hitz egitearen babesa
Nago ni pertsona baten izen edota adina jakiteak geure aurreiritziak elikatzeko arma oso eraginkorrak direla. Eta harritu egin naiz ikusita nola era guztietako jendea aurki daitekeen etiketari begiratu gabe.
Adibide bat, gau honetan lainoak arrapaladan zebiltzan bitartean zerura begira esna eduki nauenarena. Denetik eta gehiago duen emakume batena, bakardade gandu batean murgilduta dabilena, hiriko estresgune pozoitsuetatik ihesi. Lanpostua, autoa, etxebizitza, dirutan asko balio duten objektuen, etabar luze baten jabe. Badirudi bizitzak sentimentalki traizio egin diola ordea eta horri ezin diola aurre egin; ez dago dirutan eros daitekeen soluzio prefabrikaturik. Horregatik esango nioke, tancant els ulls
, momentu batez bere eguneroko bizitzan duenari erreparatzeko eta instant labur baten ondoren —ilunaren etenduran, ezarian-ezarian bestearen arnas-hotsa entzun daitekeen instant bat, esaterako—, itaunduko nion ea zoriontsua den.
Berandu da baina, hitzak gauak eraman baititu ekarri moduan, lainoen arteko arineketan. Batzutan nahi baino lehen alde egiten digute jakin nahi genuen hori galdetzeko une aproposek eta behin denbora pasata, konturatzen gara onena isilik egotea zela. Hobe dela horrela, aparteko xehetasunik gabeko hizketaldia izan dela, mamitsua era berean baina azalean daramatzagun ezaugarriei erreparatzeko beharrik gabe.
Hitz egitearen babesak estali du gau honetako ohatzea. Goxotasun horrek ematen duen poza onartu beharko genuke; edo presentzia hutsa, gutxienik ere.