psikotropiko (I)
Garun isolatu bat nahi nuke
izozkailuan sartu eta
bizitzaren alderik hutsalenera naramaten neurona horiek
hotzak jota akabatzeko.
Minbiziaren kaiolan eman ditut hilabeteak.
Hasieran sendabidea zena
eguneroko pilula bilakatu zait.
Arnasak lurrundu dizkit kristalak
ito zaizkit norabideak
tatuatu zait ezinegona.
Zahartzaroaren atariko barometroak
presio baxuak iragarri ditu eta
aitzakiaren euritan blaitu zait denbora.
Arnasa ere ukatuz nire buruari
nola demontre eman niezaioke buelta egoerari.
Psikotropiko honek
bere egunak kontatuak dauzka.