note book
Pako Aristiren Note Book liburuan gogoeta anitzak aurki ditzakegu literaturaren, zorionaren, koherentziaren, heriotzaren eta azken finean gure munduaren inguruan. Kontakizun bakoitza orri batekoa izanik —bada salbuespenen bat— oso irakurterraza da. Pena dut baina hitzak ez ote diren azkarregi amaitu. Atentzioa deitu didaten zatiak biltzen saiatu naiz, ohiko moduan.
Mugak gizakion asmakizunak dira, gure interesak hobeto babesteko sortu genituenak. Gure interesa mundua bera bada, ezin dugu begirada mugetara laburtu.
Gure oroimenak ulertzen ditu askotan gure kontzientziak bereganatzen ez dituen gauzak. Horregatik literatura oroimenarekin jokoan ipintzen dut.
Heriotza ere medikalizatu egin da erabat, eta nola edo hala urte asko irautearen aldeko lehian sartu da medikuntza ofiziala. Bere definizioa ere aldatu egin digute: heriotza bizitzaren zentzua borobiltzen zuen unea zen; orain ezkutatu beharreko gaitz bat bihurtu da.
Sentitzen dudanera inguratu behar dut, ahalik eta gehien, pentsatzen ari naizena; batasun horren eraginez erabaki bat har dezaket, baina hori egiteko kemenik edo adorerik ez badut, dena paperezko gaztelu bat bezala eroriko da. Biziko naiz pentsatzen dudana egiteko beldurrez, edo sentitzen dudana erabakitzeko ezinez, edo erabaki nuena egiteko koldarkeriaz, edo sentitzen nuena gogoratu ezinez.
Zoriona ez da daukazuna, bizitzaren aurrean agertzen duzun jarrera baizik.
Gaisotasunak ametsak dira, gorputzak benetakotzat hartzen dituenak, konpondu gabe dauden arazoen mezua dakartenak.
Gaztetan bihotza estaltzen duen geruza galmintza bezain xehea izaten da, eta hura zulatzea gauza erraza izaten da, begiratu bat aski, egoki esandako hitz bat, mutikoa dardarez jartzeko. Zahartzea horixe da: artelatzak bere enborra txorkoarekin estaltzen duen bezalaxe bihotza babestea, eta hura zulatzea oso zaila da; zure bizitzan aspalditik datozen pertsonen esku bakarrik legoke.