72 objektu kaxa hutsean “neurtitz” formakoak.

txutxu-mutxu

«Janet Jackson ez zen Michaelen arreba
zuria zen eta
aurpegian granoak zeuzkan»
hala dio NYorksti-Sebastopol hegoaldeko 8. Abenidako kartel batek.
Hortik aurrerakoak txutxu-mutxuak dira.

2013-12-08 21:25:19 (bizhitz, neurtitz)

etorkizun

Etorkizuna Joburgeko
taxi batean:
check ABS
check Airbag
LOW FUEL.

2013-08-06 10:05:37 (murritz, neurtitz)

ausentzia

izar galdua da
ohe honen loa

bizi honen historian ilargiak dirudi
gazta zati osatugabea
nirean, adibidez,
zurean

ausentziek gehiago batzen gaituztela
pentsatzen dut askotan
egon gabeko tokiek
itsu irudikatutakoek
gure artean ez dauden pertsonek ere
zerbait esan nahiko dutela
apika

baina erlojura begiratu eta
orain bakarrik jabetu naiz
ze gutxi falta den mundua bukatzeko

presak larritu nau une batez
itxarongo dudala agindu dut gero
aurki dezala loa munduak lehen
falta zaizkigunak osatuko ditugulako ondoren

2012-11-19 01:18:32 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

birus

Izerdi hotzak blaitu nau arratsalde sargorian.
Ez dakit ze birusek harrapatu nauen.

Zeruko atean zain egon ondoren
azken unean ez sartzea erabakitzearen tankeran,
itxuraz sendo ziren arnasbideak
bihurritu zaizkit
oxigeno-maskaren bila.

Bide artifizialek
amildegietan dituzte aingurak.

Garbi esanda
ez naiz zuri-beltzezko argazkietan
irribarrez azaltzen zena;
gaitzak astindu nau:
orain badakit
sendabidea harresiaren alde honetan dagoela.

2012-08-08 23:20:04 (anabasa, bizhitz, neurtitz)

pozoi

pozoia zara nire zainetan:
edo dena
edo bat ere ez.

2012-07-18 21:41:51 (anabasa, murritz, neurtitz)

psikotropiko (II)

Entzuten den arnasa bakarra
ohe honek bere egin duen
bion arteko armonia horrena da

Taupadaka ari den hauspoa bizituz
gelako sua ere areagotu da

zarata bakarra gara
oihartzun simetrikoan isuria
eta poliki-poliki
behera datorren gauaren argiarekin batera
baretu zaigu antsia.

Orain bakarrik nago hemen
gorputz honek izan nahi zuena
eskuekin adierazi nahian

Ez dakit zein ordu-zonatan esnatu naizen
kalendarioari beti egun bat gutxiago
ematen diodan honetan.

Psikotropiko hau
demasa da.

2012-04-19 02:53:12 (neurtitz)

psikotropiko (I)

Garun isolatu bat nahi nuke
izozkailuan sartu eta
bizitzaren alderik hutsalenera naramaten neurona horiek
hotzak jota akabatzeko.

Minbiziaren kaiolan eman ditut hilabeteak.
Hasieran sendabidea zena
eguneroko pilula bilakatu zait.

Arnasak lurrundu dizkit kristalak
ito zaizkit norabideak
tatuatu zait ezinegona.

Zahartzaroaren atariko barometroak
presio baxuak iragarri ditu eta
aitzakiaren euritan blaitu zait denbora.

Arnasa ere ukatuz nire buruari
nola demontre eman niezaioke buelta egoerari.

Psikotropiko honek
bere egunak kontatuak dauzka.

2012-04-16 10:56:45 (neurtitz)

hollywood

Euria goitik-behetik Hollywood Rd. 17an
labouring hitza hiztegiratzeko garaian
zulo beltza daukat laneko zapatiletan eta
inpazientziaz blai nago
Hey buddy, how are you doing? galdetzen du nagusiak
erlojuaren segundoak astun egiten direnean.

Karretilak berunez egina dirudi
gidari baldarra sentitzen naiz
lur lohituan barrena eta
Sven Nys imitatu nahi nuke
orduko 20$ ematen duen
ziklokros karrera honetan.

Horrelakoa da bizitza:
poema bat tatuatuko dizut zementu gogorrean
Jackhammerra eskutan hartuta.

2011-11-22 13:37:33 (bizhitz, neurtitz)

postal

postal

Toki ezezagunak
postaletan agertzen ez direnak
gure baitan ditugunak baina oraindik
aurkitzeko daudenak.

2011-10-30 22:17:39 (bizhitz, erretratuetan, neurtitz)

eta

paseo bat larrazkeneko ahora:
ondoko herritik bueltan
amestutako eszenak akuarelaz margotuta

aspaldiko ezagunarekin ikusi zaitut oinez;
inoiz ez gara hirurok elkartu birra batzuk hartu eta
tertulian aritzeko

beranduago kale nagusian,
dirua ateratzen zeundela buelta eman eta
artean kendu gabeko kaputxatik irten zaizu mira.
irribarre bat izan da airean
datozen denboren ahoko zuloan

garaiko zeru oskarbiak ondo daki
hotza azalean itsasten hasiko zaigula
eroso deritzen portuak aurkitzeke daudela
eta bitartean
nork bere aterpeak bilatuko dituela

urteek ahaztu dituzte
besarkaden arteko espazio konpartituak

geratzen zaizkigun errebolberrak
pazientziaz kargatuko ditugu
presa ez dadin izan lehergai
behinola banatu gintuen bidegurutzean.

2011-10-22 14:46:24 (anabasa, bizhitz, neurtitz)