192 objektu kaxa hutsean “bizhitz” formakoak.

kapitalismo

herrari dabil argazkilaria. zubira gerturatzean, zerura so egin eta kamerarekin apuntatu du.

bete da ilargia, hiriko etxe-orratzen gainean kokatu da iluntzean. handi eta argi dago, begiak zabalik ditu; dirua egiteko makinak dakusa. fumata bianca: zuri da erraustegiaren kea. flashean doaz trenak harat-honat, zeharka ezinezko erra(h)ilen scalextriak. nola ostia ikusiko ote da han goitik estanpa hau?

iPhone estreinatu berria patrikan gorde eta zama batek ito du bat-batean.

kapitalismo basatiak oparitu dizkio the latest & greatest, segurtatu etorkizuna, agindu zerua. konturatu gabe kaiolan harrapatu eta makurrarazi du nagusien esan sentigaitzetara, baina.

moztu dizkio
isil gordean
hegalak.

herrian landu zuen kontzientzia, erein zituen baloreak, ez ote den beste orbita batean galdu, ez ote duen morfina murtxikatu batek pozoitu.

zer da erreala?

gaztaroko argazkiak errepasatu eta "goiz euria" hasi da megafonoetatik.

eta inertzia amankomun, nekagarri, nardagarriaz
gure mugimenduak elbarritzera
prostituzioari, maitasunari baino zilegitasun gehiago emanez
konbentzioei, ausardiari baino
legeei, zuzenbideari baino
komunikazioa gezurra da, komunikazioaren garaian
ibiltzea ez da urratsak ematea
sedate me, sedate me, save me, one more time
morfina injektatzen duzue egunero nigan
baina ezin nigan txertatu harriduraren ontzia
sustituzioaren garai nakar honetan
sedate me, sedate me, one more time
morfina injektatzen duzue egunero nigan

2024-12-16 22:51:11 (bizhitz)

igande

"escríbeme algo", idatzi dizut sekretuan. azken alditik denbora asko pasa da. ez dakit zuri buruzko gauza handirik bolada luze batean.

arrankatu ezin duen autoa dirudi, neguko goiz hotz eta ilunetan ohetik jaikitzea zail zaion langileak; kolorerik apenas dakusate, irekitzea kostatzen zaien begiek.

gizartearen zurrunbiloak biraka darrai eta hor jarraitzen dut, ez dakit zeren zain, igande goizetan, batez ere.

2024-12-15 10:33:49 (bizhitz)

gertu

Frantsesez hitz egin zenidan, nik ulertzeko moduan, eta ametsa bukatu aurretik datorren urtera gonbidatu zenidan. Ez naiz akordatzen eskutik elkar heldu genuen, oso gertu sentitu ginela agerikoa da, baina.

Hemen Naiz Ez Gelditzeko Baina

2023-12-31 17:20:28 (bizhitz)

itzali

Organismo hau makalegia da gizarte berriaren beharrei erantzuteko. Arbasoei arrotzak zaizkien garaietan, nola lagundu belaunaldi berriei?

Ez dago garbi adinaren ajeak diren edo orokorragoa den arazoa; edonola ere, transakzionala bilakatu da jendartea. Gaur zurekin hau, bihar besterekin hori. Egin salto komeni zaizun irlara. Sakonean aritu eta errotzeko zailtasunak ageri dira.

Itzali behingoz pantailak. Segi kafetegira eta ikusi behingoz, besteak zertan ari diren, begiratu leihotik kanpora, utzi pasatzen denbora.

2023-08-15 22:32:04 (bizhitz)

hego

Eguzkiak igual-igual berotzen du baina oharkabean pasa dira urteak. Itxuraz berdin aurkitu dut: gazte, zapatilak eta sudadera, ilerik ez zaio erori. Begirada ebakia du ordea. Zer ez ote duten ikusi begi horiek; ez kanpora munduari so, baizik eta barrura, barne-muinetako ilunei, jarraitzen izan dituen bozei, zornatutako memoriei, gaiztotutako adiskidetasunei, amildegira eraman zuten erabakiei. Hegoak moztuta ikusi dut mutila. Eta bekokiak besterik badio ere, eguzkiak bezala begiak itxita dena dakusa.

2023-01-03 20:03:14 (bizhitz)

eskala

hiru mila metroko gailurra
hondorik gabeko putzua
segun eta nola neurtzen den
tamaina desberdina du denak
ulertzeko modua: eskala.

2022-12-31 18:20:53 (bizhitz, neurtitz)

borda

alpeetako txokoren batean
aldapa malkarrari segi
ubidea mendeek zaildua da
borda abandonatuari so
neguari aterpea bilatzea lehentasun
harria handi, astun, mardul
itzala ez da hotz,
egurra piztu, argitara bildu
zirrikitutik begiratu eta
unibertsora askatzeko ilusioa
irudikatu

2022-12-25 10:55:20 (bizhitz, neurtitz)

azkura

Izan du azkura, azkazalean atximurra eta konturatu da zer den infinitua esku artean izatea: boligrafo forma dauka eta paperean islatzen da.

Marraztu ditu kiribilak, elkar gurutzatzen diren bektoreak, burutu du esanahirik gabeko aritmetika. Ekuazioaren emaitza, konexiorik gabeko lotura.

Ozeanoko distantzian ahaztua zuen interesa, haztaka nabari du orain.

2022-09-14 22:12:36 (bizhitz)

uxo

Egunari esanahi apartekorik gaineratzeko beharrik gabe, irailaren 9 batean hasi ziren zeru-lurrak belzten, itsasoa nahasten.

Bi urte eta ia bost hilabete geroago, ohetik jaiki eta Sorotan Belek abesten zuen uxo zuria agertu zitzaion.

Ez zion inoiz ezer esan, baina bere amak ere bazekien.

2022-01-30 12:11:41 (bizhitz)

zurrunbilo

pasiera ahaztuak
gorputzak badaki gogoratzen
arimak galdua duena
traba da, hondarra hanketan
ur-izkinan egin dugu topo
aspaldian ikusi gabeko laguna
urak dakarrena urak daroa
zurrunbiloari lotzen zaituen arnasa itoa
gauza txikien sinpletasuna da
pentsatu gabe igeri egitea

2021-12-31 18:51:31 (anabasa, bizhitz)