka, arrazoi handirik ez dela medio, ipuintxoak kontatzen dizkigu arratsaldeko bero sapak urtu ez gaitzan. Eta bide batez, gure buruei hauts pixka bat kentzea du helburu.

Inaxio gaurkoan ohiko moduan Zabaletatik behera abiatu da esnea partitzera. Iritsi da Elorriagako bidegurutzera ziztu bizian eta bide bazterrean Jainkoa ikusi du, patxaratsu bera. Inaxiok ohiu egin eta aldapan behera jarraitu du arrapaldan, baina harridura handi batek gorputza hartu dio eta bihotz-taupaden erritmoa nabarmen areagotu zaio.

Sarasolara iritsi bitartean buruan ez du besterik: "Jainkoa al huen benetan?", errepikatu du etengabe, ikusitakoa sinestu ezinda. Maldan behera azkar zihoanaren aitzakia hartuta, gorako bidean Jainkoarekin hizketan geldituko dela zin egin dio bere buruari, urduri antzera. Aldapan gora tematuta dabil Inaxioren pentsamendua, Jainkoarekin zertaz hitz egingo ote duen, zerbait interesgarria izango duen hark kontatzeko. Elorriagako bidegurutzera hurbildu ahala, urduritasuna begi bistakoa da mutilarengan. Bidegurutzean ordea Jainkorik ez bistan eta Zabaletara itzuli da etorritako leku beretik.

Zabaletan, barneko harridura askatu nahian-edo, Joanes maixu zaharrarengana joan da zuzenean, aholku eske bide batez.

— Joanes, ez duzu sinestuko gaur gertatutakoa.
— Sinesteko aurretik entzun egin behar.
— Bai, banindoan goizean betiko martxan Sarasolara esnea banatzera eta Elorriagako bidegurutzean Jainkoa ikusi dut. Jainkoa alajaina! Baina hain martxa bizian nindoan konturatzerako urruti nengoela eta bueltako bidean geratzea erabaki dut.
— Jainkoa beraz. Hori al duk harriduraren iturri?
— Bai, sinestezina izan da nire barruan piztu dena Joanes. Baina hona bueltan nentorrenerako dagoeneko
hanka egina zuen.
— Suposatzekoa.
— Ah bai? Zer dela eta ba?
— Entzun ezak ondo demonio. Hi denbora dezente hoa Jainkoa ezagutzen (edo ezagutu nahian) eta hark hi hik uste duana baino hobeto ezagutzen hau. Horregatik, hik Jainkoa benetan ezagutuko bahu, ez hintzen harriduraz josita jaitsiko Sarasolara, bertakoa, etxekoa egingo huelako haren presentzia. Urduritasuna ez baituk existitzen halako okasioetan. Gainera, Jainkoa hire benetako laguna izanik, edo hala sinetsiz behintzat, hura hire zain geldituko huen Elorriaganean eta ez zian ustekabean hanka egingo. Horregatik hik ikusi duana ez duk Jainkoa izan, akaso Jainkoz mozorrotutako mozoloren bat, baina Jainkoa... ezta!
Jainkoa ez duk uste bezain ongi ezagutzen.

Eta Joanes zaharrak bakarrik utzi du Inaxio, lekuz kanpo apur bat, beragandik inoiz baino hurbilago agian.

Bidegurutzeak tranpaz josita daudela esan du A.k. Muturraren aurrean ikusten dugun hori ez dela beti bistak erakusten diguna, ageriko mozorroa baizik. Eta bidegurutzera iristean azaleko aurreiritziak albo batera utzi behar direla eta mozorro guztiak kenduta egin behar dela bide batekiko hautua.

Arrazoia eman diot A.ri: ustez ezagutzen dugun hori, begi bistatik gertu senti dezakegun arren, inoiz baino urrutiago dago.

2007-08-09 23:18:44 (anabasa)