72 objektu kaxa hutsean “neurtitz” formakoak.

inguru

Bitan banatu zait ingurua
hondarra sentitzen dut zainetan eta
pisua hartzen ari den zamak
aingurak marrazten ditu zure betazaletan.

Datorrenari begiratu nahi nioke
maskara guztiak kenduta,
lotsaren azalak berriz erantzi,
balizkoak ahaztarazi.

Biren arteko gurutzean
ernaldu zait garuna:
hemen nabil errari
hausnarketa pusketak erditzen ikusi nahirik.

2011-09-13 00:10:37 (bizhitz, neurtitz)

erronka

Sukarrak jota dagoen kamareraren
irribarre lotsatia
kaña bat eguzkitan eta
datorzkigun erronken aparretan esnatzea.

Kraterrak ditut memorian
eta zelai berdeak
terreno urbanizableetan.

Ez galdetu inori
zertara natorren
karneteko izena nirea
ala momentuan asmatua den.

2011-08-07 01:17:26 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

baitan

Begien aurrean urtzen zaidan liburua
ulertzen ez ditudan istorioak eta
neska bat hondartzan bakarrik nire aldamenean.

Eguzkiarekin batera
mendebalera egin duelarik
papera eta lapitza hartu eta
nire baitan arnastutakoak idaztea da
lehenengo hitzetik
koldarraren sinadura ipintzea.

2011-08-04 22:55:08 (bizhitz, neurtitz)

hondarra sabelean

Abortu naturala naiz
gaztaroaren itzalean,
min ematen duen denbora
eta hondarra sabelean.

2011-07-25 11:18:38 (bizhitz, neurtitz)

kaligrafia

Ez dut sinisten amaren alaba zarenik
autopistak
180km/h-ko abiaduran joateko diseinatu dituzun
bidezidor estuak dira

nola jabetu ingurukoaz
hitz egiten saiatzen naizen bakoitzean
once you go black, you never go back
irakurtzen badut
inongo eskuek orraztu gabeko hitzetan

bere horretan

kaligrafia ikastaro hau kenduta
guztia da debalde
oraindik baldar bainabil zirriborro honetan
nire izena eguneroko zeren artean kokatu nahirik.

2011-07-17 15:04:02 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

ardatz

Periodikoen iparrak
orria aspaldi pasa ondoren
nor akordatzen dun orain
ozeano indikoko ezbehar hartaz?

ahanzturarekin
bihotzak astundu egiten ditun

bazekinagu
ardatzak tokiz aldatu zirela
eguna mikrosegundo luzeren batean
murriztu zela

noiz begiratu genizkinan azkeneko aldiz
litekeena dun ez akordatzea
hiriburuetako izenez
mapetako koloreez
eta bitartean
murriztutako egunak luzatuz doaz berriz ere

ahanzturarekin
zainak hondarrez betetzen ditun

lurrean sustraituta
ez zagon paradisu erabatekorik
hondartzak urak itota bizi ditun joan-etorrian
eta zalantzak lehertu dizkin ozeano bareko katastrofeak
oxigenorik emango
egunak luzatuko, moztuko
betirako iraungiko
non kokatuko ardatza.

2011-03-16 14:51:11 (bizhitz, neurtitz)

eguzkia kolorez aldatzen denean

zeru erdi bat
eta eguzki gorria
ez hotza, ez beroa,
oso-osorik zuretzat.

ezagutzen dut
nekatutako begirada
egunaren hondarrean.

mendi-magala igo ahala
jaisten den bakarra da argia
hazten den bakarra da iluna
eta bat egiten duten puntu horretan
galderak idatzita daude airean:
nor den zozo,
nor den bele,
konturatu arte
bitartean marrazten den denbora
zapaldutako hondar-alez gainezka dugula zainetan.

2011-03-07 23:55:41 (bizhitz, neurtitz)

historiko

Zerrendatu egun historikoak:
zenbatu ezin daitekeen zenbakia
elurra urtzean bezain makal
oharkabean esanahia galtzen duen hitza da

Badago neurririk
historia izozteko?

Lehenengo okasioak omen
hitza, hortza, pausoa, eskola eguna, jaunartzea,
muxua, zigarroa, mozkorra, larru jotzea,
laneguna, soldata, kaleratzea,
ezkontza, dibortzioa, suizidioa,
guztiak omen
historikoak

Dena da ez dena
izandakoak eta badirenak
non hasi eta non bukatzen da
etortzeko dagoen historia
ze hitzekin idazten da?

2011-02-09 23:44:55 (bizhitz, neurtitz)

xerpa

Maldek atea jotzen dute egunero
xerparik ez igotzen laguntzeko gero
termometroa begiratu:
bada bizitzarik minus zero?

2011-01-11 10:10:10 (bizhitz, neurtitz)

aitormen

Ez nuen aitortu
lo itxurak ziren nireak
pertsiana, eguzkia, anbulantzien sirenak
Raviolli batzuk prestatu
zortzigarren bateko sukalde zaharrean
—zarata sartzen da leihotik—
atzoko ogia eta erretratu bat parkean
metrotik atera, katuak teilatuan
zerbezarik gabe kontzertu baten bukaera ikustea
—perspektibarik ba al huen, orduan?—
korrika alde egin, billeterik ez ordaindu
zapatu gau batez elkarren ondoan loak hartu
eta urteen poderioz labirinto batean galdu.

2010-12-31 00:12:48 (bizhitz, neurtitz)