izena

Oraingoan ere Xabier Gantzarainek perla bat utzi digu begien aurrean. Irakurri eta gozatu.

Aspertu egiten zara egunkariekin, banaka beharrean binaka, launaka pasatzen dituzu orriak. Baina gaur, aspaldiko partez, albisteak harritu egin zaitu, goitik behera irakurri duzu, eta poztu egin zara. Urtarrilaren 12an, Joshua Bell biolin jole ospetsua Washingtoneko metro geltoki batean aritu zen jotzen, Washington Post egunkariak proposatutako esperimentu batean, goizeko zortziak inguruan; oso jende gutxi gelditu zen entzutera, 1713. urteko Stradivariusa nola goxatzen zuen ikustera. Dolar gutxi batzuk batu zituen. Aurreko astean, bere kontzertua entzun nahi zuenak, 100 dolar ordaindu behar zuen sarrera.

Esperimentuaren eragileek zein ondorio atera dituzten ez dakit. Albistean bertan hainbat kontu aipatzen ziren: goizeko ordu horietan, lanera presaka zoazela, ez daukazula astirik musikari erreparatzeko, ez dagoela modurik edertasunari leku egiteko. Eta hala da. Nola esan nagusiari metroan biolina jotzen ari zen tipo bat entzuten geratu zarelako iritsi zarela berandu lanera?

Baina esperimentu horrek beste hainbat kontu uzten ditu agerian, eta presarena da gutxienekoa. Inork ez du espero Joshua Bell metro geltokian hastea biolina jotzen. Joshua Bell biolin jole handi egiten duena ez da, tamalez, bere talentua, sistema baizik. Kontua ez baita nola jotzen duen, kontzertua non ematen duen eta sarrera zenbatean dagoen baizik.

Zenbat aldiz ez ote dugu entzun, eta zenbat aldiz ez ote dugu esan, tipo horrek Miro bat zeukan bainugelan. Koadroa ederra al den, gustatzen al zaigun, ezertan aldatzen al gaituen, bost axola, tipo horrek Miro bat zeukan bainugelan. Izena da benetan axola duena, sinadura da azkenean ordaintzen dena.

Camilo Jose Cela idazleak ere Miro bat zeukan etxean, eta harro zegoen gizona. Halako batean, Miro bera etorri omen zitzaion bisitan, eta Celak egongelarako bidea erakutsi omen zion: «Zure koadro bat daukat egongelan». Iritsi ziren egongelara, jarri ziren koadroari begira, eta Cela harrituta bezain haserre utzi zuten hitzak esan zituen Mirok: «Koadro hau ez da nirea, faltsua da». Ederra sakatu ziotela, engainatu egin zutela, sutan jarri zen Cela. Sukaldera joan, aiztorik handiena hartu, eta amorruz urratu zuen mihisea, Miro lekuko zela. Orduan, etxean pinturarik ba al zeukan galdetu zion Mirok. Baietz, zer edo zer edukiko zuela. Ekartzeko. Hartu zituen pinturak, hartu zuen pintzela, eta Celak urratutako mihise hura sinatu egin zuen.

Miro faltsua, keinu sinple horren bitartez, Miro autentikoa bilakatu zen. Eta noski, gora eta gora egin zuen koadroaren balioak merkatuan.

2007-04-15 00:50:35 (anabasa)