pozoi
Pozoiaren bide-bazterretan
egin geninan topo
igande arrats bateko
ezuste aldrebesean.
Pozoiaren bide-bazterretan
egin geninan topo
igande arrats bateko
ezuste aldrebesean.
Harrapatuta gaude B.ko aireportuan:
fumata bianca izan da
eta gu hemen,
erropa zikinak itsatsita
telebistaren aurrean lo hartzeko
aukerarik gabe.
¡Que horror!
Alternatiba bila hasi gara
segituan.
Handik eta hemendik ibili gara
galdezka,
trena, autobusa, taxia?
hartzeko modurik zegoen.
Bidali gaituzte
popatik hartzera;
altabozetatik entzun dut
lehen.
Gure hizkuntzan moldatzen diren batzuekin egin dugu topo
gero.
Ondoko herrietako auzoak ezagutzen ditugula
aitortu diegu
harro,
via google maps
etxeko siloitik mugitu gabe
zela
esan gabe.
Eta herritik urrun doazen hegaldiak
madarikatzen ditugu
bidaia agentziako oferta ukaezina zela
ahaztu nahi dugun bitartean.
Eskuetako dardara izoztu eta
bisturiarekin idatzi zenizkidan poemak bihotzean.
Nahigabeko okerren eraginak dakusat,
odola bor-bor dario zauri etorkinari.
Merezi gabeko neurtitz bilakatu dira:
bi-agra, bi-kodin, ko-deine
enlarge your pentsamendua non galdu zitzaizun
you have won the lotuta zaude
eta abarren parean
jartzea ere.
Gaur euria egin du.
Itsasoko dama negarrez esnatu du
gaueko hots siku batek
zerutik datozen oihuak dira
luzatuko diren minen taupadak
banan-banan,
ulertu ezina erauziz.
Gaur eria egin du.
Zerua estalita ageri da
(h)urrezko denboraren altzoan,
batere kontrolik gabeko
bera bakarrik jaurtitzen den
zantzurik okerrenak betetzeko gai den
diamantezko ar(i)ma da.
Gaur e(u)ria egin du.
Etorriko dira
hitzen babesean bildu eta
berriro jaioko diren egunsentiak,
egunen harian hauspotutako
itsasoak baretzeko gai diren
grina berriak.
Elurrak hartutako lera
makal pausatzen den joera da.
Isilik datoz malutak
eta zu,
beroaren hauspoan
funditutako bonbilla zara.
Ezerezean geratutako grin uherra,
debaluatutako txanponaren aurpegia,
gezurraren atzean ezkutatzen den
monumentua.
Elurrak hartutako lera
ikusi nahi ez duen begirada da.
Hi, mao, zertan ari haiz pentsatzen, non pausatzen zaik gogoa?
Lerro paraleloak juntatzeko nahiarekin jarraitzen duala entzun diat.
Iragan gauek odolustu ziaten kontzientziaren zakua.
mao, berriro,
berriro, ezkutatu zaik, ezkutatu zaizkik,
behinola leihotik sartzen ikusi hituen izpiak.
Umeen inozentziaz jokatzea ez duk horrenbesteko logroa.
Aitor ezak orain egia.
Argi distantearen pausagunea, mao, ikusten al duk?
Elkar ikusten ez diren ertzek bat egiten diaten unea, ezagutu duk?
Egunero ezkutatzen zara mendebalean
Sortaldetik sartalderako bidea nolakoa nahi zenuen,
nire duda.
Eta espero gabeko dei batekin hautsi zenuen lokartutako plazeren ezinegona.
Gauzatzeko denbora zure esku utzita,
momentu hark erakutsi zizun eguzkiaren epeltasun benetakoa.
Sinetsi nuen konturatu zinela.
Umea nekatuta dago, lo geratu da.
Zu ere lo zaude.
ez dena,
badena edo
izango dena,
gupidarik gabe leihotik behera botako gaituena,
eztena.
Etzanda ura edatea bezala,
desatsegina da.
Petroliuntzian
begirada galduta
poema beltzak
eta soto umelak
aingurak dira.