72 objektu kaxa hutsean “neurtitz” formakoak.

atzerri

besaulkian eseri eta hautsak hartutako liburutik
arrakala galdu bat ireki dut
begiak brankiak bailiran
arnastu dut
ezkerreko orrian idatzita dagoen poema

elurra da
Boston da
autobus-bidaia da
New York da
etxera itzultzea ere
atzerri da

2008ra begiratu eta
aurkitu ditut hautsitako estekak
ohozpelak baleitu iv. neurria saila iii.
badaki begiztak
bukaeratik hasierarako bidea

distantzia da
Hauptbahnhof da
tren-bidaia da
Bellevue da
diruz lagundutako
lilura galdua da

eta jarri dut begizta
eta pentsatu dut nola
denboraren distantziak
ospel bilakatzen duen
aberrian erein zen gogoa

2018-10-27 21:19:09 (bizhitz, neurtitz)

izpi

une bat
etzanda
azkenean
umeak etxean utzi
egunaren eguzki-izpi hondarrak besarkatu eta
albo batera jarrita
liburua irakurtzen
lo hartu du

2017-08-23 12:43:21 (neurtitz)

fotokopia

harrapa lezake unea
paper pusketa batek
tatuatuta utzi
garai bateko zaurien kolorea

galdetzen didate usu
zenbat hizki dituen nire alfabetoak
hauen frekuentziak
errepikatzen direnentz

nolabait aurreikus litekeen
esan edo esan gabe
utziko direnak

forma exotikorik dagoen
ala fotokopiagailu zahar bateko
kopia merke eta lausoen traza duten

2017-08-15 14:31:45 (neurtitz)

marketing

itxuraren lilurak hurrupatu du:
alfonbra zaharrak, erdizka dabiltzan lanparak eta herdoilak harrapatutako
aulki-mahai ñimiñoak atarian

aurreko kale-izkinan tipo batek adierazi dio
kafe-makina italiarra dutela, buonissima,
jendearen esamesek, jakituriaz beteriko trip advisor-eko iruzkinek,
denek egin dute bat lokalaren bisitari-oldea azpimarratzean:
jende guapo eta kezkarik gabeak loraturiko baratza da

"arrakasta" diote
ulertzeko modu zenbakizkoaren aparrak
gainezka eginda

galdetzen al diote txandako baristari
lorik egin duen gauez,
noizbehinka
umore-aldaketa gorabeheratsurik jasaten duen,
arrastaka dabilen

baina berdin du
mikaztura puntuak
azukrearen potoan gatza erori den
belar zaharrak ondo apainduta
lore modura ere sal baitaitezke

2017-07-28 15:32:28 (bizhitz, neurtitz)

txoko

arnas pausatua
30 km/h-ko abiadura-muga duen kaletik pasieran
umeak dira soinean
hipster ama-berrien tatuaiak

hirurehun mila pezeta
zenbaki irrazional bat da
etxearen alokairua

ez da asko eskatzea
txoko txiki bat
zurezko lurra eta
kafe katilua eskutan nola
epelduko zaituen sukaldeko argia

2017-07-25 13:45:50 (anabasa, neurtitz)

bukatu

bukatu gabeko testuak eta hasi gabe ahaztuta geratu diren asmoak

pedestrian xing:
itzaltzen ez diren argiek
esnatu naute

"a-ja", errepikatu dut etsipenez eta
hasperen egin dut
azkenean ezingo garela elkar ikusi idatzi didazunean

bukatu gabeko denboran bizi naiz
erdizka
pauso laurden bat aurrera, bi atzera

2015-12-31 17:07:54 (anabasa, neurtitz)

nerabe

bera da
noizbait nik izan nahi nuen nerabea
zirrikitu batetik begiratzen ditut ateratzen dituen argazkiak,
leitzen idatzitako poemak
isil-gordean

erretratatzen duenak badauka aire zera bat
gustuko dut
baina aldi berean hain sentiarazten nau miserable
ze gozamenerako tarterik barik
inbidiaren orroak sutzen nau
eta gorroto dut
ez bera,
ez berak egindakoa,
harriz beteriko zakua
nire gainean erortzen den zama
porrotaren hatsa
gorroto dut

nik ere nahi nuen izan nerabe
baina nire txanda heldu zenean
heldu izatera jokatu nuen.

2015-05-04 22:16:08 (bizhitz, neurtitz)

metrologia

Adibide bat emate aldera,
gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
distantzia neurtu ezinezko
urrats makaletatik.

Akordatzen uda bero haietako ordu txikietan
parrandatik etxerako bidean
errepide nagusiaren erdiko marrak nola zatitzen zintuen?
(txiki-txiki)

Momentu horiek memorian pizten zaizkidan bakoitzean,
izkina batera alboratuta irudikatzen zaitut orain.

Antzekoa gertatzen zitzaizun negua euritsu heltzean.
Itsasertzeko pasealekuan
farolen argi desenfokatuari jarraituz
atentzio osoa izarretara desbideratzen zenuen.

WhatsApp mezu koldar batean idatziko dizut garai hartan
etorkizunak egin zizun aitormena:
badoazen hegazkinen kea besterik ez dira izar iheskorrak.

Etxean ahaztu zenituen
metrologia-ariketak.

Gaurko eguraldiaren soinuak
ez du gauza handirik aparte
hileta elizkizunetatik.

2015-01-06 20:56:19 (bizhitz, neurtitz)

tödistrasse

Bere gelako leihoak
Tödistrasseko patio hartara ematen zuela
esan zidan.

Hozka egin nion okerreko interpretazioari eta
ahaztu egin zitzaidan
arropa zuriak zeramatzala soinean,
ahaztu egin zitzaidan
zuriz jantzita ikusi nituela aurretiko emakume guztiak.

Anja zeukan izena,
ez nintzen gogoratzeko gai izan lehenengo aldiz aipatu zidanean,
ez nion oso ondo ulertu nahi izan.

2014-08-20 17:21:23 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

27

serioa da
hogeita zazpi urte edukitzea
gauzarik serioenetakoa da
inguruan, haurtzaro itoko
lagunak hiltzen dira
eta norberaren hilezkortasuna
zalantzan jartzen du batek.

Roque Dalton (ITU bandak euskaratua)

2013-12-29 00:45:28 (bizhitz, mozketak, neurtitz)